Hileta-arotzak

Jarduera honetako eskulangile ezagunenetako bat, Goierrin batez ere, Mateo Oiarbide Aranburu izan zen. Mateo 1903an jaio zen, Beasaingo Zuntzunegi baserrian, eta 2001ean hil. Arotz lanetan aritzen zen eta, garai hartan ohi zen moduan, era askotako lanak egiten zituen. Lanbidean Ignacio Oiarbide Erro semea (Beasain, 1945) izan zuen ondorengo; hau ere joan zen ematen zituzten zerbitzuak eskaeraren eskakizun aldakorretara egokitzen. Iñaki Oiarbide Aroztegik (1976), aurrekoen biloba eta semea bera, familiaren enpresaren lekukoa hartu zuen gaur egun eskualdeko tanatorioan zerbitzuak eskaintzen dituen Funeraria Oyarbide deituan.

Azpimarratzekoa da 1940an hasi zirela jada hilkutxa “ingelesak” erosten; hauek ilunak dira, landuak, lixatuak eta ertz borobildukoak. Haurrentzakoak ere, hauen kasuan loria meza esan ohi zen, orduan hasi ziren. 1962an martxan jarri zuten garai hartako lehen, bigarren eta hirugarren mailako hileta-elizkizunetara, beti goizez egiten ziren haietara, hilkutxa eramateko lehen automobila, eta berrikuntzek gaur egun arte segitu dute.

 

Hilkutxa egitea

Hilkutxa egiteko lana aroztegian egiten zuten. Eskulangileak zurezko oholak erosten zituen, pinu-zurezkoak normalean, eta gaztainazkoak batzuetan; ondoren behar ziren neurrietan mozten zituen, betiere hildakoaren ezaugarriak, esaterako gorpuzkera, harturik aintzat. Hilkutxaren forma irregularra zela eta, izan ere aurrealdean zabalago eta garaiagoa baitzen, burua burko baten gainean jarri ahal izateko, zatiak zertzelada horietara egokituz kolatu eta mihiztatu behar ziren.

Hurrengo lana hilkutxa barnea satin distiratsuzko ehun batez forratzea zen, eta lits batzuk ateratzen zizkioten, hurrena kolore ilunez bernizatzen segitzeko. Hilkutxa guztiek helduleku ken-ezargarriak zeramatzaten, hilerrian berreskuratu ahal izateko. Haurren kutxak eta andak zuriak ziren, eta kasuren batean urre kolorekoak.

Horrelako lanetan aroztegi bateko ohiko lanabesak izaten ziren, hala nola esku-zerrak, kurrikak, mailuak, mazoak eta arotz-mailuak, arraspak, garlopak, birabarkiak, gubiak eta hortz edo xaflak, eta baita lixak ere besteak beste, betiere hainbat mota eta neurritakoak.

1930 inguruan hilkutxak Rivadavian (Galizia) erosten hasi zen. Hauek batzuetan landuta etortzen ziren, eta goiko tapako beira jarrita.

Hilkutxen eraikuntzaHilkutxen eraikuntza. (Irudia: Yulen Zabaleta).