Protagonistak

Jaime Covas Ferrer (1927an jaio zen Mallorkako Andratx portuan) eskarmentu handiko itsasgizona da, hamabi urtez ibili baita nabigatzen era guztietako itsasontzietan. Hogeita hamar urtez ibili da pilotu lanetan Donostia eta Pasaiako portuetan. Horren nortasun eta eskarmentuko pertsonaren iritziak balio berezia merezi dute.

Gogoan ditu oraindik itsasketa ikasketak amaitu ondoren itsasoan eman zituen lehen urratsak. Lehenbizi ikasle atxiki gisa hasi zen Compañía Transmediterránea-ren "Villa de Madrid" (1929an egina eta 125 metro luze) itsasontzian.

Itsasgizon bezala lan egin zuen aldi luzean zehar itsasontzi eta enpresa asko ezagutu zituen. Itsasoan "Cementos Rezola nº1" ontzian eman zituen azken urteak kapitain gisa. Gero, 1957an, Donostiako portuko pilotu burua izatea lortu zuen, eta handik urte batzuetara, 1962an, Pasaiako portuko pilotu bihurtu zen. 1993. urtean hartu zuen erretiroa.

Txikitatik izan zuen bokazioa itsasoari lotutako eginkizunetarako eta geroxeago portuko pilotu izateko. Berak dioenez, portuko pilotua "jaio eta egin egiten" da. Ez da harritzekoa, beraz, lanbide hori gogorra dela esaten badu ere, lan horrek urteetan (jada adierazi dugu hogeita hamasei direla) atseden handia eman diola esaten entzutea.

Jaimek adierazi digunez pilotu lanak alde handiak ditu lekua zein den, hala Donostiakoa eta Pasaiakoa bestelakoak dira oso. Gure protagonistak dioskunez "portu edo zona bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, hain zuzen ere, leku edo zona hori besteetatik bereizten duena". Pilotu bat bere portura egokitzeak lanaren aprobetxamendua hobetzea dakar.

Donostian ontzia sartzeak eta ateratzeak zailtasun handiak dauzka leku txikia duelako eta sakonera gutxikoa delako, justu-justu mareak ematen duena. Maniobrak geldi-geldi egin behar izaten zituzten, eta betiere kable, soka eta ainguren laguntzaz. Jaime Covasek sarri zundatzen zuen ditxoa eta sakonera eskalak jartzen zituen kaiko sarreran, horrela une oro zekien uraren sakonera nolakoa zen eta itsasontziak zein tartea zuen portuan sartzeko edo irteteko.

Donostiako portuan sartzen zen itsasontzirik handiena “Cementos Rezola nº 1” izenekoa izaten zen. Añorgako Cementos Rezola fabrikarena zen ontzi hori 65 metro luzerako itsasontzia zen eta 1.300 tonako zama garraiatzen zuen. Ia hilero etortzen zen Donostiara zementua hartu eta beste leku batzuetara eramateko. Jaimek ontziaren ohiko maniobra batzuk aldatu zituen, ontzia portuan arinago eta segurtasun handiagoz sartzeko eta hortik irteteko.

Jaime nazioartean ospe handia zuen Ramón Iribarren ingeniariarekin aritu zen lankidetzan, Donostiako portuko eta badiako korronteak aztertzen. Ramón Iribarren Gipuzkoako Portu eta Itsasertzetako zuzendaria izan zen urte askotan, eta berak diseinatu zituen Gipuzkoako hainbat portu eta Hondarribiko aireportua ere.

Pasaiako portuan zailtasunak bestelakoak ziren, hala nola itsas zabalean ontziratu beharra, nahiz eta eguraldi txarra egin; barrara hurbiltzeko arriskua haizeak 3. edo 4. koadrantetik jotzen zuenean; eta arroka arteko ibilbide estuan eta bihurrian zehar nabigatu beharra, hutsegiteko edo bidetik irteteko inolako tarterik gabe.

Pasaian onartzen ziren itsasontzirik handienak 185 metro luzerakoak izaten ziren, 9 metroko sakoneradunak eta 35.000 tona inguru zamatzen zutenak. Atoiontziek ez zuten gordetzen inolako proportziorik maneiatu behar zituzten ontziekin. Hori kontuan izanik, ez da harritzekoa Estatu mailan garrantzia duten ia hogeita hamar portuetan Pasaiako portua, Avileskoarekin batera, sarrera zailenetakotzat jotzea.

Covas eta SopeñaJaime Covas eta Rafael Sopeña portuko pilotuak 2003ko irailean.

Gainontzeko pilotuak bezala, Jaimek ere izan zituen istripuak. Makina bat bihurdura izan zituen giharretan; batzuetan eskailera hautsi eta erori ere bai, edota ontziaren kostara kolpatu izan da, eta ez zaio falta izan nahiko larritasunezko istripurik ere.

Eskarmentu handiko gure pilotuak nostalgiaz gogoratzen ditu hainbeste urtez lanean aritutako garai haiek: "eguraldi txarrarekin lan egin beharra, pilotuaren txalupatik itsasontziaren eskailerara saltatu beharreko une arriskutsuak, jauzi egin behar zen unea aukeratzeko olatuak zaindu beharra, eta pazientzia, egindako maniobra alde batera utzi eta beste bat aukeratzeko egoerak hala eskatzen zuenean, bizitza arriskatzen baitzen. Benetan indar handia behar zen itsasontzira igotzeko".

Jaimek behin eta berriz aipatzen ditu portuko ur eremuan izaten ziren gertakizunetan praktikoek eta eskifaiako kideek eta hainbat txalupa eta ontziek izaten zituzten parte hartzeak: irauliak, hondoratzeak, kaskoan zuloak, eskifaiakoak uretara erortzeak, ontzi barruan zaurituak, eta abar. Jaimek ohartarazi digunez “kontuan izan behar da gu han izaten ginela eta azkar joan gintezkeela gertakizuna izan zen lekuraino; guk gainera geure zelatariak genituen, eta garai hartan ia ez zegoen itsasoko sorospen zerbitzurik ere"; eta jarraitu du "hala ere, gure eginbeharrak zuhurtasunik handienaz egiten bagenituen ere, patroi eta pilotu asko dira itsasoan galduak salbatzeagatik omenaldiak jaso dituztenak".

Berak gogorarazten digunez, itsasontzietako kapitainekin oso harreman onak izaten zituzten. Pilotua bera ere kapitain ohia izateak portura zetorren itsasontziko kapitainaren kezkak hobeto ulertzeko laguntzen zion, baita elkarren artean komunikatzeko ere.

Erantzukizuna beraz handia zen eta inolako mugarik gabea. Itsas portuetako pilotuak Itsas Komandantetzaren eta ondorioz Itsas Armadaren menera zeuden. Horregatik, istripurik izanez gero epaiketa militarra egiten zieten. Jaime Covasen iritziz, egoera kezkagarria bazen ere, portuko pilotuak merkataritza presioetatik at zeuden, eta gaur egun zuzenagoak bide dira.