Gatzagileak

Antzina-antzinatik, XIX. mende erdialdera arte, gatzak garrantzi handia izan zuen gizakiarentzat, batez ere bere elikaduraren atal garrantzitsua baitzen eta garai hartan jatekoak mantendu edo kontserbatzeko ia modu bakarra baitzen. Halaber, animaliak elikatzeko ere dezente erabili zen. Gatz-eskaria oraindik ere nahiko altua da, hainbat industria-jardueretarako beharrezkoa baita, esaterako metalurgian eta kimikan.

Horrek guztiak azaltzen du iraganean, eskualde askotan gatzari urre zuria zergatik esaten zitzaion, eta ur gaziari zergatik esaten zitzaion “biziaren eta oparotasunaren iturria” zela. Horrez gain, askotan esaten da gaztelerazko salario hitza (soldata), sal hitzetik datorrela esaten da, hau da, gatzetik, produktu hori ordainbide gisa erabiltzen baitzen. Gatzaren salerosketa oso garrantzitsua izan da, eta munduko leku askotan gatzarekin zerikusia duten plazak, merkatuak, ibaiak eta eskualdeak daude (esaterako Salzburgo).

Gatz iturri nagusiak itsasoko ura, aintzirak eta meatzeak izan dira. Lehen kasuan, ur gazia gatzaga izeneko sakonera gutxiko putzuetara eramaten zen. Bertan ura lurruntzen uzten zen, batez ere eguzkiaren eta haizearen eraginez, ia ase geratu arte. Orduan prozedura kimikoen bitartez ezpurutasunak kentzen zitzaizkion. Bigarren kasuan, meatze-teknikak erabiltzen ziren (hobiak eta meazuloak irekitzea besteak beste), gero produktua ehotu eta bahetzeko. Gatzun erako erauzketa oso hedatua egon zen.

Gatz ekoizpena oso mugatua zen, eta gune zehatz batzuetan bakarrik pilatzen zen. Eskaria oso handia eta orokorra zenez, Estatuak gatzaren ekoizpena eta salerosketa monopolizatu eta arautu zuen. Horren ondorioz, gatza diru-iturri garrantzitsu bihurtu zen ogasun publikoarentzat.