Jesus Maria Perona Lertxundi

Gure itsasontzi modelisten arteko maisu nabarmenetako bat da, bere obretako batzuen konplexutasunaren eta zehaztasunaren argitan, eta ezin ahantzi, honetaz gain, jarduera honetan egin duen lan multzo osoaren garrantzia ere.

Orion jaioa 1952ko apirilaren 28an, zura lantzeko bokazioan eredugarria dugu; izan ere umetatik hasi zen, aiztoen laguntzaz ontzitxoak eraikitzeari ekin zionean. Hamalau urte zituenetik bere herriko Muebles Arin y Embil enpresan ebanista eta tornulari gisako lanean ari zelarik, tailagintzan ere eman zituen bere lehen pausoak. Aipatu egin behar da, gainera, oso gaztetatik beti-beti landu duen marrazkirako zaletasuna. Bere ilustrazioetako batzuek, hamaika urte zituela egin zuen María Auxiliadora arrantza-ontziarenak esate baterako, atentzioa ematen dute, eskaintzen diguten zehaztasuna eta edertasuna dela eta. 1984az geroztik ETBn ari da lanean, eszenatokietako arotzeriarekin lotutako eginkizunetan.

Banakako zein taldekako erakusketa askotan parte hartu du, eta bere obraren parte bat nazio zein nazioarte mailako museo eta erakundeetan dago ikusgai. Sari garrantzitsuenak ere eskuratu ditu parte hartu duen itsasontzi modelogintzako lehiaketetan. Espezialitate honetan maisu deklaratu zuten, 1998an, Bartzelonan.

Dena den, Peronaren lana ezingo genuke ulertu, emazte duen Begoña Lertxundiren lankidetzarik gabe; honek, gainera, itsasontzi ereduek behar izaten dituzten joste lanak egiten ditu.

Jesus Maria PeronaJesus Maria Perona itsasontzi modelo baten zatiak eraikitzeko lanean.

 

Egindako modeloak

Jesus Maria Perona hirurogeita hamarreko lehen urteetan hasi zen itsasontzi modeloak eraikitzen. Bere inspirazio iturri agortezina jaioterriko, hau da, Orioko kaiak eta ontziolak ziren, eta baita herriko beste modelogileen obrak ere, tartean ziren eta Joaquín Cortés, Valentin Izazeta eta Eusebio Aldaz.

Eraiki zuen lehen modeloetako bat, 1973ko oporretan egin zuen, “Kuru-arri” arrantza-ontzian oinarritu zen, eta hurrena galeoi ingeles bat izan zen. Egun haiez geroztik, azken hiru hamarkadetan zehar ehun bat itsasontzi modelo egin ditu.

Orioko Arraun Olinpikoko Klubean arraunlari izana ere aipatu beharrekoa da, garai batean modelogintzarekin bateratu baitzuen; arraunlari gisa 4 bandera irabazi zituen Donostiako estropadetan, eta baita beste 4 txapelketa ere, 8ko eta 2 gehi lemazaina espezialitateetan lortutako banarekin batera.

Bere lanik nabarmenen artean, honakoak aipa ditzakegu:

  • Conchita korbeta, Jose Manuel Mutiozabalek 1860an Aginagan (Gipuzkoa) egina Donostiako armadoreen enkargu batez; honen modeloa 1/48 eskalan egin zuen Peronak, 1983an. Gaur egun Donostiako Aquariumeko Museoan dago ikusgai.
  • XVI. mendeko euskal baleontzia. 1/20 eskalan eraikitzeko, besteak beste Shelma Husley, honen seme Michael Barckham eta M. Laburu historialarien laguntza izan zuen. Hau ere Aquariumen dago ikusgai.
  • Antonio Gaztañetaren 1712ko 60 kanoiko ontziaren prototipoa, 1/40 eskalan egina. Gaur egun Donostiako Untzi Museoan dago.

