IKASTE PROZESUA

Lehengo garaietan, jostun lanbidearen ikaskuntza oso goiz abiatzen zen, umetan ia-ia. Lehenbiziko lanak mandatariarenak eta antzekoak izaten ziren, ondoren jarduerako lehen pausoak egiten ziren, eta geroago, beharrezko jakintza eta trebetasuna eskuratu ahala, ofizial eta, batzuetan, maisu mailara iristea lor zitekeen.

Azken hauek aprendizen ardura hartzen zuten, lanean lagun ziezaieten gero eta eginkizun konplexuagoetan, soldata txikiarekin inondik ere, lanbidea erakustearen truke. Aprendizen egin beharrekoa zen, halaber, hariak pasatzea eta papar hegal eta lepoak “pikatzea”, zona horiek gogortzeko, eta kanpoaldeko eta barnealdeko oihalen artean sendogarriak jarri eta azalera osoan zehar puntada txikiz jostea horiek. Lan horiek eginez “...eskua eta bizkortasuna hartzen zuten”.

Lan hori menderatzen zutenean, “ligetak” egiten hasten ziren, aprendiz aurreratuaren eginkizuna baitzen hori, zehazki oihal ertzak estaltzen zituen zerrenda moduko bat eskuz jostea. Gaur egun “ligeta” itsaskorra erabiltzen da; eskuz josia ongi egindako jantziaren adierazgarria zen. Hurrengo lanak (albaintzea edo kanpoko oihala eta barrukoa jartzea eta elkarrekin eustea, bien artean hariak pasatuz) zailtasun handiagoak zituen, eta esperientzia maila bat ere eskatzen zuen.

Lanbidearen gaineko ezagutzan aurrera egin ahala, aprendizak ofizial mailara igarotzen ziren, eta orduan eginkizun konplexuagoak izaten zituzten, esaterako piezak forratzea eta tapako errematea egitea, mahukak, sorbaldakoak eta antzeko piezak jostearekin batera.

Lehengo garaietan aprendizek bere titareak, guraizeak eta aulki txikia eramaten zituzten jostundegira; XX. mendeko berrogeita hamarreko urteetatik aurrera, bakar-bakarrik guraizeak eta titarea eramaten zituzten.

Zenbait adituren iritziz, ikaste prozesu behar bezalakoa funtsezkoa zen jostun ona izatera heldu ahal izateko. Aprendizak menderatu behar zituen alderdi asko eta garrantzitsuen artean “bista heztea” zegoen, bezeroaren gorputzaren “forma” bizkor samar ezagutu ahal izateko.

Jostun on batek, bezero posible bat ikusten duenean, berehala “ikusten” ditu egin beharreko jantziaren oinarrizko ezaugarriak. Jostun maisu mailara iristeko, hamarkada inguruko denbora behar da.

GREMIOAK

Jostun lanbidea ikasteak ez zuen lanbidean aritzea bermatzen, izan ere, XIX. mendearen lehen erdialdera arte eskulangile horien jarduera gremioek erregulatzen zuten. Horiek, santu zaindari baten adbokaziopean, lanbide horretan ari ziren guztiak biltzen zituzten.

Gremioek eginkizun bikoitza zeukaten. Alde batetik lanbiderako sarrera eta lanbidean aritzea erregulatzen zuten. Horrenbestez, eskulangintzako lanbide batean aritu ahal izateko, horretara iritsi nahi zutenek ikaste prozesuaren etapak gainditu behar zituzten, etapa finkatuak inolaz ere, eta maisu titulua lortu etsamina zorrotza gaindituta. Horrela aukera zuten kasuan kasuko erregistroan izena eman eta bere produktuak egin eta saltzeko lokal bat jartzeko. Arau horiek betetzen ez zirenean, oso zigor zorrotzak ezartzen zituzten, eta arau-hauslea jarduera bertan behera uztera behartzen zuten.

Bestetik, gremioek eginkizun soziala ere bazuten, babes sistema gisa gaitzen kasuan, eta gremioko kideen alargun eta umezurtzen laguntza gisa ere bai, eta eginkizun erlijiosoa ere bazuten, kofradia eran eratuta bere erregelamendu eta jaiegunez, zaindariaren eguna ere tartean zela, betiere.

Alabaina, gremioen arteko eta gremioen eta eskulangintzako lanbide batean aritu nahi zutenen arteko auziak etengabe sortu ziren historian zehar.

Egoera horrek oso kontraste handia egiten du gaur egungoarekin ezen, adibidez, zure neurriak Hong Kongeko jostun bati eman, oihal bat aukeratu, prezioa hitzartu, eta jostunak aireportuan emango dizu eskatutako jantzia, behar izanez gero ordu gutxiko epean.

LEHIAKORTASUNA ETA PRODUKZIO PROZESUA

Duela asko ez arte, herri handi samarretan jostun lanbidearen munduan lehiakortasuna elementu garrantzitsua zen. Horregatik, bezeroak fidelizatzea ezinbesteko gertatzen zen. Egungo ikuspegitik zaila da onartzen Elgoibarren, 1924an, eta mikeleteen bidez Foru Aldundiak egindako estatistikaren arabera, bost jostun eta zortzi jostundegi ari zirela lanean, enplegu kopuru txikiz bada ere kasu guztietan, hiru eta bost langile bitartekoak baitziren. Eskaintza eskaera baino handiagoa izatearen eraginez, Elgoibarko jostunetako batzuk Ondarroako kostalde inguruan hasi ziren eskaerak bilatzen, garrantzitsu baitzeritzoten inguru horri, ezen marinelen emazteek, haiek ontzietan zirela batzuetan, senarrentzako jantziak enkargatzen zituzten.

