Ikasketak

Grabatzaileak lanbidea ikasi egin behar zuenez, gaztedanik ikastun moduan arituko zen grabatzaile trebatu baten ondoan, hasieran lantxo errazak eginez eta, poliki-poliki, lan horien zailtasunean eta bere gain hartuko zuen erantzukizunean gora eginez.

Gubila ondo menderatzeko moduaz jabetu beharra zuten, hau da, txirbilak kanporatuz grabatuko zuten piezaren gainean tresnak hartu behar zuen posizioa eta hari eragin beharreko mugimendua; eta, esku lanean ordu luzez aritzea, beste biderik ez zegoen hori lortzeko; izan ere, grabatzaile baten esanetan, lanbidea ez da “begira egonean ikasten”. Halaber, landu beharreko azaleran testu osoa nola markatu eta banatu ikasi behar zen, modu horretan, hizki eta zenbaki guztiak modu uniformean lerrokatuta eta antolatuta geratzeko eta irudia era homogeneoan eta behar bezala jarrita uzteko.

Komeni izaten zen marrazketa linealaren gaineko klaseak hartzea eta, hala, lanorduz kanpo, lantegi bereko delineatzaileen batek, edo herri bereko besteren batek, gazteei teknika hori erakusten zieten.