Jesus María Perona sostiene la segunda cubierta, baos y latas en el proceso de montaje del galeón Nuestra señora de la Concepción y de la Animas

  • Nuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas galeoia. 90 kanoi eta bostehun pertsona inguruko tripulazioa zuen; hauei gehitu behar infanteriako beste hainbeste militar. Hiru metro eta 1/20 eskalako modeloaren eraikuntza Antonio Gaztañetaren 1686ko eskuizkribu batean oinarritu zen, eta garai hartako teknika eta trazatu metodoei jarraiki burutu zen, ez baitzen planorik ez aurretiazko diseinurik; eta hauez guztiez gain, jatorrizko lanean dauden datu guztiak ere baliatu zituen.
    Peronak, lan honi buruz ari dela, azpimarratu egiten du Madrilgo E.T.S.I.N.ko Francisco Fernández katedratikoak zuzendutako Itsas Injinerutzako ikasle taldearen ikerlanek izan zuten garrantzia, zenbait laguntzailek, hala nola historialari eta transkripziogile batzuek eginikoarekin batera. Guztira, mihiztaturiko 20.000 pieza inguru ditu modeloak. Adibide gisa, kanoi bakoitzak 52 zati dituela esan dezakegu.
    Hiri askotan egon da dagoeneko ikusgai, oihartzun handiz inolaz ere, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Kultur Intereseko Ondasun eta Espainiako Ondare Historiko gisako egiaztagiria eman dio. Gaur egun Madrilgo Ontzi Museoarena da.
  • Donostiako Aquariumeko 10 diorama eta 15 arrantza-ontziz osatutako bilduma, Jose Antonio Puerta, Jose Manuel Susteta eta Jaime Legarrarekiko lankidetzaz egina.
  • Aipagarria da, halaber, Beti San Juan arrantza-ontzi oriotarraren modeloa, 1984an 1/100 eskalan eraikia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak Sofia erreginari oparitu ziotena.

Itsasontzi modelo bat eraikitzeko behar den denbora zuzenean lotzen zaio haren konplexutasunari. Konparazioa, hilabete batzuk behar izatetik hamar urte behar izatera joan gaitezke, Nuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas galeoiaren kasuan bezala.

Jesus Maria PeronaJesus Maria Perona bigarren ontzigainari, habeei eta habe-estrabeei eusten Nuestra Señora de la Concepción y las Ánimas galeoia muntatzeko lanean.

GaleoiaNuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas galeoia Ondarreta hondartzako “ontziolan”, Donostian. Aldamenean modeloaren egile Jesus Maria Perona.

 

Lantegia eta lanabesak

Jesus Maria Peronaren Donostiako lantegiak berrogeita hamar bat metro koadro ditu, eta artistaren nortasunaren isla da; bertan txukuntasuna eta espazioaren erabateko aprobetxamendua nabarmentzen dira. Elementuetako asko (mahaiak, planoetarako armairuak edo lanabesak) bete behar duten eginkizunerako eta erabil daitekeen espaziorako berariaz eginak dira, eta gurpilak ere badituzte, errazago mugitu ahal izatearren. Paretan atxikirik, laneko mahai zabal bat dago.

Lantegian makina konbinatu txiki bat nabarmentzen da, honekin hainbat lan egiten dira eta (zerratu, zulatu, fresatu, torneatu, lixatu eta mortasatu, besteak beste).

Lanabesak ebanistek eta tailagileek erabili ohi dituztenak dira, hainbat forma eta neurritakoak, hala nola, eta beste batzuen artean, gubiak, trintxak, limak, arraspak, zerrak, konpasak, eskuairak, beranak, hortzak eta mailukak, dendetan erosiak. Jesus Marik berak egindako beste pila handi bat erantsi behar, esate baterako gramileak, torneatzeko hortzak eta trazatzeko zurezko konpasak, bere lanean derrigorrean behar duen pila handi horretako batzuk besterik ez aipatzearren.

hainbat kanoiNeurri desberdineko hainbat kanoi, kanoi-gurdiak, bankuak eta galeoiak koroatzeko aingeruak, Jesus Maria Peronak egindako beste elementu batzuen artean.

kanoiaGaleoi baterako Peronak 52 piezaz egindako kanoiaren xehetasuna.

