Iraganeko istorioak

Iraganean, organisten izendapenek liskar asko sortu zituzten. Erregearen eskuetan zeuden elizetan, organistak abesbatzak berak aukeratzetik, elizaren ordezkariek aukeratzera pasa zen.

Aldaketak XVI. mendetik aurrera hasi ziren. Leon X. aita santuak, Frantziskotarren elizetan “hori eskatzen zutenek" lurperatzeko baimena eman zuenean.

Baimen horren harian, auzi asko egon ziren parrokia askorekin. Izan ere, horrelako ehorzketa eta hileta-elizkizunekin, 1., 2. eta 3. mailako hiletak egin zitezkeela ulertu zen, eta parroki-kabildoei ez zitzaien batere ondo iruditu.

Lekaide edo erlijiosoen postuen artean abesbatzako bikarioa zegoen. Bikario hori hasi zen organoa jotzen, edo bestela, organista izendatzen. 1. mailako hileta-elizkizuna zenean, familiak 10 edo 12 anega ogi emateaz gain, komentu sarrera idi parea jarri eta horregatik 200 erreal ordaindu behar zituen. Horrez gain, organistari bi txokolate-ontza eta ardo botila bat eman behar zizkion. Oroipenak egiten zirenean (igandetan edo jaiegun goizetan, bi aldiz), organistari, elizkizunean parte hartzeagatik, ardo gorri botila bat ematen zitzaion ordain gisa.

XVII. mendean, ohikoa zen Gipuzkoan organistak jauntxoek izendatzea. 1617an, Martin Abendaño Zabala, Olasoko jauna eta bertako San Bartolome elizako jabe bakarra izanik, Garateko Blasio Abad izendatu zuen organista, bi urterako. Kargua hartzeko ospakizunean, kontratua parrokiako onuradunari aurkeztu behar zitzaion, eta honek, eskribauaren aurrean, organoaren giltza ematen zion organistari. Jarraian, organista berriak organoa ireki eta jo egiten zuen, handik aurrera kargua arituko zela adieraziz (1).

Garai hartako sinatzen ziren ohiko kontratu bat, 1644an Irungo Irantzu Unibertsitatean sinatutakoa izan liteke. Kasu horretan, parrokiako etxezain eta jabeek, Joanes Berrotaran izendatzen dute organista. Sei urterako kontratua egiten diote, eta organoa "Pazko egun guztietan, igandetan eta jaiegun garrantzitsuetan" jotzera behartuta dago. Organoa jo behar zuenean, meza eta bezperetara garaiz iritsi behar zen. Lan hori egiteagatik, urteko 60 dukat ordaintzen zizkioten: 30, zilarrezko txanponetan, eta beste 30, kobrezko txanponetan.

Era berean, ugazabak eta organistek honakoa erabaki zuten: parrokian organoa jotzen zuen hileta eta ehorzketa guztietan, elizkizuneko onuradunek jasotzen zuten gauza bera eman behar zitzaiola organistari. Horrez gain, organistak edo izendatutako pertsonak, abuztu inguruan, inguruko baserrietan eta Irungo Irantzu Unibertsitatearen etxeetan artoa eta garia eskatzeko eskubidea zuten. Izan ere, gainsoldatatzat jo zitekeen. Bestalde, ugazabek, hitzartutako denboraldi horretan, beste organista bat kontratatu zezaketen, hori soldata gutxiagoren trukean lan egitera prest bazegoen, edo organo-jole abilagoa bazen. Baina organistari ezin zioten soldata inola ere jaitsi. Bestalde, hitzartutako sei urte horietan, Joanes de Berrotaran parrokia horretako organista izatera behartuta zegoen, eta ezin zuen lanpostua utzi, nahiz eta beste lekuren batean soldata hobea eskaini (2).

