Historioa

Zumearen eta ihiaren eskulangintzari buruz aritzeko, ezinbestekoa dugu Zumarragako Busca enpresak aipatzea; izan ere, oso garrantzitsuak izan ziren, eskualde mailan batez ere, elementu horiek lantzeko eta merkaturatzeko unean.

Gipuzkoako Merkataritza Erregistroko informazioen arabera, “Hijos de Juan Bautista Busca” “J. Busca Azpiazu y Cía.” enpresaren jarraitzailea zen. Lehen aipatua 1907ko urtarrilaren 15ean eratu zuten, merkataritzako sozietate erregular kolektibo gisa, Bernardo Zubizarreta notarioaren aurrean, “egoitza finkoa Zumarragan duela, bertan baitago lantegia bera ere”.

Bazkideak José, Antonio eta Laureano Busca Sagastizabal anaiak izan ziren, ezkondua lehena eta ezkongabeak beste biak. Kapital soziala ehun eta hogei mila pezetakoa izan zen, hau da, sozietate berrian jarritako lehendiko enpresaren balio likidoa; horretan Josék bi laurden zeuzkan, eta Antonio eta Laureanok laurden bana. Sozietatearen xedea “palmondo, ihi eta zumezko objektuak eta artikulu osagarriak egitea eta ustiatzea” zen.

Enpresa honetako langileetako hiruk, ihi eta zumearen eskulangintza enpresan bertan ikasi zutelarik, konpainia utzi eta, 1927ko irailaren 15ean, “Galparsoro y Echeverria Hnos.” merkataritzako sozietate erregular kolektiboa eratu zuten, Julio Sarasola notarioaren aurrean. Sozietate honen kapital soziala hogei mila pezetakoa zen; horietatik hamabi mila Juan María Galparsoro Aranburuk jarri zituen –hau Francisca Aristimuñorekin zegoen ezkonduta-, eta Jose Martín eta Joaquin Etxeberria Goia anaiek launa mila pezeta –hauen emazteak Justina Altzelai eta Feliciana Esnaola ziren, hurrenez hurren-. Sozietatearen xedea “zume, ihi eta muinezko objektuak fabrikatzea” zen, “industria honekin zuzenean edo zeharka lotuekin batera”.

1930eko urriaren 13an berriro agertu ziren Julio Sarasola notarioaren aurrean, sozietatean Hilario Gabilondo Mendia bazkide sartu, sozietatearen kapitala hogei milatik hirurogei mila pezetara igo, eta sozietatearen izena aldatzeko; aurrerantzean, “Galparsoro, Echeverría Hnos eta Cía.” izango zen. Kapital soziala handitu ondoren, bazkideen partizipazioak honela geratu ziren: Juan María Galparsorok 20.374,08 pezeta, Hilario Gabilondok 20.000 pezeta, eta Etxeberria anaietako bakoitzak 9.812,96 pezeta.

1970ean, Servicio Forestal Vasco-Navarro “Servofan” deituak, Papelera Echezarreta-ren mendekoak, Zerainen zeukan egur-biltegia administratzen hasi zen Pedro Mari Galparsoro, harik eta 1989an, 65 urte zituela, erretiroa hartu zuen arte. 1988 baino lehentxeago “eskulangile goren” izendatu zuen Gipuzkoako Industria, Merkataritza eta Nabigazio Ganberak.

Edurne Galparsolo Aristimuño (Segura, 1932), Pedroren arreba, ehulea izan zen. Lanbidea 16 urte zituenean ikasi zuen, etxeko lantegian, bereziki hainbat piezatarako ihia ehuntzen, Pilar Aldasorok lagunduta. Handik urte batzuetara Alegiako (Gipuzkoa) bere etxean hasi zen lan hori egiten.

Anai-arrebak joan ziren lehenbiziko eskulangintza azoka Hondarribikoa (Gipuzkoa) izan zen, 1975ean; bi urte geroago Errenterian ere izan ziren, eta urte askoan zehar itzuli ziren bertara. Gure herrialdeko beste lehiaketa batzuetan ere erakusten zituzten bai produktuak bai hauek egiteko moduak ere.

Pedro Mari Galparsoro eta Edurne GalparsoroPedro Mari Galparsoro eta Edurne Galparsoro Aristimuño eskulangileak. (Argazkia: Javier Carballo).