Lan baldintzak

Lourdes Odriozola Oiarbidek (1) XVIII. mendeko lan baldintzei buruzko erreferentzia oso baliotsua eskaini digu, Antonio de Gaztañedak 1711ko irailean idatzitako gutunaren kopia honekin. Bertan zera adierazten du: “(…) kai honetan (bajel ontziak egiten ziren ontzioletan bakarrik), egunsentitik gauerarte egiten dute lan urte osoan zehar, urtaroaren arabera bereizketarik egin gabe. Bazkaltzeko ordubete bakarrik ematen zaie, hamabietan bukatu eta ordu bata arte ez direlako hasten; eta Pasaiako kanalean, bai arotz, itsasarotz eta marinelak, udan behintzat, seiak arte ez dira ontzira igotzen. Zortzietan denak jaisten dira hamaiketakoa egiteko eta handik ez dira bederatziak arte mugitzen. Hamabietan, berriz, bazkaltzeko gelditzen dira eta ordu batak arte ez dira mugitzen, eta arratsaldeko seietan lana bukatzen dute, uda eguna bada behintzat (...) Egunero, egunsentitik arratsaldeko seiak arte aritzen dira lanean, edo bestela arratsaldeko seietatik iluntzerarte, eta elkarte orduetan bakarrik (...)".

Elkarrizketatutako itsasarotzek, egurrezko ontziak egiten ziren ontzioletako beste lanbideekin konparatuta, beren lana ona zela uste dute. Hala ere, batzuetan lan arriskutsua zela gogoan dute: batzuetan, garaiera handi samarretan, burdinazko eskuairako bi astoren gainean jarritako ohol batean lan egiten baitzuten, eta beste batzuetan jarrera zailetan lan egiten baitzuten, batez ere ontziak kaitik ateratzeko gurdirik ez zegoenean eta ontziak presaz eta marea tartean istinkatu behar zituztenean.

Ontzioletan lan egin zutenek industrian prestakuntza berekoek baina askoz ere soldata okerragoa irabazten zutela uste dute. 1935 inguruan, aprendiz batek asteko bost pezeta irabazten zituen, eta 1947an eguneko 5,2 pezeta irabaztera pasa zen, gizarte-segurantza eta guzti. Era berean, 1940ko hamarkadan, langile aditu batek eguneko pezeta bat irabazten bazuen, 1952an astero 700 pezeta irabazten zituen. 1950eko hamarkadan, ontziola bateko arduraduna eguneko 100 pezeta irabaztera iritsi zitekeen.

1960 arte, beharrezkoa bazen, egunero egiten zen lan, baita larunbat eta igandeetan, betiere aldez aurretik herri bakoitzeko parrokoak festa egunetan lan egin ahal izateko emandako baimenarekin.

Zumaiako Egaña ontziolan, hiru eta 30 metro eslora arteko ontziak egiten zituzten. Adibide moduan, 1942an 18 metroko eslora, 4,3 metroko zabalera eta 30 tonako ontzia 54.000 pezetatan saldu zen. Era berean, 1951an 4,49 metroko zabalerako eta 31,25 tonako ontzia 114.000 pezetatan saldu zen. Eta 1963an, egin zen azken ontzia, 18 metroko eslora, 5,3 metroko zabalera eta 55 tona zuena, 400.000 pezetan saldu zen.

Jose Maria Agirrezabalak 1940 eta 50ko hamarkadan oso ezaguna, baina interpretatzeko zaila den esamoldea ekartzen digu gogora: “Kalafate koperol arreando por el gol”.

 

Gure esker onak Javier Carballo Berazadiri emandako aholku eta ekarpenengatik.

 

(1) La construcción naval en Guipúzcoa, siglo XVIII, Lourdes Odriozola  Oyarbide. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1997