Gervaisen grabatu lantegia

XX. mende hasieran, Donostia uda-pasako zona garrantzitsua zen. Bertan erosahalmen handiko gizartearen goiko klaseak elkartzen ziren, besteengandik bereiztu nahian. Horrelako erosleek erakarrita, Jose Gervais frantses grabatzailea Donostian jarri zen bizitzen 1906an, bertan lantegi bat ireki zuen, eta gaur egun oraindik irekita jarraitzen du. Gervaisek lanbidearen jakintzak grabatzaile ikasten ari ziren gazteei erakutsi zizkien. Hauek lanbidea zilar eta bitxiak grabatzen ikasi zuten.

Jose Gervais oso pertsonaia ezaguna izan zen, ez bere lanbideagatik bakarrik, baizik eta Donostian txirrindularitzaren lehen sustatzaileetako bat izan zelako. XX. mende hasieran, txirrindularitzako zale asko elkartzen ziren bere dendan.

Garai hartako artisauen kasuan ohikoa zen bezala, lana eta etxea oso lotuta zituen. Jose Gervaisek lantegia bere etxeko aurreko aldean jarri zuen, Hernani kaleko 21. zenbakian, eta etxebizitza, berriz, atzeko aldean.

XX. mende erdialdera hil zen, ondorengorik utzi gabe. Horregatik, lantegiaren buru Micaela Perurenak jarraitu zuen. Honek lantegiaren ospe eta lan-kalitatea mantendu zuen, eta hau erretiratu zenean, lantegian bere ikasle Luis Maria Lafuente geratu zen buru. Lehen esan dugun bezala, oraindik jardunean ari da lantegi eta toki berean.

Bitxigintzarako ohizko lanak egiteaz gain, Gervaisen lantegian bisita-txartelak paper menbretedunak erliebean inprimatzen ziren, 1960ko hamarkada arte klase bereizkuntza elementu bezala erabiltzen zirenak.

Kartoi mehe edo paperean nahi zen irudi edo testua erliebean jartzeaz gain, tintaz ere inprimatzean datza lan horrek. Horretarako, lehenbizi kobre edo altzairuzko plaka batean letrak alderantzizko erliebean grabatu behar ziren, eta lan hori eskuzko beranarekin egiten zuten grabatzaileek.

Tarjeta de presentaciónTarjeta de presentación de "J.Gervais. Grabador. Heraldista". Impresa en relieve sobre cartulina en su taller. El texto y toda la figura fueron grabados totalmente a mano sobre una placa de metal. (Foto cedida por L.Mª Lafuente).

Plaka altzairuzkoa bazen tenplatu egiten zen. Jarraian, grabatutako gainazala ahoz behera jartzen zen eskuzko torlojuzko prentsa eta boladun bolante batean. Plaka azpian, prentsa-mahai gainean naslika edo betun bero puska bat jartzen zen. Prentsarekin hainbat kolpe eman ondoren, plakako grabatua naslikaren gainean markatuta geratzen den, baina alderantziz. Horrela, altzairuzko plakako letrak erliebean azaltzen ziren naslika gainean. Horrela estanpa edo matrize bat lortzen zen, hoztean trinkoa geratzen zena.

Kartoi-meheko txartelak erliebean inprimatzeko, plaka metalikoa tintaztazen zen, eta gero gainetik trapu bat pasatzen zen, erlieberik gabeko gainazaletik tinta kentzeko.

Jarraian plaka prentsan jartzen zen, txartela edo papera plaka eta naslika gogortuaren artean, eta ondoren presioa egiten zen. Horrela, aldi berean letrak erliebean eta tintan inprimatuta geratzen ziren.

Bezero batzuek txartelak bi koloretan eskatzen zituzten, eta horretarako prozedura bi aldiz egin behar zen, bi tinta ezberdinekin. Beste batzuetan letrak erliebean bakarrik nahi zituzten, tintan inprimatu gabe. Horretarako grabatu sakonagoa egin behar zen, prentsarekin kolpe gehiago emanez.

Lan hori eskuz egiten zen, plaka behin eta berriro tintaztatuz eta paperak banan-banan inprimatuz. Oso teknika motela eta neketsua zen, eta ondorioz, garestia. Baina horrelako txartelak eta menbretedun paperak bakarrak ziren. Izan ere, letrak eskuz egiten zituen grabatzaileak, eta horregatik ez zen beste txartelak bezalakoa.

Era berean, Ex-libris-ak markatzeko zigiluak ere grabatzen zituzten, zigilu hauek jabearen izena erliebean markatzen zuten, eta liburu berezi edo baliotsutako lehen orrian jartzen zen zigilua.

Gervaisen lantegian egiten zen beste lan bat gutun-azaletan inizialak, ezkutuak edo sinboloak lakrez markatzeko zigiluak egitea zen. Grabatzaileek eraztun batean letrak alderantzizko erliebean grabatzen zituzten. Gehienetan, eraztun baten ordez letoizko pieza batean grabatzen zituzten, gero tinta-tanpoi baten antzeko kirtena jartzen zitzaion, batzuetan egurrezkoa eta bestetan metalezko irudi bat zena. Horrela, mahai gainean apaindura bezala ere erabili zitekeen.

Txartelak egiteko plakak lantegian bertan gordetzen ziren. Baina bezeroa udatiarra bazen, bere hirira eramaten zuen, gero han behar adina txartela inprimatu ahal izateko.

Erliebeko txartel eskaria gutxitu zenean, enkargu horiek Madrilgo Langa y Cia. lantegian egiten hasi ziren, seguru asko lan hori eskuz eta azaldu berri dugun prozesua jarraituz egiten duten azkenak.

Halaber, urte askotan, Gervais lantegiko artisauek berunezko prezintuetarako zigiluak ere egiten zituzten, kontagailu eta trenetan erabiltzen zirenak. Zigilu horiekin prezintoetan enpresaren anagrama edo bestelako seinaleak markatzen ziren.

Lantegi horretan ere, II. Mundu Gerran alemaniar marko faltsuak inprimatzeko plakak grabatu ziren. Diru faltsu hori hegazkinetatik alemaniarrek okupatutako lurraldeetara botatzen zuten, diruak balioa gal zezan.

Taller de grabado de GervaisExterior del comercio y taller de grabado de Gervais, en la calle Hernani nº 21 de San Sebastián, en 1959. A la izquierda J.L.Lafuente. (Foto cedida por L.Mª Lafuente).

 

Iturri Nagusiak

  • Pedro Satostegui Yarza  (1940).
  • Luis Maria Lafuente Setien (1941).