Itsasontzi modelogileak

Beste jarduera askotan bezala, itsasontzi modelo estatikoak egiten dituztenen artean halako bereizketa bat egin behar da muntatzen edo eraikitzen diren ontzien konplexutasunaren arabera.

Alde batean, itsasontzi modelogintzan abiatu berriak kokatu behar ditugu, hots, bere aisialdiaren parte handi bat horretan ematen dutenak. Horretarako, dokumentazio fidagarririk gabeko ontziak eraikitzen dituzte, eskalarik zein erreproduzitu nahi duten ontziaren proportziorik gabe, akabera baldar samarrez gehienetan, nahiz batzuek halako itsas ukitu bat lortzen duten.

Talde honetan sar ditzakegu “kitak” edo “kutxako eredu” deitzen ohi zaien horiek erosten dituztenak; kutxa hauetan, ontzi modelo jakin baten pieza guztiak aurkituko ditugu, muntatzeke, planoekin eta muntatzeko jarraibideekin batera. Merkatuan daude eskuragarri. Oso zabalkunde handia lortu dute, eta baliagarriak dira, inolaz ere, itsasontzi modelogintzarako zaletasuna dutenen ahalmena garatzeko.

Algunas herramientas utilizadas por los modelistas navales.Algunas herramientas utilizadas por los modelistas navales.

Beste aldean, berriz, historiko dei genezakeen itsasontzi modelogintza dugu; honetan, lanaren arkitektura aldetiko zorroztasuna eta alderdi guztietako xehetasunen zehaztasuna dela eta, benetako artelanak ikus ditzakegu, eta oso lanabes baliagarria ere badira histori azterketetara begira.

Eskala murriztuko ontzi hauek eraikitzeko, ezinbestekoa da egileak benetako artistak izatea, eroapen handikoak eta lana bazterrean lagatzen ez dutenak gainera; osterantzean, disfrutatu egin behar dute ongi egindako lanarekin, eta esperientzia zabala eta eskuetan trebetasun handia izan. Itsasontzi modelogile beteranoek diotenaren arabera, “egunero-egunero egin behar da zerbait”,

Hauen ekarpena oso garrantzitsua izaten ari da 1973an Julio Caro Barojak salatu zuen egoera behar bezala bideratzeko; Barojak, orduko hartan, honakoa esan zuen: “ingelesek loriazko erlikia gisa gorde dituzte joandako garaietako gerraontzi batzuk, eta beste batzuei buruzko dokumentazio ugari dute. Itsas tradizio ahulagoko herrialde zenbait ere ez da atzerago geratzen horrelako erlikiei dagokienez. Eta hemen? Hemen, hau da, euskal lurraldean, gutxi edo batere ez. Madrilgo Ontzi Museoan zerbait. Jauretxeren batean gordetako zerbait, esaterako Mutrikuko Txurrukatarren etxean, lehenago Gaztañetatarrena izana baita. Tradizionalismo bitxia gurea: ahozkoa beti, kontzeptuala. Sekula ez ordea iraganari adierazitako maitasun materiala, fisikoa”.

Itsasontzi modelogintzaren bi modu hauen artean badira katalogatzeko zailak diren beste batzuk ere. Hauei zailtasunaren araberako hurrenkera eman ohi zaie.

Itsasontzi modelogile beterano batek honela sailkatzen zituen itsasontzi modelogintzaren barnean diren etapak.

 

Herrikoia

Dokumentazio fidagarririk eta irudikatzen duen ontziarekiko eskalarik zein proportziorik gabe egindako modeloa, akabera baldarki egina duena, nahiz halako grazia eta itsas ukitu bat ere baduen.

 

Herrikoi aurreratua

Dokumentazio grafiko edo fotografikoa baliatuz eta benetako plano edo eraikuntza-tratatuak erabiliz egina, eskala baten arabera. Zur bloke batean taila eginez eraikitzen da, edo urgaineko lerroetan oinarriturik (argotean ogia eta gantza edo sandwicha), barne azaleko ohol ilarak imitatuz eta hauetan xehetasun koskadun batzuk ere eginez.

Ontziko tresneria, berriz, zehaztasun handirik gabekoa da. Eskala iradokitzaileak 1/100 eta 1/500 bitartean.

 

Noblea

Dokumentazio grafiko eta/edo fotografikoa baliatuz eta irudikatutako ontziari buruz prestatu plano edo eraikuntza-tratatuak erabiliz egina, eskala baten arabera. Oinarri gisa krosko itsua egitea onargarria da, bai zur mazizoz egiten denean bai zuaker itsuz egiten denean, beti ohol ilaraz eta oholtzarrez forraturik inolaz ere modelo zaharretan, edo metalezko xaflaz modernoetan, barnealdea ikusteko modurik zein honetarako sekziorik gabe.

Ontziko tresneria zehaztasunik handienaz, itsuta finkoez eta maniobrakoez, baina belak eta hauen soka eta itsutak jartzeke. Eskala iradokitzaileak 1/150 eta 1/100 bitartean.

 

Inperiala

Noblearen ezaugarri berberak dituen modeloa; hau, ordea, itsuta eta bela guztiez hornituta dago. Eskala iradokitzaileak 1/150 eta 1/48 bitartean.

 

Almiranta

Estilo inperialekoaren antzekoa, baina zuakerren ikuspegi oso batez hornitua, urpeko alde eta guztiz alegia. Eskala iradokitzaileak 1/80 eta 1/36 bitartean.

 

Kapitana Erreala

Eskala handian egindako itsasontzi modelogintzaren maila gorena da, erakusten duen ontziarekiko; irudikatutako ontziari buruzko dokumentazio grafikoa, argazki bidezkoa eta plano eta eraikuntza-tratatu fidagarriak baliatuz egina. Oso neurri handiko obra, xehetasun ugariz paratua, piezaz pieza eginiko modeloa, karel eta bizkarren batzuetan sekzioa egina izan dezakeena ontziaren barnealdeko arkitektura hobeto ikusi ahal izateko.

Modeloak estilo Noble eta Inperialaren edo Almirantaren antzera egin daitezke; horrelakoetan, estiloari dagokion izena aldatu egiten da, ezaugarrien arabera, eta “Noble Erreala” edo “Inperial Erreala” edo “Almiranta Erreala” izan daitezke.

Eskala iradokitzaileak 1/36 eta 1/20 bitartean, are 1/10ekoan ere.