Hasierako etxolatik Gran Hoteleraino

1822an, Pedro de Zeaorrortek (1) Gesalagako uren, edo denok ezagutzen ditugun Zestoako uren aurkikuntzarekin batera doan istorioa eman zuen ezagutzera: “Hazteria zuten zakurrek eta beste animalia batzuk, kasualitatez iturri ondotik pasa eta bertako uretan sartu ondoren, sendatu egiten ziren, segur aski aipatutako gaixotasuna denbora luzean pairatu eta gero”. Eta bukaeran hau dio: “Ur termalak jasotzen dituen ibai aldean harrapatutako amuarrain, aingira eta beste arrain batzuk beste alde batean harrapatutakoak baino askoz ere zaporetsuagoak eta delikatuagoak dira". Egile guztiak bat datoz aipatutako aurkikuntza garrantzitsu hori 1760an gertatu zela esaterakoan.

Handik gutxira (1774), Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lehen aldiz aipatu zituen Zestoako urak, eta hurrengo hamarkadetan haiei buruzko analisi eta azterketak asko ugaritu ziren. Nolanahi ere, 1776 bukaeran dagoeneko bazegoen bainu-etxola bat, nahiz eta 1792 arte ez zen iritsi onura publikoko uren aitorpena.

Hogei bat urte geroago, 1797ko irailan, Jovellanosek instalazioak bisitatu zituenean, oso kritiko azaldu zen (2) honako hau adieraztean: “Zestoako zubia: handik hain ezagunak diren bainuak ikusten dira, eta horiei buruz: lehenbizi, etxola bat iturri estu eta zikin batekin. Bertan gizon zahar bat txokolatea hartzen eta izerdi eskaka ari da. Gero, beste etxola bat bere gela eta sukaldearekin; eta gero, beste eskortatxo batean, beste iturri bat, bi hodiduna. Bi txorrotadak arbelezko bi uraskatan erortzen dira, erabat lotsagarriak direnak. Horiek dira bainuak: ez dute inolako estalperik, ura ez da ezta epela ere, eguzkiak pixka epeldutakoa dirudi. Manuel Lilirenak dira, mila errealetara errentan emandakoak. Bainu berriak egiteko proiektu eta planoak daude, lau mila dukatean edo baloratuak. Baina udalaren eta jabearen artean eztabaidak daude sortuko dituen irabazien jabetzari buruz. Azkenean, Lilik bere errentaren araberako kapitalaren truke saltzen du bere eskubidea. Orain erregearen eskumenaren zain daude”.

Baina Gesalagako ur mineral medizinalak kokatuta zeuden lursaileko jabeek, baita Zestoako udalak ere, argi zuten bainuen ustiapenak onura handiak ekar zitzakeela, bai gizarte bai ekonomia aldetik. Horregatik, garai hartako egoerak sortutako ohiko arazoak konpondu eta gero, bainuetxea eraikitzeari ekin zioten.

Zestoako bainuetxeaZestoako bainuetxea. XIX. mendeko litografia. San Telmo museoa, Donostia.

Obra amaitzeko urte batzuk behar izan ziren eta bainuetxe berria 1808. urtean zabaldu zen. Hurrengo urteetan hainbat eraberritze egin ziren, eta horri esker, bai hotelak bai bainuek, bisitarien aho bateko gorespena lortu zuten. Bainuak ostatuaren ezkerraldean zeuden, alboko departamentu batean. Bederatzi bainuontzi eder zituen, marmolezko zazpi eta latorrizko beste bi. Halaber, ur txorrotak, ur gezazko bainuak, berogailua eta ur sendagarriak edateko iturria ere bazituen. Bainuontzi bakoitzak bere gela zuen eta bertan bainuzainak eta bere emazteak eman beharreko zerbitzua bete ahal izateko guztia zegoen. (2)

Francisco de Paula Madrazok 1848ko udan Gipuzkoa bisitatu zuenean (3), Zestoako bainuak hainbat alditan goraipatu zituen: “Bainuetxe honek besteek ez duten gustu eta nolabaiteko nahikeria aristokratiko bat dauka".

Bainuetxe osoaren deskribapen bat egin ondoren, bainuen lokala aipatzerakoan hau adierazi zuen: “Nahi diren erosotasun guztiak ditu. Bainugelak beste bainuetxetakoak baino askoz ere ederragoak dira, sabaileihoetatik argi printza epelak sartzen dira, marmolezko ponte dotoreen gainean islatu eta gela osoari kolore atsegina emanez. Ura gardena eta usainik gabekoa da. Iturburu batean, uraren tenperatura 29 gradu Reamurrekoa da, eta bestean, 27koa."

Horregatik ez da harritzekoa Zestoatik joaterakoan honela idatzi izana: “Ilunabarreko argiak horren ongi jan eta bizi den bainuetxe eder hartatik aterarazi gintuen. Bertan ederki jan eta bizitzeaz gain, batzuetan gorputzeko minak eta ia beti arimako minak senda daitezke, eta familia asko maiz joaten direnez, denboraldi bakoitzean irabazi eder bat utziko dio".

Zestoara joaten ziren urzaleen kopurua handitzen joan zen, besteak beste 1830ean Fernando VII.aren anai bat beratara joan zelako.

XIX. mende erdialderako, Madozek (4) 800 bat urzale joaten zirela kalkulatu zuen, eta kopuru hori garai hartako beste dokumentu batean berresten da. 1898an, 980 urzalera iritsi ziren; 1908anm 2.253ra; eta 1927an, kopurua ia bikoiztu egin zen: 5.947 urzale joan ziren urte hartan.

Hala eta guztiz ere, Zestoako bainuetxean zailtasun ekonomikoak ere izan ziren. Izan ere, 1848an, Francisco de Paula Madrazok harridura handia adierazi zuen bainuetxe osoa, “tresnak eta guzti” salgai zegoela ikusi zuenean Madrileko Diario de Avisos-en.

Bainuetxea hainbat jabeen eskuetatik pasa bazen ere, handitze lanak eta hobekuntzak etengabekoak izan ziren, horien artean garrantzitsuena XIX. mende bukaerakoa. “Gran Hotela” eta inguruko pasealeku eta lorategiak egin zituzten, horrela bainuetxea Espainiako garrantzitsuenetako bat bihurtuz. Azorinek (5), XX. mende hasieran bainuetxeari buruzko ikuspegi berezia adierazi zuen. Gerra Zibila eta gero ez ziren inoiz berdintzera heldu gerra aurreko urzale kopuruak eta gainbehera 1970 baino pixka bat lehenago areagotu zen.

Bainuetxeko zumardiaBainuetxeko zumardia 1915 baino lehen (Álbum geográfico descriptivo del Pais Vascongado).

 

(1) Investigaciones analíticas y observaciones médicas sobre las aguas de  Guesalaga, comunmente llamadas de Cestona. Bilbao 1822.

(2) Diario. Melchor de Gaspar Jovellanos.1915

(3) Una expedición a Guipúzcoa en el verano de 1848. Francisco Paula Madrazo. Imprenta de Gabriel Gil. 1849 Madrid.

(4) Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España, un 000 de Ultramar. Pascual Madoz. Madrid 1845-1858.

(5) Veraneo sentimental. Azorin. Librería general. Zaragoza.1929