Grabatua

Ildoak egin eta metala txirbil fin eta luzetan erauzteko hainbat modu daude: berana pultsuan erabilita edo esku bakar batekin bultzatuta. Bestela, berana mailu batekin (grabatzaile mailua) bultzatu daiteke.

Lehen kasuan, artisauak berana beste esku azpiarrekin bultzatzen du. Horrela, erremintarekin egiten duen indarra, desplazamendua eta inklinazioa kontrola dezake. Baina teknika hori menderatzea oso zaila da. Erreminta behar bezala kontrolatu eta ondo lan egiten ikasi ahal izateko, eskarmentu, irmotasun eta trebetasun handia behar dira. Teknika horri esku aide deitzen zaio Gipuzkoako armagintza eskualdean.

GrabadoGrabatzaileak ez du toki askorik behar lan egiteko. Mahai gainean burdinazko bola ikus daiteke, piezak grabatzerako orduan alde batera edo bestera begira jarri daitekeena. Bola ondoan egurrezko kirtena duten hainbat beran ikus daitezke, eta erreminta kaxan ere bai. Beranen atzean lupa handi bat ikus daiteke, grabatzaileak lan txikiak egiteko erabiltzen duena. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).

Bigarren kasuan, artisauak ezkerreko eskuarekin berana heltzen du, eta eskuinekoarekin mailuarekin kolpatzen du. Kolpeak txikiak eta kadentzia eta mugimendu geldikoak izaten dira.

Bi teknika horien bitxigintzan erabili izan dira, nahiz eta espezialitate horretan eskuzko grabatuak nahiago izan. Artisau gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dute mailu bidezko grabatua. Izan ere, metodo hori motelagoa bada ere, akats gutxiago egiten dira; esaterako, eskuzko erreminta gehiegi bultzatu eta honek “ihes egitea”, behar ez den ildo bat sortuz. Akats hori konponezina denez, ordura arte egindako lanak eta euskarriak ez dute ezertarako balio, eta kontuan izan behar da euskarriak garestiak izaten direla gehienetan.

GrabadoDomina batean izena eta data grabatzen. Artisauak beranaren ahoa zuzentzen, bolara lotuta dagoen domina gainean. Erreminta hori kontrolatzea eskarmentu handiari esker bakarrik lortzen da. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).

Grabatzaileek lan-mahaiaren aurrean eserita egiten dute lan. Piezak tresna desberdinen bidez finkatzen dituzte lan mahaian, bakoitzaren prestakuntzaren arabera. Batzuek grabatuak eskuzko berana erabiliz egiten dituzte. Horretarako 9 cm inguruko diametroko esfera bat erabiltzen dute. Bola hori egurrezko oinarri baten gainean egoten da, eta alde guztietara bira egin dezake. Esfera horrek bi plaka ditu goiko aldean. Batek zulo ugari ditu eta horrela, zulo horietan torloju bat baraila gisa jarrita, bi plakak elkartu eta banatu daitezke.

Eraztunak eta horrelako hainbat pieza finkatzeko, baraila berezi bat erabiltzen dute. Egurrezko bi ziriz osatua dago, torloju bidez estutzen dira, eta horien tartean jartzen da pieza.  Pieza handiagoak landu ahal izateko, larruzko bi kuxin antzeko erabiltzen dituzte. Bata beste baino handiagoa da, mahai gainean jartzen dituzte, eta horien gainean grabatu beharreko pieza jartzen dute. Lehen esan dugun bezala, Luis Maria Lafuentek Jose Gervaisen lantegian ikasi zuen lanbidea, eta teknika hau erabiltzen du.

Mailu bidezko grabatua egiten dutenek, besteak beste Pedro Satostegik, altzairuzko bola bat erabiltzen dute, 17 cm inguruko diametroa eta 12-15 kg pisatzen duena. Goiko aldean erreten handi bat dauka, han bi egurrezko ziri edo tornuzil-baraila bat sartzen dute (landu beharreko piezaren arabera) eta horrek pieza heltzen du. Aipatutako bola hori egurrezko hiruki formako marko baten gainean jartzen da, horrela artisauak, lanean ari hala, nahi bezala biratu ahal izateko.

GrabadoPlakak edo mahai-tresnak grabatzerakoan, larruzko kuxinak erabiltzen dira piezak finkatzeko. Irudian ikus daiteke nola grabatzen diren inizialak sardexka baten kirtenean. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).

