Ikastaldia

Usadioz, jostunak ia umetan hasten ziren lanbidea ikasten: hasieran mandatari gisa, gero ikastun gisa, eta azkenik, lanbiderako jakintza eta trebetasuna bereganatzen joaten ziren heinean, ofizial eta maisu gisa.

Jostun maisuek lanean laguntzeko ikastunak hartzen zituzten. Ikastun haiek, lanbidea ikastearen eta soldata apal baten truke, lan errazak egiten zituzten. Lehen lanetako bat hariak pasa eta paparrak eta lepoak tenkatzea zen. Horretarako, jantziaren kanpoko eta barneko oihalen artean errefortzuak jartzen zituzten eta gainazal osoan puntada txikiak emanez, hiru geruzak lotu eta jantziaren alde hori gogortu egiten zuten. Lan horri esker, eskarmentua eta bizkortasuna lortzen zuten ikastunek.

Lan hori menderatzen zutenean, errefortzu loturak egitera pasatzen ziren. Lan hori ikastun aurreratuentzako izaten zen: oihalaren ertzak tapatzeko zinta antzeko batzuk eskuz jarri eta josi behar izaten zituzten. Gaur egun errefortzu lotura itsasgarriak erabiltzen diren arren, eskuz jositakoak ondo egindako jantziaren seinale dira. Hurrengo lanak (jantziak albaintzea edo kanpoko oihala eta artehuna lotzea bien artean hariak pasaz) zailagoak izaten ziten eta horretarako nahikoa eskarmentu behar izaten zuten ikastunek.

Lanbidearen ezagutzan aurrera zihoazen heinean, ofizial izatera pasatzen ziren. Postu horretan lan zailagoak egiten zituzten, esaterako jantziak forratu, estalkiak errematatu eta mahukak, sorbaldak eta antzeko piezak josi.

1950eko hamarkada arte, ikastunek beren titarea, guraizeak eta eserleku txikia eraman behar izaten zituzten lantegira. Handik aurrera titarea eta guraizeak bakarrik eraman behar zituzten etxetik.

Ikastaldia

JostundegiaJostundegia 1922an, (Kutxa fototeka).