Historia apur bat

Zementu naturalaren ekoizpena Ingalaterran hasi zen XVIII. mendean, eta Gipuzkoan 1836 urtean sartu zuten, lehenengo karlistadaren garaian, soldadu ingelesen eskutik, Donostiako defentsak egiteko erabili baitzuten. Eta ondoren jatorri bereko langileek Iraetako (1) lantegian. Lantegi horrek garai hartan merkurioa garraiatzeko metalezko ontziak ekoizten zituen, eta zementua eraikina egiteko eta konponketetarako erabili zuten. Hori dela eta, urte gutxira bertan egiten zen.

Arroa inguruko zementu naturalaren ekoizpenari buruzko lehen agiria 1846ko martxoko data duen eskritura bat da. Bertan, “ kare hidraulikoa eta arrunta egiteko” konpainia baten sorrera adierazten da. Sortzaileak Jose Leonardo Corta, zestoarra, eta Manuel Linazasoro eta Jose Maria Zubimendi debarrak dira. Azken bi horiek harri-ikatza ustiatzeko meategia dute Irabiden, Erchina mendian, Aizarnan. (2)

Hilabete batzuk beranduago (1846-05-26) Esteban Linazasorok, Alzolaras beheko ola zaharra eskatu zuen, eta 9 urtetarako eman zioten. Ola horrek urteak zeramatzan geldirik, eta asmoa da “Olaren parean dagoen galdategiko labean egin asmo duen kare hidraulikoa birrintzea,  eta baita beste leku askotakoa ere(2) Agiri horretan bertan, karea hauts egiteko beharrezko gurpilak eta bestelako tresnak bere kontura egiteko konpromisoa hartzen du.

Iraetako burdinolan ere 1850 baino lehenago kare hidraulikoa egiten zen bertako tresneria lanbide berri honetarako aprobetxatuz.

Madotz-ek dioenez (3) 1847an, Zumaia eta Deba arteko mendiak “kare-harri heladizoaz osatuak daude, kare hidrauliko berria egiteko oso kalitate onekoa. Ur lanetan hain ondo sartu den kareharria eta ondorio harrigarriekin Italiako puzolanari aurre egin diona eta horren gainetik jarri dena”. Aipu horretatik eratorri dezakegu berria izan arren erabilera oso zabaldua zuela eta prestigioa ere irabazten ari zela, nahiz eta oraindik ere oso oinarrizko metodoekin egin, izan ere idazleak ez du inolako lantegiren aipurik egiten.

Corta y Cia-ren gutunaCorta y Cia-ren gutuna, 1902 data duena (Ion Gutiérrez Irigoienek eskainitako originala).

Donostiako kaiak hobetzeko kontrata zuen Fermin Lasala kontratistaren ordezkari batek eta Nicolas Gurruchaga Zumaiarrak 1851ko urriaren 6ko datarekin kontratu bat adostu zuten. Azken hori “beharrezko, zementu (edo garai hartan esaten zen bezala kare hidrauliko birrindua) guztia ematera behartua zegoen Gobernuarekin, kai hori hobetzeko, enkantean ateratako obra guztietan. Prezioa zen: zazpi kobrezko erreal anega bakoitzeko. Neurri hori erabiliko dute zementua zakuetan ematen denean, baina lau anegako barriketan egiten denean zortzi kobrezko erreal eta erdi izango da”. Jarraian adostu zuten  “Karea behar bezala erraustua eta ondo birrindua izan behar du, bahe finetik pasatua, garbia, bestelako hondakinik gabea, eta urarekin nahastean azkar sendotzen dena”. (2)

Zementu naturalak, egiten hasi zirenetik, oso harrera ona izan zuen, izan ere minutu gutxitan gogortzen zen eta urteak irauten zuen, inolako aldaketarik jasan gabe,eta itsasoko uraren eta ur gazien eraginik jasan gabe. Hori dela eta, kaiak egiteko erabili zen, arrakasta handiz.

Itsasoko uraren eraginari aurre egiteko gaitasun horren arrazoia, Arroa eta Ibañarrieta inguruko harrobietatik ateratako harriaren kalitatean zegoen, eta  erregaia harri-ikatza, Aizarna (4) ingurutik ateratakoa, erabiltzean ere bai, izan ere ikatz honen errautsak silize kopuru handia zuen (%50 inguru) eta beraz, propietate puzolanikoak zituen, eta propietate horiek zementuari gehitzen zitzaizkion, “250 kg zementu tona bakoitzeko, edo 12,50 kg errauts 50 kg-ko zaku bakoitzean” eta zementu naturalaren azken konposaketari %12.5 silize ematen zion. Horrek degradazioa ekiditen zuen. 

