Imanol Ikutxa Aizpurua eta Patxi Mayoz Aizpurua, Aginagarrak

Oria ibaia, sakonera iraunkorra duela eta, Usurbileraino izan da nabigagarri kalatu txikiko ontzientzat (gabarrak eta alak edo “gallupak”, esate baterako) eta ez da batere sinesgarria Larramendik egindako adierazpena, hain zuzen ere XVIII. mendean Andoaineraino iristen zirela. Ezaugarri horrek ontzigintzan jarduera maila handia izatea ekarri zuen, eta, era berean, ahalbidetu egin zuen zenbait produktu garraiatzea, Bizkaitik zetozen burdin mineralak, adibidez. Berriki, beste ondasun batzuen artean, hondarraren garraioa nabarmena izan da.

Imanol Ikutxak (1936), gaztetan arraunlaria izana (bederatzi urtetan Kontxako hiru bandera lortu zituen), bere gurasoei entzundakoak gogoratuz, adierazi digu lehen ohikoa zela ontzi txiki batzuetan hondarra ateratzera. Hondar hori gero baserriko beharrak asetzeko erabiltzen omen zuten, hala nola, eraikuntza lan txikiak egiteko, ukuiluetan “azpia egiteko” eta baratzetan lurrarekin nahasteko.

Hamalau urte zituela Teodoro Añorga lasartearraren kontura hasi zen lanean. Hark alak erabiltzen zituen, hondo laua duten ontziak, gure ibaietan nabigatzeko baliatuak. Ontzi horiek 7,5 metro inguruko luzera dute, 2,7 m-ko erruna eta 0,7 m-ko altuera, eta 4 tona hondar garraiatzeko edukiera, hiru metro kubiko gutxi gorabehera. Imanol Ikutxaren lana Oria ibaiaren bokalearen inguruko hondartzan hondarra jasotzea eta Aginagaraino garraiatzea zen, itsasbehera aprobetxatuta.

Abiapuntua Aginagako Mapilleko bueltan zuten. Han antzina ontziola garrantzitsu bat izan zen, 1.300 tona (1) arteko itsasontziak egiten espezializatua. Oria ibaian zehar joaten ziren, aldeko korrontearekin, Torratxo hondartzaraino (gaur egun Txurruka izenez ere ezaguna), Orioko Oribarzar auzoan, 7 kilometro inguruko bidaia eginez.

Ontzia “polaiñatzen” (Urolan “zingan” eta Deban “xaxeuan” izenez ezaguna) gidatu eta eramaten zen, hau da, “polaiña” erabiliz. Arraun moduko tresna hori enkastratutako edo torlojuz lotutako bi piezak osatzen zuten. Bi metro inguruko luzera izaten zuen eta 15 cm-ko makurdura. Lehenengo pieza, pala, oro har 18 cm zabal eta 2,5 cm lodi izaten zen, eta bigarrenak, kirtenak, 80 mm inguruko diametroa izaten zuen. Hondartzaileak, ontziaren atzealdean zutik, ontzia aurrerarazten zuen bi eskuez arraun bakar bati eraginez, eta horretarako txandakako mugimendu azkar eta motzak egiten zituen. Arraun hori alaren atzealdeko karelaren gainean jartzen zen, lotu gabe. Zenbaitetan, pertika gisa ere erabiltzen zen bigarren mailako maniobrak egiterakoan.

Torratxora iristean, zenbaitetan ontziak hondarra jotzen zuen, “encallatu”, eta ohol bat jartzen zuten hondartzaraino. Ontzia zamatzeko eskorgak erabiltzen zituzten (eskorga horiek berrogeita hamarreko hamarkadaren erdi aldera arte egurrezkoak izaten ziren, gurpilaren burdinazko uztaia izan ezik; geroago uztaia gomazkoa izan zen), horiek eskuz betetzen ziren palak erabilita, eta alan irauli egiten ziren. Itzultzeko, ontzia hondar mendixkak erabat beteta eta ia urperatzeko zorian, aldeko korrontea izan arte itxaroten zuten, eta abiapuntuko kaira itzultzen ziren.

