Industriaren bilakaera

José Antonio Azpiazuk (1), bere ohiko zorroztasunaz dioskunez, “XV. mendearen hondarretan, burdinarekin zerikusi zuten jardueretan nekazaritza eta abelazkuntzan aritzen ez zirenen %40 inguru aritzen ziren. Burdinaren jarduera horiek aberatsak eta ugariak ziren, hala nola: errementariak, zartagin-egileak (San Millan kofradia eratu zuten), aizkora-egileak, galdaragileak, sarrailagileak, armaginak, gezi-egileak, ezpatagileak eta sastakai-egileak, besteak beste”. Lehen mailako jardueretan ari ziren asko ere industria honekin zerikusi zuten zereginetan aritzen ziren horretarako denbora zutenean.

Juan Madariagak (2) hasiera batean honakoa esaten badu ere: “XVIII. mendeko biztanleriaren erroldak ez dira oso fidagarriak, lanbide taldeak kontatzeko erabili ohi den prozedurari dagokionez”, gero zera gehitzen du“1787ko erroldak erakusten duenez, artisautza eta fabrikazioa askoz ere handiagoa da Oñatin Gipuzkoan baino (jarduneko biztanleriaren %6,5 aurrenekoan eta %5,2 bestean). Nekazaritzaren sektoreari begiratuz, adieraz daiteke, sektore hori oro har handiena bazen ere, Oñatin Gipuzkoako beste edozein eskualdetan baino jende gutxiago ari zela: Oñatin nekazaritzan ari zirenak jarduneko biztanleriaren %55,8 baino ez ziren; Gipuzkoa osoan, ordea, %71,7”. Ikerle berak (3) dioenez, XIX. mendean garrantzitsua zen Oñatin iltze fabrikazioa, eta gehitzen du 1860. urtean ehunetik gora zirela jarduera horretan ari ziren ofizialak.

Pascual Madozek (4), aldiz, XIX. mendearen erdialdeko Oñatiko datuak ematerakoan zera dio: “3 burdinola daude eta 2 gabi, burdina urtua era askotara lantzeko; herrian eta auzoetan badira, halaber, anitz sutegi iltzeak, ferrak, sarrailak, ingudeak eta nekazaritza eta hainbat lanbidetarako behar diren tresnak egin eta nazio barruan zein itsasoz haraindiko lekuetan saltzeko; larrua ontzeko fabrikak ere badira, bertoko txurra ardiaren artilezko mantak eta marragak egiteko ehundegiak, edota etxerako ehunak egitekoak, baita irina egiteko 23 errota ere; auzoetan nekazaritza dute lanbide edota teilagintza eta Araozko harrobia. Mende honen hasieran fanderia bat ireki zuten, gaur egun aztarna eta hondakin batzuk baino gelditzen ez badira ere”.

SardeakOhiko zurezko sardeak narra baten kontra jarrita (Carmelo Urdangarin. 06/2001).

Nicolás de Bustinduy y Vergarak (5) Gipuzkoako XIX. mendearen amaierako industriak aipatzerakoan, Garay eta Arregui pospolo fabrika (Olalde antzinako burdinolaren gainean eraikia) eta París iltze fabrika nabarmentzen ditu, baita Elorza e Hijo altzairuzko palak, baserrirako lanabesak, forjarako eta galtzatzeko altzairua egiten zituena ere. Azken lantegi horretan, 1877an irekia, 70 langilek lan egiten zuten, eta egunean 500 kg “ultze eta puntapaixa” egiten zituen, 400 pala, 200 pikatxoi, 100 aitzur, 50 mailu eta ferrak (500 kg egunean), baita “nekazaritzarako trenbide lanetarako edozein motatako erremintak” ere. Juan Madariagak (2) dioenez, konpainia horrek lehia gogorra egin zien ohiko oñatiar iltzegileei.

Aipatutako enpresa horietaz gain, baziren “garrantzi txikiagoko beste batzuk ere, hala nola, Simón Arrue, El Olivo markako aizkora, mailu eta bestelako erreminta batzuk egiten zituena; kobrezko pertzak egiten zituen Alberdi y Compañía; iltzeak egiten zituen Ugarte y Compañía; larrua ontzeko Arrazola y Compañía; saskiak egiten zituen Tomas Lascurain; teilak eta adreiluak egiten zituen Urcelay y Compañía; baita beste lantegi txiki batzuk ere”.

Burdinazko produktuen fabrikazio tradizionalak gauden garaietaraino iraun du. Gaur egun aipagarria da Garaitarren kasua: hasiera batean pospoloak egiten bazituzten ere, jada aipatu dugun bezala, aterkien armazoiak egiten hasi ziren 1921ean, eta altzairuzko tutuak 1926an. Industriaren 1975eko erroldan 29 enpresa industrial agertzen dira, eta horietan nabarmenak dira edozein motatako erremintak egiten dituztenak eta tutuak, sarrailak, pilak eta linternak, hala nola etxeko tresna elektrikoak eta eraikuntzako materialak fabrikatzen dituztenak. 1988an eskuko erremintak egiten zituztenek eratutako Herramex (jarduera horretan espezializatutako enpresak biltzen dituen elkartea) elkarteko bazkide ziren Altuna Hnos., Mugarza Ugarte y Cía eta Onraita. 

 

(1) Sociedad y vida social vasca en el siglo XVI. Mercaderes guipuzcoanos. José Antonio Azpiazu Elorza. Fundación cultural Caja de Guipúzcoa.

(2) Historia de Oñate: siglos XIV-XIX. Transformaciones sociales y culturales en el tránsito del antiguo régimen a la contemporaneidad. Juan Madariaga Orbea. Universidad del País Vasco. Historia. 1999.

(3) El contexto de la integración de Oñati en Gipuzkoa: población, economía y sociedad en Oñati eta Gipuzkoaren bategitea, 1845, Donostia 1986

(4) Diccionario geográfico estadístico-histórico de España y sus posesiones de ultramar, por Pascual Madoz - Tomo IX (Guipuzcoa). Madrid 1847.

(5) La industria guipuzcoana en fin de siglo. Reseña de las industrias fabriles más importantes, por Nicolás de Bustinduy y Vergara. 1894. San Sebastián.