Duela 250 urte baino gehiago, ordurako bazeuden arazoak organisten soldata urriak zirela eta. Izan ere, 1731an, Oxirondoko Santa Marina parrokia-elizak ez zuen diru nahikoa organista bat mantentzeko. Hori zela eta, Manuel Elkoro eta Migel Ignazio Urdangarinek, Kalagorriko Apezpikutzari baimena eskatu zioten, eliztar batek testamentuan utzitako dirua horretarako erabili ahal izateko. Herentzia zorrik gabeko baserri bat zen, urteko 70 dukateko errenta zuena. Diru hori, “eskukoa eta segurua” zela zioten, eta nahiko diru zen, ospe handiko organista bat kontratatzeko modukoa (3).

1773an, Andres Arruti, Errezilen jaioa eta Kalengoengo San Bartolome eta Elgoibarko Olaso parrokietako organistak, "lehen letretako haurren eskolako maisu" izateko frogara aurkezteko aukera izan zuen. Soldata (150 kobrezko dukat urtean), oso kopuru erakargarria zen, organista gisa irabazten zuena baino askoz ere gehiago zen eta ondorioz, bere familia hobeto mantendu zezakeen. Aurkeztu zirenen artean, lehen postua lortu zuen eta ondorioz ez zuen inolako zalantzarik izan organista postua utzi eta maisu lanpostua hartzeko (4).

1752an, aurrekaririk gabeko erabaki bat hartu zen: Elgoibarko Santa Klara komentuan, emakume bat izendatu zuten organista. Garai hartan, monjek erlijio-kantuak erakutsi eta zuzentzeaz gain, elizkizunetan organista gisa aritzeko pertsona bat behar zuten. “Kantabriako Probintziako Apezpikuaren baimena” lortu ondoren, Iruñeako Agustina Ignacia San Nicolás Inda izendatu zuten organista. Neska "bere aitarekin iritsi zen, 24 urterekin, oraindik adingabekoa baitzen". (Garai hartan, adin-nagusitasuna 25 urterekin lortzen zen).

Organista berriak, belo beltzeko moja gisa, “bere bizitzan egunero", bi elizkizunetan lan egiteko konpromisoa hartu zuen: kantari eta organista gisa, kantu laua eta organoko kantua gainontzeko mojei erakusteaz gain, nahi zuen mojari “organoa jotzen" ere erakutsi behar zion. Bere komunitateari zerbitzu on bat emateko, bere esku zegoen guztia egin behar zuen. Konpromiso horren bidez, organistak ez zuen moja-saria ordaindu beharrik izan (garai hartan, erlijio-komunitate batera sartu nahi zuen neskak, moja-saria ordaindu behar izaten zuen). Horrez gain, Abadesa Nagusiak 10 dukat ordaindu behar zizkion urtero (5).

Mende bat baino gehiago igaro ondoren, 19 urteko nobizia bat izendatu zuten organista gisa. Maria Kruz Brigida Olabegoitiak, Berrizen jaioa, ez zuen moja-saria ordaindu beharrik izan komentuan sartu zenean. Koruko moja, belo beltzekoa eta organista izango zela zin egin zuen, eta lan horretan leialki arituko zela.

Kasu horretan, abadesa nagusiak ez zion soldatarik ordaintzen urtero, baina koruko beste moja guztiak bezala jantzi zedin, arropak emango zizkiola agindu (6).

Simon ArtolazabalSimon Artolazabal, Antzuolako organista, seguru aski jardunean jarraitzen duen organista zaharrena.

Benito EtxabeBenito Etxabe, San Migel de Artadi elizako organista (Argazkia Javier Carballo, 1991).

 

(1) Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa. L-1-1362. 1617ko otsailaren 2a.

(2) GPAH L-1 – 1.418, 58. orria.

(3) GPAH L-1 – 538, 217. orria.

(4) GPAH L-1 – 1713, 1. orria.

(5) GPAH L-1 – 1.692, 113. orria.

(6) GPAH L-1 – 4.437, 233. orria.