Gizonezkoentzat neurrira egindako trajeak, jostunen espezialitatea bera, prozesu luzea eskatzen du, trebetasun eta, batez ere, eskarmentu handiarekin batera, eta hori lortzeko modu bakarra praktika da.

Zenbait adituren arabera, eta gauzak oso labur azaltzearren, prozesuaren lehen pausoa trajea egiteko oihala aukeratzea da; horrexek markatuko du, neurri handi batean, jantziaren kostua. Aukera batzuen artean bat apartatu eta, horrela, kontu hori erabaki ondoren, neurriak hartzen zaizkio bezeroari, neurri desberdinak, noski, emakumeentzat edo gizonezkoentzat hanka artetik sorbaldaraino. Lan hau oso garrantzitsua da, egin behar den trajea erabiltzaile izango duenaren ezaugarrietara behar bezala egokitzeko.

Ondoren paperezko patroiak egiten dira, hau da, oihalera pasatzeko erabiliko diren ereduak. Batzuetan, eskarmentu handiko jostunek zuzenean markatzen zituzten neurriak oihalen gainean. Aurrez prestatutako patroiak ere erabiltzen dira, eskatzailearen neurrietara egokituta.

Hurrengo fasea patroitik oihalera igarotzea da, marka harriaren laguntzarekin, eta ondoren moztea, betiere ohiko segurtasun tarteak lagaz, geroko proban edo etorkizunean behar izanez gero erabiltzearren. Ondoren hariak pasatzen ziren, hau da, gero josiko zen zonak markatzen ziren, bistaren lagungarri gerta zitezen. Gero artehunak prestatzen dira, piezak josiz eta aurrealdekoak lisatuz besteak beste, segidan oihala eta artehuna albaindu eta, azkenean, trajea muntatu eta lehen proba egiteko; honetan, jantzia bezeroari soinean jarrita, egin beharreko zuzenketak ikusten dira.

Jarraian, fintze edo doitzea dator, eta aldaketak edo ukituak behar izanez gero, egindako proban ikusiaren ondoriozkoak. Aurrealdekoak egin eta bigarren probarako dena berriro muntatu ondoren, poltsikoak, lepoak eta mahuka-azalak josi eta lana errematatzen da. Dena lisatu eta jada amaituta dago, bezeroari emateko prest.

Lan horiek jostunek berek egin baditzakete ere, ohikoa zen espezialistak edukitzea, prakagileak edo txalekogileak esaterako; horiek, behar zituzten elementuak (forruak, botoiak, gerri-zerrendak, etab.) jostundegian hartu, eta bere etxean egiten zituzten joste lanak.

Prozesuaren amaiera trajea eskatu duenari azken proba egitea eta, hala badagokio, beharrezko azken zuzenketak sartzea da.

Prozesu hori guztia eskuzkoa zen, neurri handi batean.

OIHALAK ETA PRODUKZIO BALIABIDEAK

Normalean lanerako erabiltzen ziren oihalak artilezkoak, kotoizkoak -batez ere ohiko mila-arraia praketarako- eta, oso kasu berezi batzuetan, lihozkoak izaten ziren, jaken kasuan batez ere azken hauek. Tergala, artilea proportzio desberdinetan nahastua zuena, iristea garrantzitsua izan zen; ohikoenak % 45 edukitzen zuen tergal, eta % 55 artile.

Hornidurarako ez zegoen inolako arazorik, eta Bilbo edo Donostiatik iristen zen jostundegietara, “...mandatariaren bitartez”, eta gehienetan grisa edo urdina izaten zen.

Jostundegiak, normalean, etxabeetan egoten ziren, eta 50 m2 inguru hartzen zuten, nahiz kasu askotan familiaren etxea bera haren luzapen bat izaten zen.

Produkzio baliabideen artean josteko makinak nabarmentzen ziren, Singer markakoak normalean. Gogoratu behar dugu ezen 1927an Alfa horrelakoak produzitzen hasi zen arte, ia-ia espainiar eskaera osoari inportazioaren bidez erantzuten zitzaiola, marka alemaniar aipatu horren bidez gehienbat. Jostunen lantegietan, lisatzeko erabiltzen ziren bankuak nabarmentzen ziren, ikatz-lisaburdina astunez -6 kg hartzera iristen ziren- hornituak; horiez gain, jostundegietan guraizeak, erregelak, marka harriak, kateorratzak eta orratzak egoten ziren, besteak beste, josteko lanean esertzeko erabiltzen zituzten zumezko aulki baxuekin batera.

Apalez hornitutako lantegian oihalak eta jostundegietako beste lanabes eta bitarteko batzuk metatzen ziren.

Emakumeentzako soinekoak gizonezkoentzako trajeak baino askoz gutxiago izaten ziren, bostena gutxi gorabehera. 1950 eta 1970 bitartean, izen handiko jostundegi batek 500 eta 600 traje egin zitzakeen urtean.

Informazio osagarri gisa, esango dugu badela 1708an Seguran datatutako jostun maisu baten eta bere aprendizaren arteko kontratu profesional bat. Oso baliagarria da, halaber, Espainian XVI. mendearen amaieran eta XVII.aren hasieran argitaratutako lehenbiziko joskintza tratatua, Joan Altzega jostun gipuzkoarrak idatzia.