Historia pixka bat

Papera 105. urtean txinatarrek asmatu zutela uste da, eta handik aurrera, inperio osoan azkar zabaldu zela. VIII. mendean, arabiarrek paperaren formula sekretua eskuratu zuten eta beren eremu osoan zabaldu zuten, Espainiaraino.

Dagoeneko 1154. urtean, Xàtivan, papera egiten zen, uraren indarrez mugitutako errota eta eskuzko prozesu bati esker. Iberiar penintsulatik Europara zabaldu zen, eta pergaminoa ordezkatu zuen, garai hartan idazteko gehien erabiltzen zen materiala.

Urteak igaro ziren heinean, Katalunia papergintza-gune garrantzitsu bat bihurtu zen, eta XVIII. mendean iritsi zen gailurrera. Euskal Herrian, paperean idatzitako lehen dokumentuak honako hauek izan ziren: Nafarroako Karlos II.aren 1385eko gorteak eta 1456an Tolosan elkartu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

Hala ere, papergintza oso berandu iritsi zen Euskal Herrira. Izan ere, Antxon Agirre Sorondoren arabera, jarduera hori 1803an hasi zen Tolosan, Juan Ibarrek Alegiako Azterreka errota bekoan, probintziako lehen paper-errota jarri zuenean.

Egile berak dioenaren arabera, 1804an 58 paper bostehuneko ontziratu zituen honako markarekin: “GIPUZKOAKO TOLOSAN, FRANTZISKO JUAN DE YBAR. 1804".

Ibon Zaldua Gonzalezen (1) ustetan, lehen paper-errota Fausto de Arriagak ezarri zuen 1779an, Berrizeko Sarria auzoko Errotaeta burdinolan. Labaiburuk dio, 1781ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, manufaktura-industriak sustatu nahian, Bilbon paper lantegi bat jartzea proposatu zuela.

Usadiozko fabrikazio-prozesua eskuzkoa izango zen, ia artisaua, nahiz eta garai hartan papergintzarako makina jarraiak zabaltzen ari ziren.

Bi urte geroago, Alegiako paper lantegia inguruko Azaldegi finkara aldatu zuten, eta lehenengo errota "mota guztietako alanbreak egiteko" bakarrik erabiltzen hasi ziren.

papegintzaDiderot eta D’Alamberten arabera, papegintza XVII. mende bukaeran.

paperakPapera sabaitik zintzilik, lehortzen (Argazkia Javier Carballo 06/98)

XVIII. mende bukaeran, makina jarraiak asmatu zirenean, papergintza goitik behera aldatu zen: artisau-prozesu bat izatetik industria-prozesu bat izatera pasa zen, eta ondorioz, eskuzko lanaren kalterako. Europako beste herrialdeekin konparatuta, makina jarraiak berandu iritsi ziren Iberiar penintsulara. Lehenengoa Manzanares el Realen (Madril) jarri zuten 1840an.

Euskal Herrian, lehen paper errota, paper jarrai lantegi bihurtu zen, eta hau, Jose Manuel Brunet enpresari eta bankari donostiarraren eskutik, "Nuestra Señora de la Esperanza" paper-lantegia bihurtu zen.

Horrekin papergintzaren industrializazioari ekin zitzaion, eta sektorea asko garatzen hasi zen, bereziki Tolosaldean. Bertan, 1960ko hamarkadan, Espainia osoko paper ekoizpenaren % 60 egitera iritsi ziren.

Artisau erako papergintza garrantzia galtzen joan zen. Urangarrak izan ziren horretan aritu ziren azkenak, Berrobi errotan 1940 arte eskuz egiten baitzuten papera.

 

(1) Una introducción a la historia de la industria papelera de Vizcaya. Ibon Zabaleta Gonzalez. Artes Gráficas. Bilbao 1995.