Angulariak

Angulariak angula edo txitxardin arrantzaleak izendatzeko modu hedatueenetakoa da. Arrantzale horiek ibai ahoetan, estuario eta itsasadarretan lan egiten dute.

Angulariarena ez da bete-beteko dedikazioa behar duen lanbidea; izan ere, udazken eta neguan bakarrik egiten da eta gainera lanbide ezberdinetako pertsonak jarduten dira gau eta ordu libreetan.

XIX. mendeaz geroztik, ibaiertzeko baserritar gehienak horretan jarduten ziren, eta XX. mende erdialdetik aurrera baxurako arrantzale batzuk ere horretan hasi ziren, angulak iristen ziren garaian kostako arrantzaldia bukatu berri zutenez.

Ibai erdianIbai erdian ainguratutako ontzian angulak harrapatzen, Aginagan.

1970eko hamarkadatik aurrera handitu zen angulari kopurua, batez ere estimu gastronomikoa handitu zelako eta jatetxeetan luxuzko platertzat hartzen hasi zelako, eta, ondorioz, merkatuan prezio askoz ere altuagoak lortzen zituelako. Angulen garestitzean ere zerikusi handia izan zuen garai hartako Gipuzkoako ibaietako kutsadurak, angula kopurua gutxitu eta beraz arrantzak ere gutxitu egin baitziren.

Angularien lana oso gogorra zen, baita arriskutsua ere, angula gauez, kanpoan eta normalean euripean, aire boladak eta euriteek sortutako uhaldi eta ur-korronteen mende arrantzatu behar izaten zelako. Izan ere, eurite garaia da angula arrantzatzeko garai aproposena.

Hasiera batean, linazi-oliotan bustitako arropa janzten zuten, urak irrista egin zezan eta burua txapela eta marregazko zaku batekin babesten zuten. Argitzeko bi kandelako eskuargia edo karburozko kriseilua erabiltzen zuten. Normalean bakarka ibiltzen ziren arrantzan, lanbidea oraindik ere arriskutsuagoa bihurtuz; heriotza istripurik ere gertatu izan zen.

Gaur egun arrantza sistemak askoz ere aurreratuagoak dira, baita janzkera eta argiztapena ere, baina arrantzaleak gehiago arriskatzen dira, eta oraindik ere gerta heriotza istripurik, adibidez Zumaian, Urola ibaiko estuarioan 2001eko urtarrilaren 1ean gertatutakoa, non Artia baserriko Zeferino eta Jose Manuel Urbieta anaiak hil ziren, motora haize bolada gogor baten ondorioz irauli eta hondoratuta.