Itsas arotzak

Arrantzarako eta itsas garraiorako egurrezko ontzien eraikuntza oso jarduera garrantzitsua izan zen Euskal Herriko kostaldean, XIX. mende bukaera arte. Izan ere, handik aurrera burdinazko kroskoa zuten ontzien lehiaren eraginez zela eta garrantzia galtzen hasi baitzen. Hala ere, harrez geroztik mende bat baino gehiago iragan den arren eta bai materialetan bai produkzio teknologietan, aurrerakuntza handiak egin diren arren, gaur egun badaude oraindik betiko lehengai eta sistemekin jardunean ari diren ontziolak.

Jarduera horretarako artisau espezializatu ugari behar ziren, besteak beste mendiko eta ontziolako arotzak, ontzi errementariak, sokagileak eta itsasarotzak, baita beste hainbat lanetarako peoiak ere. Nahiko deigarria da orain dela 130 urte, ontziola batzuetako pertsonalean emakumezko “bela josle eta jostunak” azaltzea, lan bera egiten zuten gizonezkoekin batera.

Iraganean, itsasarotzek garrantzi handia izan zuten, ez ontzioletako pertsonalaren gehiengoa osatzeagatik bakarrik, baita batzuetan ontzi eskifaiaren barne betetzen zuten funtzio garrantzitsuagatik ere. Luis Martinez Kleiserren arabera (1), “Antzinan, Santiagoko ermitak zerbitzu oso preziatuak eman zituen: 1577an, Zumaiako hareatzan ontziak istinkatzen zituen artisauari baimena eman zitzaion aipatutako tenpluko mojaren etxean ostatu har zezan”. XVIII. mendean, Zorrozako Errege Ontziolan guztira 240 langile zeuden, horietatik 140 itsasarotzak ziren, eta horrez gain, “bi iztupa irule” ere bazeuden (2)

Mutrikuko kaian ontzi bat istinkatzenMutrikuko kaian ontzi bat istinkatzen, XX .mende hasieran.

Nagusiki, itsasarotzen lana ontzietako kroskoko zurajearen arteko junturak ixtea zen, ura ontzi barrura sar ez zedin. Horretarako, zirrikituetan iztupa edo kotoia sartzen zuten berariazko tresnak erabiliz, eta gero masilla, brea edo pintura erabiliz estaltzen zituzten.

Egurrezko ontzien istinkatzea ontziaren eraikuntza prozesuan derrigorrezkoa eta beharrezkoa zen, eta horrez gain, gutxienez urtean behin errepikatu behar zen, ontzia behar bezala iraunarazteko. Burdinazko ontzietan ere beharrezkoa izaten zen istinkatzea, askotan ontziaren bizkarra egurrezkoa izaten baitzen.

Ontzioletan lan hori oinarrizkoa eta erantzukizun handikoa izaten zen; izan ere, behar bezala egiten ez bazen, behin ontzia uretaratu ondoren, krosko-zuloak agertu zitezkeen, eta horren ondorioz ontzia berriz ere lehorreratu behar zen akatsak konpontzeko. Akats horiek kroskoaren hermetikotasunean ere eragina izan zezaketen, eta portutik urrun antzemanez gero, eskifaiaren segurtasuna ere arriskuan jar zezaketen.

Antzinean, itsasarotzen lanbidea gremioaren araudiaren arabera zegoen antolatuta: maisu, ofizial eta aprendizetan antolatzen ziren langileak. Mailaz igotzeko beharrezko eskarmentua izateaz gain, ezarritako frogak gainditu behar ziren.

Azken hamarkadetan, ikasleek maisuen lana behatzen ikasten zuten, eta gehienetan gazte-gaztetatik hasten ziren lanbidea ikasten. Euskal ontziolak txiki samarrak zirenez, ez zen beti izaten istinkatu beharreko ontzirik. Horregatik, itsasarotz asko, lan horrez gain beste batzuetan ere aritzen ziren. Kasu askotan, ontziolako arotzak ere istinkatze lanetan ere aritzen ziren.

Javier Carballok egindako argazkiakJavier Carballok egindako argazkiak.

 

(1) La villa de Villagrana de Zumaya. Luis Martinez Kleiser. “Elkar” merkatarien elkartea. Zumaia. 1983.

(2)Paisaje naval, construcción y agentes sociales en Vizcaya desde el medioevo  a la modernidad”. Ana María Rivera Medina, la construcción naval en el País Vasco 49-92 orrialdeak. Donostiako Untzi Museoa. 1998.