Langileak

Segak landu eta leuntzeko lantegiaren kargu arduradun nagusi baten esku zegoen, baina honek bi edo hiru arduradun izaten zituen bere esanetara. 1961 inguruan, 72 pertsona ari ziren lanean; 1980an 50 inguru, eta 1990ean, abenduaren 14an segak egiteari utzi ziotenean, 25 langile besterik ez ziren ari.

Pauso garrantzitsu eta zailak egiteko trebetasun handia behar zenez, langileak lantegiko beste ataletan aukeratu eta hauek ikastaldiari ekiten zioten. Piezak langile aditu baten ikusketapean egiten zituzten.

Oso ohikoa zen aldi berean langile bat baino gehiago ikastaldian egotea; askotan, baita eragiketa bera ikasten ere. Izan ere, hilabeteak igarotzen ziren lan horretan trebatzea lortu arte, eta horren bitartean, altzairu akastunak erabiltzen ziren trebatzeko. Aurrerago, benetako piezak egiten hasten ziren, baina betiere langile adituek baino askoz sega gutxiago egiten zituzten orduko.

Lantegian segak egiten hasi zirenetik 1960ko hamarkada arte, soldata lanpostuaren balorazioaren araberakoa izaten zen: Enpresaren buruak berak lan bakoitzaren zailtasuna eta horretarako behar ziren jakintza eta trebetasuna estimatzen zituen, baita egin beharreko ahalegin fisikoa ere. Horrez gain, pauso horrek fabrikazio prozesu osoan eta azken produktuan zuen garrantzia ere kontuan hartzen zen.

Kalitatea begiz egiaztatu zitekeen lanpostuetan, egindako pieza bakoitzeko gehiago ordaintzen zitzaien, eta trukean oso kalitate ona eskatzen zitzaien langileei. Kalitatea kanpotik horren erraz egiaztatu ezin zenean, adibidez metal piezak termikoki tratatzeko lanpostuetan, eragiketa horiek azken produktuan eragin handia zutenez, enpresariak nahiago zuen zuzenean soldata handiagoa ordaintzea langile horiei, eta aldi berean kalitate handia eskatzea beren lanean.

1970 inguruan, ordainsari sistema aldatu egin zen, eta garai hartan boladan zegoen kontrol eta produkzio ordainsari teknikak aplikatzen hasi ziren, nahiz eta sistema berri horrek espero ziren ondorioak ez sortu.

Langileak beren lanpostuetan zeudela kontrolatu ahal izateko, bakoitzak disko formako txapa bat izaten zuen, bere zenbakiarekin. Laneguna hastean, langileek beren fitxa irteerako kutxatilategitik atera eta sarrerakoan jartzen zuten, horrela lanean zeudela jakinarazteko. Irtetean gauza bera egiten zen, baina alderantziz.

1950eko edo 60ko hamarkada arte, langileak ingurukoak izaten ziren, gehienetan langile beteranoen semeak. Lanean aldez aurreko prestakuntzarik gabe hasten ziren, betetzen zituzten lanak ez zutelako horren beharrik.

Hamarkada hartatik aurrera, batez ere Burgosko langileak iristen hasi ziren. Denak nekazariak ziren, eta handik aurrera, eskaria asko handitu zenez, Espainiako beste nekazaritza guneetako langile asko hasi ziren jardunean. Horiek denak inongo irizpiderik gabe aukeratzen ziren.

Oro har, lantegiko segagintza ataleko lana gogorra zen. Gabi kopuru handiak erabiltzen ziren, eta denek kolpe azkarrak ematen zituzten etengabe. Hori zela eta, zarata handia izaten zen beti, batzuetan 115 dezibeliotik gorakoa. Horregatik, langileek belarriak tapoi edo kaskoekin babesten zituzten. Gorputza, berriz, larruzko amantalekin babesten zuten gehienetan.

 

Iturri nagusiak

  • Pedro Urquia (Legazpi)
  • Jose Mº Urcelay Urcelay (Legazpi)
  • Pedro Ucín ( Azpeitia)
  • Benigno Ucín Juaristi ( Azpeitia)

 

Gure esker ona eman nahi diogu Jose Luis Alvarez Gorostiaga, Iharduni, informazio grafiko ugari utzi baitigu.