Industrializazioa

XIX. mende bukaeratik aurrera sarrailagintzaren industrializazioari ekin zitzaion. Yale sarraila asmatzea funtsezko pausoa izan zen industria horren garapenerako.

Euskal Herrian, etorkizunean izango zituen ondorioak zirela eta, garrantzi handia izan zuen Monterrongo konteari Zaldibar auzoko Olazarra burdinola erosi ondoren, 1869an Resusta eta Bergarajauregik Arrasaten ireki zuten sarraila-lantegiak. 1890ean, Resusta eta Bergarajauregik Aretxabaletako Hijos de Echevarría Y Cía lantegia erosi zuten, eta 1901ean, labe garai bat ireki zuten Bergaran.

Urte hartan bertan jaio zen Arrasaten La Cerrajera Guipuzcoana, eta 1906an, aipatu berri ditugun lantegiekin bat egin zuen, Unión Cerrajera (1) sortuz.

SarrailagileakSarrailagileak lanean buru belarri, "Unión Cerrajera" lantegian 1910ean. Aipagarriak dira lan egiteko zuten toki eskasia eta transmisio-uhal kopurua.

Bat egin baino lehenago, bi enpresek lehen aipatu ditugun sarraila frantsesak fabrikatzen zituzten, bai ateetarako baita kutxetarako aldaeretan. Horrez gain, leiho-barrak eta hainbat burdineria mota egiten zituzten, baita metalezko beste produktu batzuk ere, garai hartako katalogoetan ikus daitekeen bezalaxe. Bat egin ondoren, Unión Cerrajerak kanpai edo borja giltzetarako sarrailak ere egiten zituzten. Fabrikazio-prozesuek erabat artisauak izaten jarraitu zuten, gutxienez 1914 arte. Baita ere aipagarria da frantses eragin garbia izan zutela bai lan egiteko moduek, tresnek baita horien izenek ere. Enpresa horrenbeste garatu zen, non 1930eko hamarkadan 1200 sarraila modelo ezberdin fabrikatzen ziren.(2)

Usadiozko sarrailagintzan, artisauek, sarrailaren kaxa egiteko puska laukizuzenetan moztutako xafla bat jasotzen zuten. Hori mozteko gillotinak erabiltzen ziren, eta jarraian, tornuzilean helduta, tolestura bat egiten zitzaien mailuz, horrela kaxaren aurreko aurpegia osatuz. Aldez aurretik,  kisketak atera eta bestelako funtzioak betetzeko beharrezko zuloak egiten ziren, eskuz eragiten zen bolantedun torloju-prentsa batekin.

Xafla hori eraldatzeko eredu zuzenak erabiltzen zituzten. Sarrailagileak modelo bakoitzerako ereduak eduki eta gordetzen zituen, eta horiek metalezko markagailu batekin markatzen ziren xafla gainean. Jarraian, zizailaz mozten ziren eta gero karraka eta leuntzeko makinarekin akabera ematen zitzaien. 1930 inguruan, eragiketa horiek eta antzekoak egiteko,  trokelak eta prentsak erabiltzen hasi ziren. Jarraian, pletina txiki bat hartu eta "U” forman tolesten zuten. Horrela, kaxaren beste hiru aurpegiak osatzen zituen uztarria eskuratzen zuten.

Xafla horri, errematxeak erabiliz, beste lau pletina txiki lotzen zitzaizkion alboetan. Pletina txiki horiek xafla hura "U" formako piezarekin lotzeko balio zuten. Bi piezak lotzeko, ingude gainean pletina txikiak mailuz tolesten ziren, bi piezak ondo heltzeko moduan. Ofizial sarrailagileak berak egiten zituen errematxeak sartzeko zuloak. Horretarako, zulagailu bat erabiltzen zuen, lantegiko transmisio orokorrera lotuta zeuden polea eta uhal bidez eragiten zena. Horrez gain, eredu edo txantiloi asko erabiltzen zituzten. Jarraian, sarrailaren barne-mekanismoa osatzen zuten piezak muntatzen zituzten, batez ere kanpai motakoak. Gero buloiak, kisketak eta malgukiak jartzen ziren, karrakaz behar bezala ahokatuz, denak ondo funtziona zezan.

Kaxa heltzeko, bertako tapa edo estalkian estoke izeneko ziri zilindrikoak jartzen ziren, ziri horiek kaxa barnetik zeharkatzen zuten. Ertz bat bestea baino finagoa zuten, ziri formakoa, eta ingude gainean, mailuarekin kaxara errematxatzen ziren. Estokearen beste ertza kaxa barruan hariztatzen zen, torloju bidez.

Muntaian eragiketa asko egin behar izaten ziren. Askotan, artisauak, erabat muntatu gabeko sarrailak leuntokira eraman behar izaten zituen, bizarrak kendu eta aurpegiak leuntzeko, baita nikel nahiz letoi galbanizatuzko bainuetan sartzeko edo pintura geruza bat emateko. Pauso horiek bukatu eta gero, sarraila erabat bukatzen zen.

Eskarmentuari esker, teknologiak aurreratzen joan ziren, baina berrikuntza aipagarrienak “Union Cerrajera"-ko teknikariek  feria nahiz erakusketetan ikusitakoaren ondorioz ezarri ziren. Horrez gain, beste herrialdeetako aurrerakuntzak ere aplikatu zituzten lantegi hartan.

 

(1) Arqueología Industrial de Gipuzkoa, Maite Ibáñez et al. Deustuko Unibertsitatea. Deiker.

(2) Historia de Unión Cerrajera, Iñigo Agirrek egindako lan paregabea, argitaratu gabea.