Irrati telegrafistak

Espainian irratitelegrafiaren hedapenak prozesu geldoa izan zuen. Aurrean aipatu dugun 1908ko urtarrilaren 24ko Araudiaren indarrez jarri zen abian lehen zerbitzua, betiere Estatuko monopolio gisa. 1911n eman ziren lehen urratsak haririk gabeko Telegrafoen Konpainia Nazionala sortzerakoan, baina ez zen operatibo egin 1917 arte, orduan izan baitzen Espainiako irratitelegrafiaren pizkundea. Telegrafia optikoaz zein elektrikoaz baliatzen ziren seinale-dorreak kostako estazio irratitelegrafikoen aurrekaritzat jo daitezke, horiek jaso eta banatzen zituztelako itsasontziek igorritako mezuak.

Carlos Alonso Mendizabalek (Donostia, 1932) merkataritza itsasketa ikasi zuen Coruñan; ondoren, kanpaina batzuk egin zituen Ternua eta Groenlandiako itsasoetan PYSBE etxearentzat. Bi nobela zoragarri (1) idatzi ditu itsasoko gaiei buruz eta oso ondo ezagutzen du bakailao arrantza.

Carlos Alonso Mendizabalen arabera, iragan mendeko berrogeita hamarrekoaren bigarren erdian zehar, PYSBE Correos y Telegrafos erakundeko irratitelegrafistak hartzen hasi zen. Horiek askotan "bakailao kanpaina egiteko ontziratzen ziren, lortuko zuten soldatak lehorrean irabaziko zutena baino askoz ere handiagoak zirelako. Baina, itsasoan bete behar zituzten laneko baldintzak eta lehorrean funtzionario gisa zeuzkatenak oso bestelakoak zirenez, askok itsasoa utzi eta lehorrerako bidea hartzen zuen.

Profesional hauek ofizial kategoria izaten zuten eta mezuak igortzeko gailuak lehorrean erabiltzen zituztenen antzekoak izaten ziren. Hala ere, distantzia txikietan (15/20 milia) irratiz (telefonia edo fonia) komunikatzen ziren. Komunikazioa isilean gordetzeko, klabe batzuk erabiltzen zituzten, 15 egunetik behin aldatzen zituztenak. Nolanahi ere, lehian ziren beste enpresa eta itsasontziek larten jakiten zuten zeinek zein gako erabiltzen zuen.

Teorikoki irratitelegrafistek egunaren 24 orduetan lan egiten zuten, baina ohiz gauez atsedena hartzen zuten, "gauez jardun telegrafiko gutxiago egoten zelako, baina irratia piztuta betiere, irratizko oharren bat jasotzen bazen edo".

Irratitelegrafisten betebeharrak ziren egunean bi aldiz adierazpen meteorologikoa jaso eta kapitainari eskuratzea. Baina, behe presioak eta urakanaren arrastoak agertzen zirenetan adierazpen meteorologiko hori behar zen guztietan eraman behar izaten zioten kapitainari, baita icebergak agertzen zirenean ere; halakoetan gainera horien kokapenaren berri eman behar zioten ontziko buruari. Enpresa bereko beste ontzien berri jasotzea ere irratitelegrafisten lana zen; horiekin harremanetan jarri eta lortutako arrantzaren datuak eman behar izaten zizkioten enpresako zuzendaritzari, betiere lehen aipatu ditugun klabeak erabiliz. Itsaso zabalean arrantza lekuetan ikusten zituzten ontziei buruzko informazioa ere jaso eta eman behar izaten zuten, non zebiltzan, eta abar. Konpainiako zuzendaritzak emandako aginduak ere jasotzen zituzten eta horiek hartzaileengana eraman, eta Ternuko portuetako kontsignatarioei jakinarazi behar zieten portura noiz iritsiko ziren eta zer hornidurak behar zituzten: elikagaiak, sareak, ura, gatza eta gasolioa. Derrigorrezko isiltasun denborak gorde behar zituzten, hau da, ontziko erlojuko gune gorriak: 15. minututik 18. minutura eta 45. minututik 48.era. Tarte horiek gorde behar izaten zituzten irratietako frekuentziak ez saturatzeko eta libre uzteko itsasontziren batek S.O.S. bidali behar bazuen edo. Ontziko arrantzaleek bidali nahi zituzten telegramak bidaltzeaz ere arduratzen ziren, betiere gastuak kobratu ondoren.

Irratitelegrafistek lan baldintzarik egokienean zaindu behar zituzten ekipoak, eta bateriak beti beteta egoteaz arduratu behar izaten ziren.

TelegrafistakTelegrafista militarren formazio bat 1908. urtean. (Jon Gutiérrezek utzitakoa).

Alex Turrillas Aranzeta (Deba, 1953) itsasoko irratitelegrafista izan zen hamabi urtez (1976-1988), ia beti erbesteko konpainietako zamaontzietan.

Itsasoratu baino lehen irratitelegrafista titulua atera behar izan zuen, edota bere agirian agertzen den moduan "Oficial Radioelectrónico de la Marina Mercante" titulua.