Egunero bidaia bat egiten zen, egun argiz, “marea hiletan” izan ezik. Bidaia bakoitzak zazpi ordu inguru irauten zuen, nahiz eta hori ibaiaren baldintzen araberakoa izan. Torratxo hondartzaraino joateko bi ordu behar izaten ziren gutxi gorabehera, eta horri “lekua hartzeko” denbora eta marea jaitsi bitartekoa gaineratu behar zitzaion, gehi “beste 45 bat minutu zamalanerako”. Itzultzeko hiru ordu behar izaten ziren. Batzuetan bi hondartzaileren artean hiru ala eramaten zituzten.

Deskarga “Aguiñako portuan” egiten zen eskuz, palen laguntzaz. Lan hori ikaragarri gogorra zen, ahalegin berezia egin behar izaten baitzen kamioiak alatik zuzenean zamatzen zirenean batez ere, desnibel handiagoa izaten baitzen (ohikoak ziren Manterola anaien kamioiak). Ahalegin fisikoaz gain, lan baldintzak ere gogorrak ziren (denbora gehiena oinutsik egon behar izaten zuten, maiz euria egiten bazuen ere zaku oihal bat besterik ez zuten gainean eramaten, eta abar).

Hondartzaileek, enpresari txikiek, garai hartan 30 pezeta inguru irabazten zuten bidaia bakoitzeko, inguruko industrian lanean ari ziren peoi espezializatuek irabazten zutena baino gehiago.

Ala egile nagusienak Jose Antonio Bereciartua, Ignacio Oliden eta Bixente Elizondo ziren. Berrogeiko hamarkadaren hasieran ontzi bakoitzak mila erreal balio zuen gutxi gorabehera. Ontzi horiek idiak (bidaia bakoitzean bat) ertz batetik bestera pasatzeko ere erabiltzen ziren, baita beste hainbat produktu garraiatzeko ere, hala nola belarra eta egurra.

Bixente ElizondoBixente Elizondo “polaina” batez (J. Carballoren argazkia).

Patxi Mayoz Aizpuruak (1939), (gaztetan arraunlaria izan zen eta Kontxako ikurrin bat irabazi zuen) gogoratzen du Oriako hondartzaileak Aginagako ibaiertzetako baserritarrak izaten zirela, eta angula biltzaileak ere bazirela. Harrigarria da hondartzaileen artean oriotarrik ez izatea. Baldintzak oso egokiak zirenean (marea, eguraldia eta abar), XX. mendearen berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hogeita bi hondartzaile arte ere ari ziren lanean Oria ibaian, baina “betikoak” hamar bat edo izango ziren. Mayozek bere lankideak gogoratzen ditu:

  • Miguel, Ramón eta Julián Picabea, “Espaldi-berri
  • Juan e Imanol Ikutza "Joselorentzo enea"
  • Antonio Manterola "Lastaola"
  • Tomás Lasa "Mapill"
  • Ramón Picabea "Mapill erreka"

Inguruan hondar gehiena eskatzen zuena Ingemar zen. Enpresa horrek marmol bloke handiak atzera-aurrerako zerretan ebakitzeko erabiltzen zuen, baita eraikuntza lanetan ere. Dena dela, informazio emaileen ustetan “hondarraren kresala ez da ona”. Inguruko baserritarrek ere hondarra eskatzen zieten.

Usadiozko alen ondoren gabarrak etorri ziren, joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Gabarrak material berekoak eta edukiera handikoak izaten ziren. Ontzi motordunei ontziei itsatsita nabigatzen zuten. 1964. urte aldera txapazkoak egiten hasi ziren eta tramankulu bat erantsi zitzaien —xurgatzailea— hondarra erauzteko. Egunean bi bidaia egiten zituzten.

Oria ibaian erauzketa lana industrializatzeko burdinazko draga-ontzia hasi ziren erabiltzen, 150 tona ingurukoa. Draga-ontzi horrek hondarra hartzen zuen barraren inguruan eta Aginagaraino igotzen zen. Han, draga bat erabiliz, hondarra deskargatzen zuen.

Ala Ortzaikako hesoletanAla Ortzaikako hesoletan (Oria ibaia) (J. Carballoren argazkia).

 

(1) Barcos del Oria. Astilleros y actividad portuaria. Selma Huxley, Romana Enparan, Lourdes Odriozolal y Cruz Apestegui. Untzi Museua. Banco Bilbao Vizcaya y Orioko Udala.