Baliabideak

Juan Cruzek bi lan mota egiten ditu. Alde batetik, marka ospetsuetako erlojuak konpontzen ditu; bestetik, erlojuak zaharberritzen. Bigarren hori da berak gogokoen duena, eta horretaz jaiduraz beterik hitz egiten du.

Donostiako Gros auzoan du denda-lantegia. Lokalak 80 m2 ditu behe-ko solairuan eta 20 m2 inguru solairuartean. Hor lan egiten du 1999. urtetik beste bi artisaurekin batera. Hormetan zintzilikatuta, hogei erloju inguru ikus daitezke, garai eta ezaugarri askotakoak.

Lantegian oso leku nabarmena hartzen dute erlojugintzako makinek. Badira fabrikatu edo eraberritu nahi diren piezetarako tornu egokituak, tamaina askotako erlojuetako engranajeen hortzak artezteko tramankuluak, hainbat pieza lantzeko fresagailuak, zulagailuak, zorrozkailuak eta labe elektrikoak, besteak beste. Aipatu behar da, halaber, egoerak aukera ematen dionean, zaharberritzaileak makina horien atalak edo osagarriak ere egiten dituela.

Juan Cruz

Erremintak ere asko dira; horietako batzuk Juan Cruzek berak egin ditu; erremintekin batera pilatzen dira, berebat, piezak egiteko behar izaten dituen lehengaiak. Erreminta eta makinekin batera, lantegian badira lanerako mahai batzuk ere, hormaren kontra; edota armairu-ar- txibategiak eta apalak. Deigarria gertatzen da antzinako erlojuetako piezak, denak zorroztasun handiz sailkatuta.

Horiekin guztiekin batera, hirurehun liburutik gorako liburutegia osatu du Juan Cruzek, batzuk erlojugintzaren historiari buruzkoak, beste batzuk katalogoak eta grabatuenak.

Denda-lantegiak ordena eta txukuntasun handia erakusten du.