Haragi hornikuntzarako enkantea 1828an

Antxon Agirre Sorondok, Oñatiko Protokolo Agiritegiko, II. saila, 2.200. orri-sorta, 195 orria eta ondorengoak, 1828an haragi hornikuntzarako egin zen enkante bati buruzko aipamena egiten du Deba aldizkariaren 32. alean.

Honakoak ziren funtsean enkante horretako oinarriak:

  1. Debako Udalak herritarrei haragia saltzeko lokal bat zeukan eta hori bertan berariaz haragia saltzeko alokatzen zuen. Errentariak haragi kopuru jakin bat eduki behar zuen beti saltzeko. Errentariak xede hori betetzen zuela ikuskatzeaz zinegotzi bat eta herrizain kaboa arduratzen ziren. Lan horretan aipatzen denez, Itziarko bizilagunek bere kabuz lortzen zuten haragia.
  2. Gehien eskaintzen zuenak errentan hartuko lokalean bertan hil behar zituen udalak agindutako animalia guztiak, bestela 10 dukateko isuna ordaindu beharko zukeen.
  3. Animaliak zinegotziek aztertu ondoren baino ezin ziren hil, horiei baitzegokien animalien osasun egoera zaintzea. Animaliak hil baino lehenago horiei deitzen ez bazieten, harakinak 10 errealeko isuna jasotzen zuen.
  4. Harakinak haragia saltzeko prest eduki behar zuen beti, eta halakorik egiten ez bazuen, zinegotziek arduratzen ziren haragia hornitzeaz.
  5. Pazko Garizuma, Jasokunde, San Roke eta Eguberrietan 36-40 erralde (ganadua pisatzeko erabiltzen zen neurria, 5 kilo ingurukoa) inguruko ganadu gizenduak hil behar zituen; beste era batera esanda, 180 eta 200 kilo arteko txekor gizendua. Urtean zehar, gainontzeko egunetan, 75 kilotik 100 kilora artekoak eduki behar zituen.
  6. Libra bakoitzean egiten zuen ontza bakoitzeko (gure inguruan ontza 28 gramokoa zen eta libra 17 hontzakoa, beraz iruzurra 28 gramokoa izango litzateke 476 gramoko, edota biribilduz, 50 gramo kiloko) iruzurragatik 20 errealeko isuna jartzen zitzaion.
  7. Haragiarekin batera ezin zituen saldu hankak, buruak eta barrukiak, bereizita baizik, eta betiere prezio finkoekin. Agindua hori betetzen ez zuenak 20 errealeko isuna ordaindu beharko zuen agindua betetzen ez zuen bakoitzean.
  8. Salgai izan behar zituen gantza, gantz urtua eta gantz-geza, baita kandela ugari ere.
  9. Baserrietan beraiek jateko animaliaren bat hiltzeko eskatzen ziotenean, 4 erreal kobratu behar zituen abelburu bakoitzeko eta 2 erreal txerri emeko.
  10. Harakinaren beharkizuna zen San Roketan danbolin-jotzaileari ordaintzea.
  11. San Blasetan eta agintariek jarri zezaketen beste edozein jaietan zezenketak egiten direnean, bere kostuz izaten zen zekorra.
  12. Kontratu hori eskribauaren aurrean egindako eskrituran jasotzen zen, eta hori ere harakinaren leporako izaten zen.

Haragia hornitzeko lokalaren enkantea 1828ko abenduaren 2an, igandea, izan zen, baina ez zen eskaintzailerik agertu. Igandean, abenduak 8, berriro egin zen enkantea, baina honetara ere ez zen eskaintzailerik agertu.

Handik hamabost egunetara, Jose Maria Arakistain alkateordeak eta Juan Bautista Gereizaeta bigarren zinegotziak honako beste sei puntuak gehitu zituzten enkanteko oinarrietara:

  • Haragi libra bat 8 errealetan salduko da urte osoan eta barrukiak horren erdian.
  • Abere handiaren buru bakoitza 3 errealetan salduko da eta gainontzekoak 2 errealetan.
  • Atzeko hanka bakoitza hiru laurdenetan eta aurrekoa bi laurdenetan.
  • Gantzezko kandela libra bakoitza 20 laurdenetan.
  • Gantz urtu libra bakoitza 16 laurdenetan salduko da eta gantz-gezarena 14 laurdenetan.
  • Harategiaren errenta kobrezko txanponaren (vellón) 60 dukat ordainduko du.

Baldintza horiekin, zalantzarik gabe hasierakoak baino hobeak, Agapito Salazarri esleitu zioten enkantea, bera izan baitzen eskaintzaile bakarra. Esleipenaren eskriturak abenduaren 20an egin ziren eskribauaren aurrean.

 

Berriemaileak

  • Rafael de Francisco. Bizkaiko harakin eta hestebetegile enpresarien elkartea.
  • Cirspín Arriola Goicoechea (1916)
  • Rosa Garrido Arias (1924)
  • Yon Bilbao Marquina
  • Ebentzi Loyola Legardi. Marquina (Neurri kordela)