Jose Cruz Aguirrezabalaga Irureta

Jose Cruz Zumaian jaio zen 1950ean, eta txiki-txikitatik ikusi ahal izan zuen nola lantzen zen zura, eta nola ekidatzen zituzten ontziak bere herrian. Bere aitak, Eulaliok, arotzeria lantegi bat zeukan geltokiko bidean, eta hantxe jarduten zuen bere anaia Jesus Marik ere.

Lantegiaren espezialitatea ez bazen ere, ontzietarako txanel lagungarri batzuk eraiki zituzten. Zumaian, orduan, lau ontziola nagusi ziren: Arrizabalaga y Olasagasti, José María Egaña, Lasquibar, Urbieta y Galarraga, zurezko ontzietarako, eta Balenciaga altzairuzko ontzietarako.

Zumaian ontzigintzaren garai loriatsu hura bizi izan zuten askok bezala, Jose Cruzek ez zuen bultzada gehiagorik behar izan ontziekiko grina barren-barreneraino sar zekion. Umetan jolasteko ontziak egiten zituen aitaren aroztegian, Migel Anjel Uranga Ieregi lagunarekin; hau 13 urte zaharragoa zen, eta marrazketa lana egiten zuen; gero biak joaten ziren errepideko zubiaren eta Urolako trenaren erreien artean zegoen putzu handi batera, eta hantxe nabigarazten zituzten.

14 urte besterik ez zituela, Jose Maria Alkorta, Anjel Aizpurua eta Juan Luis Odriozola lagunekin arrantzarako batel bat eraiki zuen, 5,30 m luzekoa, herriko estropadetan parte hartu ahal izateko; Izarra jarri zioten izena. Lau lagunak zaletu egin ziren eginkizun hauetan, eta beste birekin batera, Jose Maria Amilibia eta Juan Ramon Urbietarekin alegia, bi urte eman zituzten estropadetarako 7,50 m-ko batel pare bat eraikitzeko, Andoaingo estropadetan parte hartzeko.

Marinan egin zuen soldadutza, Legazpi fragatan hain zuzen, ontziko komandantea zen Antonio Muñoz León ontzi-kapitainaren laguntzaile gisa. Honek, laguntzailearen zaletasunaren berri izan zuenean, ontzi baten maketa egiteko eskatu zion, eta Jose Cruzek Ondarroako Ama Lur arrantza-ontziarena egin zion; hauxe izan zuen serio egindako lehenbizikoa.

1976an 6,59 metro luzeko motora bat eraikitzen ausartu zen. Itxasgor izena jarri zion. Lau urte geroago 6 m-ko beste bat egin zuen, eta Izgor izena jarri zion honi.

Jose Cruz AguirrezabalagaJose Cruz Agirrezabalaga

ItsasontziaEraikitzen ari den ontzietako bat.

Modelogilea

Mari Conchi Ruiz de Azua Alkortarekin ezkondu ondoren –ontziei buruz hitz egiten zuen Jose Agirrezabalaga Joxelin portuko talaiariaren iloba txikia zen Mari Conchi-, eskala murriztuko ontziak eraikitzen hasi zen. Eraikitako berrogeita hamar modelotik gorako multzoan nabarmenenak honakoak dira: 1690eko San Felipe galeoia, K.a. V. mendeko Nereidx trirreme greziarra, Legazpi fragata, Arritokietako Ama bergantina, Felipe Ruano altzairuzko atunketaria, baxurako Cantábrico, Glorioso San Telmo eta Santana arrantza-ontziak, hainbat Telmo Deun traineru –hauetako bat Norvegiako Osloko udaletxean dago-, eta ingurasareko arrantzarako Balenciagaren ontziska edo altzairuzko panka batzuk.

Arotz lanbidean aritu zen, lehenik tailerretan eta gero Balenciagaren altzairuzko ontzietako barnealdeko muntatze lanetan, 1995 arte, ezen urte horretan lanbidez aldatu behar izan zuen, sektorearen krisialdiaren eraginez. Gaur egun leuntzaile lanean ari da Mendiaraiz-en, eta lanaldia amaitzean bere tailerrera joaten da, han bizpahiru ordu eskaintzearren modelogintzarako zaletasunari, emazteak afaltzeko hots egiten didan arte, diosku berak.

Maila pixka bat duen ontzi bat eraikitzeko, gutxienez bi urte behar ditu, lanean lasai arituz. Orain, 1840ko posta-ontzi ingeles baten eraikuntza du eskuartean; bapore eta belaontzia da, eta alboetan gurpilak ditu. Txapazko kargaontzi bat ere eraiki nahi du, Sardinero izeneko bat. Honi buruz dioenez, Zumaiako Justa tabernan dagoen ontziaren argazkia begiz jota du dagoeneko.

Normalean 1/60 eskalan egiten ditu modeloak, planoetatik eta litografietatik abiatuta, eta horretarako proportzioen eskala metriko bat erabiltzen du.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen Historia Atalekoa eta Itsasontzi Modelogilea da, eta bere zaletasuna eta esperientziak beste modelogile batzuekin partekatzen ditu, aldian-aldian egiten dituzten bileretara joaten denean.

Jose Cruz AgirrezabalagaJose Cruz Agirrezabalaga bere lanetako baten aurrean.

Jose Cruz AgirrezabalagaJose Cruz Agirrezabalaga modeloak eraikitzeko duen tailerrean.