Garai hartan ikasketak egiteko PREU (garai hartako unibertsitaterako sarrera) edo UBIa lortu behar izaten zuten. Itsasketa Eskola Ofizialean Morse hizkuntza, Elektronika, Elektrizitatea, Nabigazio sistemak, Metereologia, Ingelesa, Ontzi Teoria, Itsas Legeria, eta abar ikasten bi urteko ikasketak egin ondoren, eta titulua lortu ondoren, praktikak egin behar izaten zituzten derrigorrez: itsasontzi batean gutxienez sei hilabete nabigatzen.

Merkataritza itsasketako irratitelegrafistak, bai itsasontzietakoak bai kostako irrati estazioetakoak, uhin ertain eta motzeko igorgailuak eta hargailuak edukitzen zituzten bai telegrafiarako zein telefoniarako, baita VHFeko irrati-igorgailuak ere.

Itsasontzietan komunikazio aurrerakuntzak erabiltzen hasi ziren, eta garai batean gailu telegrafiko ("La Chicharra" argotean) bidez funtzionatzen zuten ohiko Morse hizkuntzako igorgailuak eta satelite bidezko komunikazio sistemarik aurreratuenak elkarrekin batera erabiltzen ziren.

Alabaina, lehorreko telegrafisten eta itsasokoen artean alde handiak zeuden batez ere laneko baldintzei dagokienez.

Itsasontzien nabigaziorako ezinbestekoak diren ekipoetan (igorgailuak, hargailuak, radarrak, gonioak, antenak, eta abar) gertatzen diren matxurak konpontzen jakitea eskatzen zen, itsas zabalean ere gerta zitezkeelako matxurak.

Inguruabarrak arriskutsuak zirenez, jarduera hau arautzeko erregelamendu eta araudi guztiek honakoa eskatzen zuten "irratitelegrafistak bere kargura dauden nabigazioaren laguntzarako ekipo guztiak mantentzen eta konpontzen jakin behar du", eta horretarako erreminta eta ordezko pieza guztiak eduki behar zituzten.

Profesional hauei erantzukizun handia zegokien, batez ere nabigatzerakoan arazoak sortzen zirenean. Ekaitzen indarra, abiadura eta norabidea irratitelegrafistek jasotzen zituzten parteen bidez jakiten zituzten itsasontzietako kapitainek, eta informazio horrek itsasoan berezibiziko garrantzia du, batez ere ibilbidea erabaki behar denerako.

Irratitelegrafisten lana, halaber, oso garrantzitsua da ontziei sorospena emateko orduan, premiatasun mezuak jasotzerakoan eta itsasoko trafikoaren segurtasunean. Eginkizun garrantzitsua betetzen dute, berebat, itsasontziko kapitainak, armadoreak eta "charterer"ek elkarrekin dituzten harremanetarako mezuak jaso eta igortzeko.

Morse hizkuntzan egiten diren komunikazioei dagokienez, irratitelegrafista beteranoek adierazi digute, jasotzen zituzten mezuetan igorlearen izaera, jokaera eta humorea antzematen zituztela. Gertakizun bitxia hori, kontuan izan behar baitugu mezua, izatez, irrati frekuentzian bidalitako zeinu akustiko batzuen multzoa izaten zela, eta hori puntu eta marraz itxuratzen zela.

Zortzi orduko guardiak egin behar izaten zituzten sorospen deietako nazioarteko frekuentzian (500 Khz), eta ordu libreetan alarma automatikoko ekipoak piztuta utzi behar izaten zituzten frekuentzia horretan, larrialdian egon zitekeen itsasontziren batek bidalitako sorospen deiak jaso ahal izateko.

Merkataritza itsasketako irratitelegrafistek ofizial maila izaten zuten lanbide kategoriari dagokionez. Uniformeak janzten zituzten eta bere mailari zegokion kategoriako bereizgarriak. Kapitainaren agindu zuzenak baino ez zituzten jasotzen. Zin egiten zuten jasotako eta igorritako mezuen edukia sekretupean gordetzeko.

XX. mendeko hirurogeikoan, antzeko lanean lehorrean ari ziren langileek baino hiru edo lau bider gehiago irabazten zuten. Asko izan dira irratitelegrafistak hegazkin-kontrolatzaile bihurtu direnak lanak nahiko antzekoak direlako, betiere aldez aurretik prestatu eta egokitzeko ikastaroak egin ondoren.

Alex Turrillas AranzetaAlex Turrillas Aranzeta Liberiako banderadun "ARGUS CARRIER" itsasontziko irrati estazioan, Santostik (Brasil) Aqabah-rako (Jordania) ibilbidea egiten. Turrillasek adierazi digunez, ontzi honek 2.500 ibilgailu eta 2.000 edukiontzi prezintatu zeramatzan garai hartan Iranekin gerra bizian ari zen Irakera. Garai hartako zenbait hedabideek jakinarazi zutenez, Irakeko gobernuak ibilgailu haiek oparitzen zizkien gerrako alargunei.

 

(1) Arte al agua (2000) eta Prestos a virar (2002). Carlos Alonso Medizabal, Burgosko Dossoles-ek argitaratuak.