Istinkatzea

Juan Egaña Etxabe, "Jontxu" (1932), 1947an, hasi zen lanean Zumaiako Aizpurua ontziolan, hamabost urte zituela. 1950ean bere aitak erosi zituen ontziolak, eta Jose Maria Egaña izena izatera pasa ziren. 30 eta 40 langile artean zituen ontziolak, eta Arrizabalaga, Olasagasti, Galarraga eta Urbieta ontziolekin batera, garai hartan Urola ibaiaren bokalean egurrezko ontziak egiten zituzten ontziola espezializatuen partaide ziren.

Aditu beterano horren arabera, ontziaren azala egiteko erabilitako egur mota eta lodieraren arabera, istinkatze prozesua desberdina zen. Horretarako egur onenak Estatu Batuetako taeda pinua eta Gineako kaoba ziren. Zumaiako ontzioletan Galiziako pinua ere erabiltzen zen, eta geroago baita Erronkarikoa ere.

Egur "biguntzat" jotzen ziren kasuetan, adibidez pinuaren kasuan, eta gainera 4,5-5 cm baino finagoa zenean, zur oholen artean zizelaren punta sartzen zen, oholek eman arte eta horrela zirrikitu bat sortarazteko. Bigarren zizel baten laguntzaz, itsasarotzak zirrikitu horietan kotoia edo iztupa sartzen zuen, eta hirugarren zizel batekin (punta zabalagoa zuena) errematxatzen zituen. Ondoren, kasu guztietan zurmailuarekin ondo kolpatzen ziren oholak eta zirrikituak.

Ontziak egiteko egur “gogorra” edo 4,5 edo 5 cm baino lodiagoa erabili behar bazen, muntaia egin baino lehenago 2 cm-ko mihiak egin behar ziren egur-oholetako ertzetan. Horretarako garlopa edo arrabota erabiltzen zen. Egur mota horiei “Gineakoak edo tropikalak” esaten zitzaien. Iztupa lehen azaldu dugun tankerako sistema erabiliz jartzen zen.

Julen Zabaletak egindako marrazkiakJulen Zabaletak egindako marrazkiak.

Hurrengo pausoa pintura ematea zen. Horretarako brotxa erabiltzen zen, eta masilla gainean ematerakoan, berriz, espatula. Aipatutako produktuek garai batean erabilitako brea ordeztu zuten. Masilla oraindik freskoa zegoenean, bigarren pintura esku bat ematen zitzaion, horrela masilla trinkotu eta gogortzeko. Itsasarotz guztiek ahoz batez diote zuaker eta azaleko egur oholen arteko junturak benetan gogor uzteko trebetasun eta kontu handia izan behar zela.

Lehen esan dugun bezala, ontzien mantentze-lanetan ere istinkatzea beharrezkoa zen, gutxienez urtean behin, eta normalean ontzia pintatu edo patentea eman behar zitzaionean. Ontziaren kroskoa krustazeoak eta goma izeneko belar bat, mukia dirudiena, itsasten zirelako hondatzen zen. Ez zuten egurra zulatzen, baina luzeka ahultzen zuten hezetasuna sortaraziz. Iztupa edo kotoi zaharra ateratzeko, lehen aipatutako punta okerreko gubia edo gubia biribila, edo beste horren antzeko erreminta erabiltzen zen.

Jose Maria Agirrezabala Amutxastegi, Mutrikun 1921an jaioa, 11 urte zituela hasi zen lanean bere herriko ontziola txikian. Ontziola hori kaian zegoen kokatua, “aldapa txikiaren ondoan”, eta jabea Zesareo Zumalabe zen (Valentín artisau ezagunaren aita). Oraindik ez zuen argindarrik eta bertan sei metro eslora arteko egurrezko ontziak egiten zituzten. Jose Maria lanbide desberdinak ikasten joan zen, bai besteen lana ikusita baita Zumalabek erakutsitakoagatik ere. Dioenez, azken horren oroitzapen oso ona dauka. Han hiru urte pasa ondoren, aldameneko Pedro Manuel Egañaren (1890) ontziolara pasa zen, eta bertan ia bi hamarkada aritu zen lanean. Ondoren, Venezuelara joan zen (Falcon estatura, Paraguanako penintsulako Puerto Fijo herrira), eta bertan egurrezko ontziak eta, geroago, burdinazko kroskoak egiten lan egin zuen; hau da, guztira hiru hamarkada pasa zituen ontzigintzan, batez ere istinkatze lanetan.

