Prozesua

Irudi baten sorkuntza-lana luzea da eta ulertzen zaila, nola egiten den ikusten ez bada, hala aitortzen digu Javier Murillok. Aurrenez egin beharreko urratsa dokumentazio grafiko ona –argazkiak eta ilustrazioak– eta datu biometrikoak bilatzea da, eta urrats hori aipatu ondoren, aise ulertzen da zergatik duen halako liburu eta dokumentu pila tailerrean barrena sakabanatuta.

Gero, jatorrizko eredua buztinaz edo argizariaz egiten du, eta bukatu ondoren moldea osatzen du, gehienetan bi piezakoa. Irudi handien moldeak eskaiolaz egiten ditu, eta txikienak, berriz, silikonaz. Hortik abiatuta, ondoren, kopia bat egiten du, isurketa bidez edo eskuz moldeatuta. Paperezko orea, kartoia, erretxinak edo eskaiolak erabiltzen ditu kopiak egiteko, moldearen tamainaren eta materialaren arabera.

Hegaztiei dagokienez, hankak ere moldeatu edo tailatu behar dira, eta dagokien moldea egin. Irudi beraren piezak –gehienetan bi– bateratzea izaten da hurrengo urratsa, eta junturak ez igartzeko moduan uztea. Segidan, hankak eransten zaizkio. Eta azkenik, pintatu beharra du trebetasun handiz, pintzelak eskuan. Pintura plastiko matea erabiltzen du pintatzeko, eta begietan berniz distiratsua.

Hainbat material erabiltzen ditu: falla-kartoia, kotoi-oihala, poliestireno hedatua, aluminiozko xaflak, paperezko orea, beruna, erretxina sintetikoak (poliester, epoxi) eta eskaiolak, besteak beste.

Javier Murillo, hegazti baten erreplika amaitzenJavier Murillo, hegazti baten erreplika amaitzen.