Gipuzkoako berezitasuna

Testuinguru horretan, Euskal Herrian bi sozietate pribatu hasi ziren telefono-zerbitzuak jartzen eta ustiatzen: Bizkaian Compañia Peninsular izeneko sozietatea eta hainbat partikular, horien artean Federiko Etxeberria.

Hala ere, XX. mende hasieratik, Gipuzkoako Foru Aldundia probintzia osorako kontzesio bat lortzen saiatu zen. Hainbat saiakera egin eta gero, 1908 bukaeran lortu zuen, baina ez erabat, Donostiako eskuzko hiri-sarea ez baitzen kontzesio hartan sartu.(1)

Gipuzkoako telefono-sarea egiteko bi urte eta 1.113.000 pezetako inbertsioa behar izan ziren. Lanetarako zazpi pertsonako sei koadrila erabiltzera iritsi ziren, bakoitza langileburu baten esanetara. Halaber, 7.000 kg “burdin galbanizatuzko burdin hari, 10.000 zutoin, 107.000 isolatzaile eta ia 21.000 langet” behar izan ziren, besteak beste.

Gipuzkoako telefono-zerbitzua 1910ean jarri zen martxan eta oso garapen ona izan zuen. Izan ere, hamarkada bat geroago, 1921ean, 1.000 biztanle bakoitzeko abonatu kopurua 15ekoa zen. Madril eta Bartzelonan 1.000 biztanle bakoitzeko 11 abonatu zeuden, Bizkaian 10, eta Araban 5 (zazpigarren lekuan). Herrialde garatuenekin konparatuta ere, emaitzak bikainak ziren. Izan ere, AEB munduko liderra zen (128), Alemania ere aurretik zihoan (25), baina Bretainia Handia eta Irlandaren pare zegoen Gipuzkoa (baita ere 15) eta Frantziako abonatu kopuru bikoitza zeukan (7), eta Italian 1.000 biztanle bakoitzeko 3 abonatu besterik ez zegoen.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari emandako esleipenek garrantzi handiagoa lortu zuten 1924an, telefono-kontzesio edo esleipen erregimena desagertu zenean eta Espainiako Telefono Konpainia sortu zenean, eta hark ustiapenaren esklusiba lortu zuenean.

Gipuzkoako erakundeak izan ziren bere eskubideak mantendu zituzten bakarrak: Foru Aldundiak 1950 arte mantendu zuen esklusiba; eta Donostiako Udalak, 1970ean saldu zizkion eskubide haiek CTNEri, mila milioi pezeten truke. Orduan, Donostia asko zabaltzen ari zen: 20.300 telefono zituen, eta 14.225 pertsonako itxaron-zerrenda. Horietatik ia 5.000 enpresak ziren.

Hasiera batean, telefonoak ezarri zirenean, nobedade handia izan zen jendearentzat, eta aparailu haiek erabiltzeko kanpainak egin behar izan ziren. Telefonoak automatizatu zirenean (1926), dokumentu bat argitaratu behar izan zen, “abonatu batek dei bat egiteko jarraitu beharreko pausoak zein diren argitzeko". Dokumentu hura irakurtzea gomendatzen zuten "horrela eragozpen ugari ekidin eta alferrikako erreklamaziorik ez egiteko".

Talefonistak

TelefonistakTelefonistak, gipuzkoako eskuzko zentral batean, 1920ko hamarkada hasieran (kutxa fototeka).

OperadoreakLehen planoan operadoreak ageri dira, entzungailua eta mikrofonoarekin, iltzea eskuan dutela, 1920ko hamarkadan (kutxako fototeka).

 

(1) Red Telefónica Provincial. Estadística y breves apuntes históricos.  Ignacio Maria Echaide. Gipuzkoako Foru Aldundia. 1922