 

Materialak eta prozesua

Itsasontzi modelogintza historikoan erabiltzen diren materialak oso garrantzitsuak dira; are gehiago, kasu batzuetan, lehen aipatu dugun Nuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas galeoiarenean esate baterako, originalaren zur mota bera erabiltzera iristen dira, nahikoa zaila bada ere aurkitzen normalean, eta garesti samarra.

Jesus Maria Peronak ebano, kaoba, ezpel, intxaur, madari, haritz eta, neurri txikiagoan, urki, gerezi eta gaztaina zura erabiltzen du eskuarki, eraiki nahi duen modeloaren ezaugarrien arabera hain zuzen.

Erabiltzen diren kolak ere garrantzitsuak dira; gehien erabiltzen dena arotz kola zuria da, eta zianokrilatoa ere izaten da batzuetan. Beste material batzuk, sokak esaterako, dendetan erosi ohi ditu, letoia, kobrea (burdineriarako), oihalak, iltzeak eta laka eta pinturak bezalaxe. Batzuetan, alabaina, Peronak bagasogak fabrikatu izan ditu, sokak kordatzeko tresna bat erabiliz, soka eta itsuta bakoitzerako behar dituen kalibreak lortzearren.

Itsasontzi modelo historikoak egiteko prozesua luzea eta ezin arretatsuagoa da. Pieza guztiak banan bana egiten dira. Mundu honetako argotean esan ohi da lana “gilatik bizkarrera” egiten dela, “bururen buru” nolabait. Prozesuak antz handia du iraganeko arotz ontzigileen lanekin, begi-bistakoa da, nahiz oraingoa hura baino askoz eskala txikiagokoa den.

Lehenbiziko eginkizuna, zaila eta garrantzitsua beti, zein ontzi eta zein eskalatan erreproduzituko den erabakitzea da. Aukeratze honetarako ikerkuntza lan handia egin behar da, eta batzuetan aditu edo espezialisten laguntza ere izatea hobe. Lagungarria izaten da, halaber, batez ere museo ingelesek, eta neurri batean baita frantsesek eta Madrilgo Ontzi Museoak ere besteak beste, egiten dituzten planoen edizioa eta salmenta. Jesus Maria Peronak, gainera, oinarrizko liburutegi dezenteko bat du, ehun bat alez osatua eta itsas gaietan espezializatua, eta hau berau ere laguntza baliotsua zaio agertzen zaizkion eraikuntza arazo ugariei aurre egiteko unean.

Informazio grafikoa eskura izan ondoren –planoak gehienetan-, sarritan osatu egin behar izaten da, ia-ia beti nahi dugun eskalara murrizteko; lan hau, lehen, pantografo bat erabiliz egiten zuten, baina dagoeneko denbora pixka bat badela, denda espezializatuetan egiten da. Erreproduzitu behar den ontziaren zatietako bakoitza marrazten jarraitzen da, eta fabrikazio prozesua definitzen da hurrena behar izanez gero; ondoren, behar diren zatiak egiten dira. Kontu egizu, irakurle, nolako lana den Nuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas galeoiaren 20.000 piezak fabrikatzea.

Muntatze prozesua oso delikatu eta nekeza da, eta aparteko abilezia ere eskatzen du. Lanaren hasiera gila izaten da, hurrengo pausoa armazoia (ontzibularra eta korasta), eta hemendik zuakerretara edo habetzanez lotutako gauzetara igarotzen da, barne azala edo oholtzadura eta habeen gainean oinarritutako ontzigaina eginez ondoren. Beste alde batetik elementu osagarriak –ez ordea garrantzi txikiagokoak- osatzen dira, hala nola kanoiak, botak, mastak, barandak, eskailerak, sabaizuloak, aingurak, salbamendu-txalupak, etab. Azken fasean pintatze lana ere oso-oso garrantzitsua da.

Jesus Maria PeronaJesus Maria Perona, Madrilgo Ontzi Museoaren “Modelos de Arsenal” liburua (Lunwerg 2004) eskuartean duela. Liburu honetan jasota dago Nuestra Señora de la Concepción y de las Ánimas Kapitana Errealaren eraikuntzaren historia.

Jesus Maria PeronaPeronak, makina konbinatu baten laguntzaz, itsasontzi modelo baten osagaiak fabrikatzen ditu.