Hori guztiaren ondorioz, zementugileak ondorio honetara iritsiko dira: “Zumaiako zementua, itsasoko uraren aurrean aldaketa kimikorik ez duela izaten esperientzia luzeak ikustarazi digun zementua, aurretik aipatutako bi lehengaiekin baino ezin da egin (tuparria eta lignitoa), eta naturak horiek Zumaiako herrialde honetan ugari jarri ditu” gainera “oso etekin txarra ateratzen zaio gure tuparriari lignitoa ez den beste erregai batekin errausten bada”. (5)

Sustapen Ministerioak ((1930/2/25 agindua) Zumaiako zementua, data horietan erabiltzen ziren 6 aglomeratzaile berezien artean sailkatu zuen. Eta 29 artikuluan horrela definitzen du:

"Zumaiako zementua edo Zumaia izen hutsarekin ezagutzen dena da sendotze azkarreko zementu naturala, tuparriak erraustetik lortua, gordinean eta hotzean materialik gehitu gabea eta Zumaiako herrialde zementugilean egindakoen parekoa dena”. (6)

Eskualde geografiko txiki batean kalitateko zementu natural hidraulikoa egiteko bi lehengai horiek topatzeari esker, harrobitik ekoizpen punturainoko garraio kostuak asko jaisten dira, eta Zumaiako kaia bertan egoteak ere asko jaisten ditu igorpen kostuak. Horri esker, Arroako bailaran eta inguruan, ekoizpen honetan arituko ziren hainbat enpresa eraiki ziren, eta urte gutxiren buruan zementu ekoizpenaren gune garrantzitsua bihurtu zen. Horren adierazgarri da: “1881 urtean gune horretan 17.800.000 tona zementu ekoiztu ziren. Eta ez da obra hidraulikoetan eta gure Nazioko itsasoko kaietan soilik erabiltzen, baita Sokoa, Baiona, Burdeos eta Atzerriko eta itsasoaz bestaldeko beste hainbat lekutan ere”. (7)

Zementu naturalaren tasunak oso onak baldin badira ere, Portland-aren erabilera orokortzean gainditu ezinezko konpetentziari aurre egin beha izan zioten. Hori dela eta, garai horretan gune horretako ekoizle garrantzitsuenek –Alberditarrek- bi ekoizpen motak batera egiteko erabakia hartu zuten XX. mendeko lehenengo 30eko hamarkadatik 50eko hamarkadako erdira arte, eta jarduera horretan mende oso bat eman ondoren gune horretan jatorrizkoa eta industriaren oinarri izan zen produktua alde batera uztea erabaki zuten. Egoera berrira egokitu ez ziren gainerako ekoizleek beren ekoizpena jaitsi egin zuten pixkanaka-pixkanaka erabat desagertu arte. Jarduera hori azkena utzi zuena Uriarte, Corta y Zubimendi izan zen, 70eko hamarkadan.

Aizarnako lignito meatzeetako langileakAizarnako lignito meatzeetako langileak 1915. urtearen inguruan, zementu naturala egiten zuten fabrikak erregaiaz hornitzen zituztenak (Axun Iruretak eskainia).

 

(1) Múgica, Serapio. Geografía del País Vasco-Navarro. Gipuzkoa.

(2) Ismael Manterolak utzitako jatorrizko agiria.

(3) Madoz, Pascual. Diccionario Estadístico Histórico. IX. alea

(4) Cementos Alberdi S.A. Catálogo de imagen. 1952. urtearen ingurukoa

(5) S.A. Cementos de Zumaya. Cemento Puzolánico inalterable por las aguas de mar y por las selenitosas. Pliego General de Condiciones....  1930. urteko liburuxka.

(6) 1930eko martxoaren 17ko Gaceta de Madrid egunkaria.

(7) Goenaga, Ignacio.  Estado actual y porvenir de la industria minero-metalúrgica en Vizcaya, Guipuzcoa, Navarra y Santander... 1882. Meatze-ingeniari teknikoen Elkargo Ofiziala. Bilbo.