Pedro Manuel Egañak Donostiako alde zaharreko Portaletan ikasi zuen lanbidea. Zesareo Zumalaberen bazkidea izan zen, baina 1926an banandu egin ziren. Handik aurrera baxurarako egurrezko ontziak egin zituen, baita arraste-ontziren bat edo beste ere. Ontzi gehienak Mutrikuko ontziolan egiten zituen, baita Oria ibaian kokatuta zegoen Ortzaika ontziolan ere, zehazki Oriotik bi kilometrora ibaian gora zegoena. Azken hori Manuel Elizondok izan zuen alokatuta, ia 20 urtetan zehar. Gehienetan, ontzi horien eslora 24 metrokoa zen, eta zabalera berriz 6 metrokoa. Venezuelan egon zenean, lehen aipatu ditugun tankerako 8 egurrezko ontzi egin zituen; izan ere, garai hartan, Euskal Herrian bezalaxe, basoetan bertan aukeratzen zuen zur ugari zeukan, eta horien artean kalitateagatik kuji eta algarrobo zurak (zuakerretarako) ziren aipagarrienak. Gainontzeko ontziak, guztira hamabost inguru eraiki zituela jakinda, burdinazko kroskodunak izan ziren.

Jose Maria Agirrezabalak dio ontziak istinkatzea oso garrantzitsua dela, eta gainera lanbide hori menderatzen zutenek beste lanak ere egiten zituztela ere azpimarratzen du. Halaber, ondorengo marrazkian azaltzen den bezala, istinkatzea hasi eta egur-oholak irekitzean, Agirrezabalak erreminta hartzeko modua oso garrantzitsua dela azpimarratzen du. Itsasarotzak trintxa ezkerreko eskuarekin hartu eta oholen arteko junturan ia erabat bertikalean jartzen zuen. Eskuineko eskuan zurmailua hartu eta trintxari hainbat kolpe ematen zizkion, ontziaren azaleko junturak erloju orratzen kontrako norabidean landuz. Ontziaren zati batzuk istinkatzeko, itsasarotza oso jarrera zailetan jarri behar zen. Iztupa jartzeko erremintak kotoia sartzekoak baina punta zabalagoa izan behar zuen.

Julen Zabaletak egindako marrazkiakJulen Zabaletak egindako marrazkiak.

Aldez aurretik korapilatu ondoren, oholen artean mundrunadun iztupa sartzeko, itsasarotzak iztupa eskumuturreko zabal baten moduan ezkerreko eskumuturrean biltzen zuen. Lanean ari zen bitartean, iztupa eskuaren eta erremintaren azpitik pasatzen zuen hatz erakusleraino. Gero, hatzarekin presio arina eginez, kokatu eta trintxa zurmailuarekin kolpatuz, iztupa eskuinetik ezkerrera nahi zuen junturan sartzen zuen poliki-poliki.

Kotoiaren kasuan, prozesua ezberdina zen: istinkatu nahi zen zirrikituko eskuinaldean kotoi punta bat sartzen zen, eta ezkerraldean, metro erdira edo, beste punta bat, gero iztuparen sistema bera erabiliz dena sartzeko. Bi kasuetan, azken zatia errematxatuz amaitzen zen prozesua, eta horretarako punta zabalagoa zuen erreminta bat erabiltzen zen.

Istinkatzeko kotoia erabiltzen zen kasuetan, hau da, ontzi txiki guztietan, bukaeran kanpoaldea pintatu ondoren, espatula baten laguntzaz linazi-oliodun masilla jartzen zen junturetan. Behin lehortu eta gero, bigarren pintura esku bat ematen zitzaion.

Mantentze-lanetan, istinkatua lermatzen zenean, aurrekoaren gainetik iztupa geruza berri bat sartzen zen, baina horretarako teknika desberdin samarra erabili behar zen, erreminta ez zelako horren bertikal jarri behar.