Eskulagilea

Natxo Kareaga de Diegok (Bilbo, 1957) bere jaioterrian egin zituen oinarrizko ikasketak, goi batxilergoa eta UBI. Garai hartako sarrera-proben bitxitasunaren eraginez Arte Ederretako Fakultatean sartzerik izan ez zuenez, Goi Mailako Teknikari titulua lortu zuen arotzerian, eta azken hemezortzi urteak bere kontura egin ditu lanean.

Bokaziozko eskulangilea da, txikitatik marrazkilari ona, eta gaur egun ere lantzen du bere esku hori, pintura eta eskulturarekin batera. Zuraren lanketari buruzko ikastaroak egin ditu, besteak beste Debako Arte Eskolan, eta fosilak biltzeko zaletasuna ere badu.

 

Baliabideak eta produktuak

Eskulangileak berrogeita hamar bat metro koadroko lantegi bat dauka, beste handiago baten zati. Laneko mahaia ikus dezakegu bertan, eta apalak, lanean erabiltzen dituen materialak eta tresnak, esaterako pintzelak, bertan jarrita daudela.

Aurreratu dugun moduan, Natxok ahalik eta modurik zehatzenean kopiatzen ditu Ekain eta Altxerriko irudiak, zaldiak, bisonteak eta ahuntzak, besteak beste. Bere dokumentazioaz gain, Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratutako argazkiak eta lanetako batzuk dauzka, Jesus Altunarenak bereziki.

Artista bere sorkuntza garatzen hasten denean, iragana kopiatzeko/birsortzeko teknikak eguneroko bizimoduan erabiltzen diren objektuetan aplikatzen ditu.

Natxo Kareaga

 

Erabiltzen dituen materialak

Erabiltzen dituen materialak oso garrantzitsuak dira egiten dituen kopien kalitatera begira.

Ekain eta Altxerriko haitzuloetan pintatutako animaliak kopiatzeko erabiltzen duen euskarria, harria alegia, Alemanian eskuratzen du, Bavaria inguruan; Jurasikokoa da, eta eskuz ateratzen dute. Harri piezak neurriz desberdinak dira, 30 x 30 cm ingurukoak baina, eta 1 cm lodikoak, azal leuna dute, eta porositate eta egitura egokia halaber, Ekain eta Altxerriko haitzuloetako hormen ahalik eta antzik handiena lortzearren.

Natxok gogorazten digunez, “Goi Paleolitoko artistek erabiltzen zituzten kolore eta osagai bakarrak ez baziren ere, okreek hori, gorri eta nabar sorta oso bat ematen zuten, eta beltzak lortzeko manganesoa eta ikatza erabiltzen zituzten”.

Benetako “pintura errezetak” sortu zituzten, pigmentu horiek buztin, kuartzo xehatu edo beste materia batzuekin nahastu, edo kolorea aldatzearren tenperatura handiak aplikatu zizkietenean.

  • Marroia: Hematitea + kuartzoa
  • Gorri bizia: Hematitea + kaltzita + dolomita
  • Larua: Goetita + kaltzita + dolomita
  • Beltza: Ikatza (egurra, hezurrak)

Ikatza eta okrea zuzenean erabiltzen zituzten klarion edo lapitz gisa. Okrea, uretan disolbatuta, hatzez, eskuz edo larru finezko tapoi edo purtzupiltxoz ematen zuten. Hegazti-hezur batetik zehar putz eginez ere aplikatzen zuten, gaur egun aerografia esaten zaion teknika berezi hori sortuta.

Gaur egun normalean erabiltzen diren lau pigmentuak (beltza, marroia, beixa eta horia) oso garrantzitsuak dira. Lehena lortzeko manganesoa erabiltzen da, edo bestela ikatz-ziri batez ordezkatzen da. Marroi ilun edo gorrixka lortzeko, Natxok buztin-lurra birrintzen du; garai batean, baina, eros zitekeen Donostiako drogeria espezializatu batean. Beix horixka lortzeko abiapuntua limonita da, baina baliteke animalia-gantzetatik ere lortzea; eta, azkenik, horia dendetan eskura daiteke.