Ikastaldia

1950eko hamarkadan ez zegoen galdaketan espezializatutako prestakuntza zentrorik. Horren ondorioz, ezagutzak lantegian bertan jardunean arituz ikasten ziren, eta askotan aitarengandik semeengana ere pasatzen ziren lanbideari buruzko ezagutza horiek. Ikastunei (gehienetan oso gazteak izaten ziren) ematen zitzaien lehen lanetako bat hondarrezko arrak egitea zen. Lan horretarako aglomeratzaile gisa linazi-olioa erabiltzen zen.

Ezagutzak eta eskarmentua bereganatzen joaten ziren heinean, lantegian maila handiagoa lortzen zuten. Lau urte igaro ondoren, hirugarren mailako ofizial moldekatzaile izatera iritsi zitezkeen eta postu horretan molde bakunak egiten zituzten.

Geroago, bakoitzak egindako aurrerapenen arabera, bigarren eta lehen mailako ofizial moldekatzaile izatera iritsi zitezkeen. Lanpostu horietan beraiek bakar-bakarrik edozein tamaina eta zailtasuneko hondarrezko moldeak egiteko gai ziren. Askotan, moldekatzaile onenek lanbideari buruzko ezagutza enpirikoak eta trikimailuak izaten zituzten. Gehienetan trikimailu horiek ezkutatzen saiatzen ziren, eta nahiz eta gaur egun oso bakunak iruditu, garai hartan jakintza garrantzitsua izaten ziren, aditu profesionalak gainontzeko langileengandik desberdintzen baitzituen

Horren adibide garbi bat Alberto Barreña Montes da, 1888an jaioa. 12 urte zituela hasi zen lanbidea ikasten Molinaoko (Pasaia) Luzuriaga galdategian, inolako soldatarik gabe. Handik Eibarko Funduciones Aurrera lantegira joan zen, eta aurrerago Elorrioko Berriochoa-Burdiñolara, azkenik Durangoko Fundiciones y Talleres Olma S.A-an Galdaketa-buru gisa amaitu zuen arte, Migel Leibar metalurgialari ezagunen esanetara.

Burdinurtua moldera isurtzenBurdinurtua moldera isurtzen (Jose Luis Azpirozek utzitako argazkia).