Juan Antonio Ugalde Cejudo

1947an Hernanin jaioa. Bokaziozko beste modelogile bat dugu.

Gazte-gaztetatik pintura eta tailarako zaletasunaz blai, berehala ekin zion ontzi sinpleak egiteari. Bere prestakuntza teknikoak eta marrazki lana menderatzea eskatzen zion jarduera profesionalak, eskuzko gaitasun zalantzagabeko batekin batera, gero eta modelo konplexuagoak egitea ahalbidetu zioten. Eta eginkizun hauek beste batzuekin batera eraman ditu, esate baterako berunezko soldaduen pintaketarekin.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean kitak muntatzen hasi zen, baina betiere beste modelo batzuk ikusita bururatzen zitzaizkion aldaketak edota bere asmamenak sortutakoak erantsiz, hain zuzen lana dinamikoago, biziago egiteko ahaleginez. Horrela, denbora igaro ahala eta jardutearen indarraz, modelogile berritzaile eta xehetasunetarako arduratsu bihurtu da.

Juan Antonio UgaldeJuan Antonio Ugalde, egiten ari den San Diego motako galeoia eskutan duela. Atzean, berak egindako modeloak ikusgai (C.U. 05/03).

xebekaXVI. mendeko xebeka (Egileak lagatako argazkia.

 

Berrogeita hamar modelo inguru

Juan Antonio Ugalde beti-beti irakurle amorratua izan da, baina gero eta nabarmenago jo du itsas historia eta arkitekturako liburuetara. Modelogile gisa duen jardueran, kontsultatzen duen bibliografiatik eta bere irakurketetako kontakizunetatik ateratzen dituen informazioak funtsezkoak gertatzen zaizkio, nahiz joandako garaietako ontzien planoak ere eskuratzen dituen.

Egingo duen modeloa erabaki ostean, beharko duen materialaren bilketa modelogintzaren arloko denda espezializatuetan eskuratzen du, lanabesak eta eraikuntzarako pieza txikiak bezalaxe. Bere lanaren sormen alderdi burutsuetako bat zera da, eguneroko bizimoduko hainbat gauza modeloen elementu bihurtzea. Instalazio txiki bat dauka, eta baliabide mekaniko gutxi, maketak egin ahal izateko.

Eraikitze uneko berritasunak eta jorratzen duen akasgabetasunak arazo ugari sortzen dute, konpontzen zailak gainera batzuetan informazio faltagatik. Horrelakoetan Juan Antonio Ugaldek baztertu egiten du lana, eta beste batzuei heltzen die, harik eta denborak eta ikerlanak, bat eginik, konponbideak eskaintzen dizkioten arte.

2005eko hasiera arte, berrogei bat modelo egin ditu. Hauen artean nabarmenenak honakoak:

  • 1986 San Francisco. XVI. mendeko galeoi espainiarra, dirudienez Armada Garaiezinaren parte izan zena.
  • 1994 K.a. III. mendeko birreme asiriarra, 20 m luzekoa, belan bi izurde dituena apaingarri. Jose Luis Sanpedrok bere La vieja sirena eleberrian emandako deskripzioetan oinarriturik eta Rafael de Monleon-en marrazkia baliaturik egina.
  • 1996 Elidir. Bidaiari-baporea Tamesis ibaian.
  • 1999 Grimsby fragata arina, 32na librako 12 kanoikoa.

Gaur egun San Diego motako 37 m luzeko galeoi bat ari da eraikitzen. 1600 inguruan hondoratu zen Filipinetako kostaldean, “Indietako bidaia” egiten ari zela.

Goleta“Cruz del Sur” goleta. 1931ko Amerika Kopan parte hartu zuen (Egileak lagatako argazkia.

baporetxoa“Elidir”. Gaur egun Tamesis ibaian dabilen baporetxoa (Egileak lagatako argazkia.