Jose Ignacio Urbieta

Jose Ignazio Urbieta Egaña (Deba, 1916/1999) erraldoiak eta buruhandiak ere egin zituen sormen handiko egilea izan zen. 1942 eta 1958 bitartean garatu zituen kirol jarduerengatik ezaguna bazen ere, bere jarduera publikoaren alderdirik azpimarragarriena izaera artistikoko lanak dira.

Bere jaioterrian eginiko oinarrizko ikasketak Bartzelonako Sarriako Eskola Salesianoan osatu zituen; han elkartu zen bera baino lau urte zaharragoa zen Simon Berasaluze beira-maisu handiarekin, debarra hau ere.

Futbolean profesional gisa aritu zen Realean, Osasunan eta Alavesen, eta besteak beste Gipuzkoako talde nagusia, Murtzia eta Las Palmas taldeak entrenatu zituen.

Irudigile eta dekoradorea zen, eta lantegi-estudioak zituen Donostian, Gasteizen eta Deban. Bere lanen artean, Debako parroki elizako sakristiaren zaharberritzea eta Berriatuko elizaren kupularena azpimarra ditzakegu.

Jose Ignazio Urbieta eta Martin GalarragaJose Ignazio Urbieta eta Martin Galarraga bost erraldoiren ondoan Debako parroki elizako klaustroan (Bosco Urbietak lagatakoa).

Jose Ignazio UrbietaJose Ignazio Urbieta Debako bere lantegi-estudioan lanean (Bosco Urbietak lagatakoa).

 

Erraldoi eta buruhandien egilea

Jose Ignazio Urbietaren abilezia kaleko animazioari ere heldu zitzaion; oso aipagarriak dira egin zituen karrozak, zenbaitetan Debako kondaira tradizionalak eszenaratuz eginak, diseinatu zituen arropekin batera.

Teknika pila handia ezagutzen eta menderatzen zuen, besteak beste moldeatzea, eta bere figuretako batzuk Argandako (Madril) Capa lantegi ezagunean eta Debako Arte Eskolan urtu zituen.

Jose Ignazio Urbietak bere erraldoi eta buruhandi egile eta zaharberritzaile jarduera biziagotu egin zuen XX. mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera, eta eginkizun horretan teknika tradizionalak erabiltzen zituen funtsean, nahiz bere ahalegin berritzaileak beira-zuntza erabiltzera ere eraman zuen azken urteetan.

Eskura dugun informazio urriak oso zail egiten du zein lan egin zituen zehatz-mehatz ezagutzea, asko nonbait, jarduera honetan espezializatutako eskulangileek eta haren lanaren berri zutenek artista debarrari buruz etengabe egindako aipamenak kontuan hartuz gero behintzat.

Bere lanik behinenen artean nabarmentzeko modukoak dira Donostia, Bilbo (Gargantua), Oñati, Lekeitio eta Arrasateko udaletarako egindako pertsonaiak, kasu askotan Urbietak berak sortuak. Debarako egin zituen erraldoiak, Jose Izaga “Pepe Izaga” eta Karlos Altzibar “Carlosmonte” irudikatzen zituztenak, aho bateko goraipamenen gai izan ziren, bere obra osoaren ezaugarri ziren errealismoagatik eta akabera bikainagatik.

Jose Ignazio Urbieta, era berean, espezialista ospetsua izan zen erraldoiak, buruhandiak eta antzeko figurak konpontze eta, batzuetan, gaurkotze lanetan.

Artista debarrak hainbat omenaldi jaso zituen erraldoi eta buruhandi konpartsen aldetik, besteak beste Donostian eta Deban bertan.

Erraldoien desfilea DebanErraldoien desfilea Deban (Javier Carballoren argazkiak).

Erraldoien desfilea DebanErraldoien desfilea Deban (Javier Carballoren argazkiak).

Erraldoien desfilea DebanErraldoien desfilea Deban (Javier Carballoren argazkiak).

 

Bibliografia

  • El libro de oro de las fiestas y tradiciones de Navarra. Diario de Noticias. Nafarroako Aurrezki Kutxa. 1999.
  • Baleztena, Ignacio. Comparsas de Gigantes y Cabezudos. Navarra. Temas de cultura popular. Foru Diputazioa. Turismo Departamentua. Iruñeko Liburutegia eta Herri Kultura.
  • Gigantes y Cabezudos. Fundación BBV Fundazioa. Bilbo 1999.
  • Escaño Castro, Jesús. Gigantes y Cabezudos. Txertoa argitaletxea. Donostia. 1994.
  • Aguirre Sorondo, Antxon. Artisautza. Euskonews & Media. 2003/10-24/11-7.