Industria-ekoizpena

Euskal Herrian, Gerra Zibilean, Martzial Uzin igitaiak egiten aritu zen Azpeitian. Errementarien seme eta biloba zenez, lanbidea menderatzen zuen, eta horregatik erabaki zuen bere lantegia irekitzea. Ondoren, bere enpresa sortu zuen, eta bulegoak lantegia zegoen toki berean jarri zituen. Aipatzekoa da enpresa horrek garapen handia izan duela.

1930 inguruan, nekazaritzarako makinak egiten zituen. Beste produktu garrantzitsuena are kanadiarra zen, eta hori egiteko bi sutegi, hainbat prentsa, gabi bat, hainbat zulagailu erabiltzen zituzten besteak beste; eta horrez gain, lantegian hogeita hamar langile izatera iritsi ziren. 1936an, Gerra Zibila hasi zenean, La Solanako igitaigile eta segalariak, Espainiako merkatuko hornitzaile nagusiak, alde errepublikanoan geratu ziren. Ondorioz, beste aldean tresna horien hornikuntzarik gabe geratu ziren, eta justu, alde horretan Azpeitia zegoen. Horrez gain, Bizkaiko Labe Garaietan Ciudad Realeko artisauentzako altzairu ijetzi karga bat ibilgetu zuten, eta Martzial Uzinek erosi ahal izan zuen. Aipatutako bi faktoreak zirela eta, Martzial Uzin igitaiak egiten hasi zen.

Erositako materiala, janta formakoa zen eta triangelu formako ebakidura zuen, angeluetako bat oso zorrotza zen, igitaiaren xaflaren oso antzekoa. Beharrezko luzerako zatiak moztu ondoren, pieza sutegian berotzen zen eta ertz bat gabi mekaniko baten bidez kolpatzen zen, horrela kirtena izango zen ziri zorrotz bat lortzeko.

Jarraian, xafla oraindik beroa zegoela okertzen zen. Gero, Pedrok, Martzialen semeak, Elgoibarrera eramaten zituen lineako autobusean. Bertan, Benito Unzuetaren karraka lantegian, piezen xafla zorrozten zen, Benitok horretarako zeukan makina batean. Horrela egiten zituzten igitai koskadunak, Martzialek egindako modelo bakarra. Prozesua bukatzeko, igitaiari egurrezko kirtena jartzen zitzaion. Kirten horiek Oñatin, Juan de Garaien lantegian egindakoak ziren, garai hartan euritakogile ezaguna zena. Erreminta horiek Azpeitia inguruan saltzen ziren, baita Bilboko denda batzuetan edo Gaztelako iparraldean ere.

BaserritarraBaserritarra, segarekin lanean.

1939an Gerra Zibila amaitu zenean, La Solanako errementariak Espainiako merkatua hornitzeko moduan izan ziren berriro ere, eta ondorioz, Martzial Uzinek nekazal tresna hori egiteari utzi zion.

Azpeitian, Ramon Uzinek, aurrekoaren anaiak Ondar-Azpi baserriaren ondoan zegoen familiako sutegia erabiltzen jarraitu zuen, eta bertan igitaiak egiten jarraitu zuen, gutxi gorabehera 1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkada arte.

Errementari hori nekazal tresnak egiten eta konpontzen espezializatu zen, besteak beste golde nabarrak, igitaiak, sega-hortzak eta aihotzak egiten zituen, Talleres Rugui izenpean.

Igitaiak egiteko, janta edo pletina fin bat hartzen zuten, edo, material gabezia garaian, txatarra. Materiala sutegian, edo geroago fuel-oliozko labeetan berotzen zuten, eta poliki-poliki eskuz okertzen zituzten piezak, eredu bati jarraituz. Piezak errementariaren iritzira suberatu ondoren, erremintak oliotan hozten ziren, eta eskuz bana-banan zorrozten ziren, Igeldon erositako harearri borobilak erabiliz. Harriak uretan hozten ziren, igitaiaren altzairuak berotu eta gogortasuna gal ez zezaten.

Lantegi horretan hainbat igitai modelo egiten ziren, batez ere garia mozteko erabiltzen zirenak. Tresna horiek eskualdean eta Asturiasen saltzen zituzten. Bertara trenez bidaltzen zituzten igitaiak, nahiz eta bezero gehienak lantegira bertara joan erremintak erostera.

Bere semea, Benigno Uzin Juaristi (1944), hamalau urte zituela hasi zen lanean familiako enpresan (1958), eta 1970eko hamarkada erdialdera utzi zion erabat jarduera horri.