Industralizazioa

Ekoizpen prozeduraren modernizazioa etengabekoa izan zen. Zementu naturala lortzeko lantegi bereziak egin ziren.

1858/59 inguruan, Eusebio Gurruchagak, Urbieta notarioarekin elkartuta, Arroako auzoan, Azpeitiko errepidearen aldamenean, zementu naturala lortzeko lehenengo lantegia kontsideratu dezakeguna eraiki zuen. Lantegi hori irizpide industrialekin eraiki zuten, eta Nuestra Señora de los Dolores (1) izena eman zioten. XX. mendeko 30eko hamarkada arte funtzionamenduan egon zen.

Lantegi honetan erabili ziren, lehenengo aldiz inguruan harria egosteko labe etenik gabeak (2). Inbertitutako kono itxurako bi enborren antza zuten, oinarrian   eutsiak eta 4 metroko altuera zuten.  Kanpotik hormarriz eginak zeuden eta barrualdetik adreilu mazizoz jantzia zegoen. Goiko aldean kargarako ahoa zuen eta labearen azpian egositako materiala ateratzeko arku zulatu bat zegoen.

Apurtutako tuparria, harrobietatik gurdietan ekartzen zen, eta erregaietarako erabiltzen zen lignitoa edo ikatz minerala Aizarnako meategietatik. Labearen goiko aldetik txandaka botatzen ziren, 250etik 350 kiloko proportzioan sortutako zementu tona bakoitzeko. Lignitoa erretzeak sortzen zuen beroak harria egosten zuen, eta kontsumitzen zen neurrian, bi materialak labean jaitsi egiten ziren. Amaitzeko, azpiko ahotik ateratzen ziren egositako tuparria eta ikatz errautsak, biak nahastuak. 

NabeCorta y Cía-ren 1902ko gutun bateko idazpurutik hartutako erreprodukzioa. Nabea ikusten da, eta zoruan bost labe-aho, langile batzuk harri eta ikatz saskiak bertan husten ari diren bitartean. Beste langile bat materiala nahasten ari da palanka batekin. Ezkerraldera bagonetak ikusten dira, errailen gainetik harrobietako harria fabrikara garraiatzeko erabiliak (Ion Guiérrez Irigoienek eskainitako originala).

Prozedurak ez zuen etenik. Labe barruko materiala kontsumitzen zen eran, goiko ahotik berria gehitzen zitzaion, eta azpitik ateratzen zen erretakoa. 

Egositako materiala, lignito errautsekin batera, lantegian bertan jarritako errotetara eramaten zen, eta han harri borobilek, materiala zapaldu apurtu eta eho egiten zuten, hauts fin  bihurtu arte. Horrela lortutako zementu naturala, bahetik pasa ondoren, biltegietara eramaten zen (3), lantegiko beste gela batzuetara. Zementua egurrezko barriketan eta zakuetan sartuta saltzen zen.

Arroa inguruan ondoren jarri ziren lantegiek ere prozedura erraz hori hartu zuten. Denbora pasa ahala, eta XIX. mendearen amaieran, zenbait hobekuntza sartu zituzten, materialaren garraioan eta bahetik pasatzeko metodoan, baliabide mekanikoak jarri baitzituzten.  

errotaDokumentu beretik hartutako erreprodukzio honetan argi eta garbi ikusten da Agote auzoko fabrika honetako errota saileko lana. Kiskalitako harria xehe-xehe birrintzen zuten; hartara, erdiko ardatzaren inguruan bira egiten zuten pisu handiko harri-pare biribilen azpitik botatzen zuten palekin. Langile batzuk ari dira lan horretan, beste batzuk zakuak bete zementu sorbaldetan eramaten ari diren bitartean.

Etenik gabeko labeak zementu naturala egin zen denbora guztian zehar mantendu egin ziren, egiteari utzi zitzaion arte, 1950 inguru arte; eta, nahiz eta XIX. mendearen amaieran Morel motako bolak zituzten errota horizontalak ipini, egositako materiala ehotzeko, errotarriak erabiltzen jarraitu zuten beste hainbat hamarkadatan.

Errota eta bahe lanetako instalazioak lurrun makinez mugitzen ziren, gero energia hidraulikoa ere aplikatzen zen zuzen-zuzenean eta amaitzeko energia elektrikoa.

Nuestra Señora de los Dolores fabrikaren irudiaNuestra Señora de los Dolores fabrikaren irudia. 1859an Eusebio Gurruchagak sortu zuen zementu naturala egiteko Azpeitiko errepidearen ertzean. Halako zementua egiteko propio eraikitako lehenengo fabrika izan zen. Bi tximini garaiak errotak mugiarazten zituzten lurrin-makinenak dira. Eskuinaldera jabearen etxea ikusten da (Ismael Manterolak eskainitako originala).

 

(1) Ibañez, Maite eta beste batzuk. Arqueología Industrial en Guipuzcoa. Eusko Jaurlaritza-Deustuko Unibertsitatea. 1990.

(2) Ion Gutiérrez Irigoyenek utzitako jatorrizko agiriak.

(3) Bustinduy, Nicolás de. La Industria Guipuzcoana de Fin de siglo. 1894.