Lan-mahai gainean, eguzki argi edo lanpara baten argipean, artisauak beranak eta bestelako tresnak ditu, denak behar bezala ordenatuak. Batzuetan, lan txikienak egiteko, oinarri baten gainean dagoen lupa bat erabiltzen dute, lana errazteko.

Grabatzaileak enkargu bat jasotzen duenean, bezeroak, gehienetan gutxi gorabehera zer nahi duen esaten dio. Inizial, data edo testu labur bat bada, zuzenean grabatzen du. Ideia konplexuagoa bada, lehenbizi diseinu edo konposizio bat egiten du, letra mota aukeratzen du, baita irudiak, apaindurak eta grabatuan izango duten lekua ere, eta ondoren dena paperean marrazten du. Horretarako, grabatzaile on batek ondo marrazten jakin behar du. Denek diote lanbidea ikasteko oso garrantzitsua dela marrazten ere ikastea.

Lana egiterakoan ez galtzeko, diseinua grabatu beharreko plakara pasa behar du. Urrezko eta zilarrezko plaketan marraztu ezin denez, artisauak plaka gainazalean plastilina geruza fin bat ematen du, eta horren gainean arkatz batekin, eta batzuetan  metalezko puntzoi batekin,  diseinua marrazten du.

Gero, grabatu beharreko plaka edo objektua euskarri batera lotzen du. Eskuzko beranarekin lan egiten dutenek, eraztunak eta bestelako pieza txikiak bolan ziri eta txabeten bitartez lotzen dituzte, edo bestela, egurrezko barailan heldu eta hau zuzenean mahai gainean jarrita. Grabatu beharrekoa plaka bat bada, zuzenean larruzko kuxinen gainean jartzen dute, horien gainean ez baita batere mugitzen. Berana eta mailua erabiltzen dituztenek, pieza bola gainean jartzen dute, eta grabatu beharreko piezaren tamainaren arabera, torlojuarekin lotzen dute, edo bestela bolari lotuta dagoen egurrezko ziri gainean finkatzen dute. Kasu horretan, lakre antzeko pasta bat erabiltzen zuten, sugar txiki batekin biguntzen zutena, eta behin hozten zenean, grabatu beharreko objektua ondo heltzen zuena.

Grabatua egiteko, lehenbizi berana esku-azpiarekin edo mailuarekin bultzatzen da, betiere poliki-poliki eta kontu handiz, akats konponezinik ez egiteko. Horrela, ildo fin eta argi batzuk egiten dituzte marrazkiaren trazuak jarraituz. Grabatu hori egin eta gero, pieza baieta batekin garbitzen dute, eta lana begi-bistan geratzen da.

Behin eta berriz egin beharreko grabatuak, mahai-tresneriak esaterako, pantografoarekin egiten ziren. Pantografoa grabatzeko makina bat da, motor elektriko batek eragindako xafla batekin dabilena. Xafla horri grabatu nahi den irudiaren eredu bat jartzen zaio, eta horrela gutxi gorabeherako grabatu bat egiten zuen. Esan beharra dago, makina hori erabiltzeko ez zela inolako espezializaziorik behar. Badaude motorrik gabeko pantografoak ere, diamantedun puntadunak. Kasu horretan, grabatuak eskuarekin zuzenean egindako presio bidez egiten dira.

GrabadoBeste pieza batzuk egurrezko sarjentu batekin finkatzen dira, eta eskuz bakarrik lantzen dira. Adibidez lakrezko zigilu honetan, artisaua inizialak grabatzen ari da eskuz. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).

Grabatzaileek, beraiek egindako eredu ugari izaten dituzte bai plastiko edo letoi zatietan, horrela era guztietako letra eta irudiak egin ahal izateko. Aipatzekoa da eredu horiek egiteko behar den eskarmentua eta trebetasuna.

XVIII. mendeko hirugarren hereneko grabatzaileaXVIII. mendeko hirugarren hereneko grabatzailea. Diderot eta D’Alamberten Entziklopedia. Mahai gainean beranak eta gaur egun erabiltzen diren beste tresnak ikus daitezke. Gaur egungo grabatzaileek ere eskuak modu berean jartzen dituzte lan egiteko. Lanbide horretako teknikak ez dira ia batera aldatu azken 200 urteetan.