Gatzagileak

Leintz-Gatzagako gatzagetan emakumeek egiten zuten lan batez ere. Horren testigantza ematen dute hainbat garaietako dokumentuek. Emakumeei zegokien, besteak beste egurra bildu eta garraiatzea, dorlak zaintzea eta gatza jasotzea. Lan horiek guztiak nahiko zailak ziren eta gainera lan-baldintzak nahiko txarrak ziren, lan gehiena gatzez inguratuta egin behar izaten baitzuten.

1548an 6.000 anega gatz (anega 1=55 litro) eskuratu ziren, eta horretarako 5.500 eta 6.000 egur-karga bitartean behar izan ziren. Lan-sistema eta antolamendua ia ez zen aldatu 250 urtetan. Izan ere, 1802ko dokumentu batean aipatu berri ditugun prozedura berberak aipatzen ziren, eta bertan aipatzen zen urteko 8.512 anega gatz eskuratzen zela eta “dorla bakoitzak urteko 24 aste erdi lan egiten zituela(1). 1887an, ekoizpena urteko 1.880 tonakoa izatera iritsi zen.

Denbora igaro hala, putzuko uraren maila jaisten joan zen, eta horren ondorioz zuloa sakontzeko hondeaketak eta bestelako lanak egin behar izan zituzten behin eta berriz, ura jasotzeko aukerak handiagotzeko. XIX. mendean, ondoko ubideak eragindako noria batek putzutik ur gazia ateratzen zuen, eta zortzi ildoetara isurtzen zuen.

EmakumeakEmakumeak, egurra menditik jaisten.

 

(1) Diccionario Geográfico Histórico de España, por la Real Academia de Historia. Salinas de Leniz. Madril 1802. Gran Enciclopedia Vascaren berrargitalpena.