Gauzak

Gizartean eta teknologiaren munduan ematen diren aurrerapenen ondorioz sortzen diren aldaketak ohituren kontrakoak izaten dira askotan, eta egoera harrigarriak gertatzeko bidea ematen dute, gutxienez oraingo ikuspuntutik begiratuta.

IdazkariaIdazkaria nagusiaren bulegoaren ondoan makinaz idazten. Ezkerraldean bulegari bat.

 

"Ixil poltsa"

XX. mendearen berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan gure ingurunean oso ohikoa zen asteroko soldata gutunazal baten bitartez ordaintzea, barruan sartzen baitzen "nomina" eta irabazitako dirua. Egoera horrek ez zuen luze iraun, laster hamabostero ordaintzen hasi baitzen, eta geroxeago, nahiz eta kasu guztietan horrela ez izan, hilero, likidazioa eta banku txekea emanez. Gogorarazi behar da kasu honetan ere enplegatuak gainerako langileek ez bezala likidazioa lehenago kobratzen zutela, hilabetea bukatu baino lehen.

Neurri hori justifikatua zegoen enpresentzat banketxeetatik diru kopuru handiak garraiatzeak zekarren arriskuarengatik, batez ere langile asko zuten enpresentzat. Zeregin horretaz gizonezkoak soilik arduratzen ziren. Zenbaitetan, gainera, langileek hartutako dirua galtzen zuten.

Ordaintzeko era aldatzeak, hau da diru eskura ematetik banku txeke bidez ematera pasatzeak, agerian utzi zuen langile kopuru txiki batek ez ziola emazteari irabazitako diru guztia ematen, garaian ohikoa zen bezala, eta zati bat, "ixil poltsa" izenekoa, behar pertsonaletarako gordetzen zuela.

Hainbat enpresatan gorabehera hori konpontzeko aipatutako praktika hori mantendu zen, hau da kobratu beharrekoa baino kopuru txikiagoko txeke bat ematen zen eta gainerakoa eskura ematen zitzaion interesatuari.

Jokatzeko modu hori, garai baten isla, testuinguru hartan baino ez dago ulertzerik, eta gaur egun ulertzen zaila egiten zaigu. Gogoan hartu behar da orduan emakumea zela familiaren diruaren administratzailea, urteen poderioz aldatzen joan den zeregina.

 

Erkatzea

Banketxeetan oharrak eskuz egiten zirenean, askotan beharrezkoa izaten zen kopia jatorrizko agiriarekin erkatzea, alderdi guztietan berdinak ziren ala ez egiaztatzeko.

Sukurtsal hartara tamaina handiko lehenengo fotokopiagailua, aurrerapen teknologikoen paradigma, iritsi zenean, ez eskuzko kopia egiteko ardura zuten langileek, ez eta aurrerapen teknikoen aurrean eszeptikoa zen zuzendariak ere ez zuten inolako poztasun adierazpenik egin. Gauza da makina ikusmin handiz probatu zela, eta mutur batetik kopia atera zenean zuzendariak, ohikoa zen bezala, kopia hori jatorrizkoarekin erkatzeko agindu zuela. Soilik egiaztatu zenean asmakizun hark ez zuela huts egin pentsatu zuen agian baliagarria izango zela banku sukurtsal hartan, eta ohiko "erkatua" esan zuen.

Makinak ez zuela huts egiten eta jatorrizkoa zehazki erreproduzitzen zuela behin eta berriro egiaztatu arte ez zen "erkatzea" bertan behera utzi.