Juan Palmer Llinas

Juan Palmer Llinas (Puigpunyent, Mallorca, 1925) itsasoarekin lotutako lanetarako bokazioaren beste adibide bat da. Baina, batik bat, itsasontzi modelogileen maisu gisa egin duen lan garrantzitsua azpimarratu behar da; izan ere, eginkizun horretan ari da, dagoeneko bi hamarkada badirela, Pasai San Pedron, bertan bizi baita dagoeneko 50 urte baino gehiago direla.

Pilotu titulua lortu zuelarik, bere herri inguruan ontziratzeko modurik ez eta Donostiara etorri behar izan zuen, Jaime Covas Ferrer-ekin zuen harremanari esker neurri batean; Covas herrikidea, eskarmentu handiko marinela bera, Donostiako eta Pasaiako portuetan portu-gidari izan zen hogeita hamasei urtez (1957/1993).

Rezola, nº 1 eta nº 2-en ontziraturik, hauek zementua garraiatzen zuten Donostiako portutik batez ere Sevilla eta Cadiza, Lajara igaro zen –kargatoki mugikorra berau Guadianan-, eta 1956tik 1968ra arte Ternuko bakailaoaren kanpainetan izan zen, pilotu gisa, Pasaiako Velasco, Arrieta eta Otaegi binakakoetan. Ia-ia bi urte eman ostean Hego Afrikan legatzaren arrantzan, eta beste urte bat eginik Angolan mariskotan Jaime Segarra kapitain zuten ontzietan, bakailaora itzuli zen.

Suitzako Basileako Nautilus Line-ren ontzietatik igaro ostean, hauek lotu egiten zituzten Europako Mediterraneo aldeko portuak eta Afrikako Dakarrekoa edota Gineako Golkokoak eta Kongo Belgikarrekoak, 1980an, kapitain ordurako, Jaizkibel ontzi enpresaren zenbait ontzi bere kargura hartu zituen, eta handik hiru urtera erretiroa hartu zuen, nabigazio kontuetan hogeita hemezortzi urte baino gehiago egin eta gero.

Juan Palmer LlinasJuan Palmer itsasontzi modelogintza irakasteko tailerrean, eraikitzen ari diren Titanic-en atzean.

 

Modelogile - maisua

Juan Palmerrek gogoan du 1941/1942 inguruan ordurako hasita zegoela itsasontzi modelo txikiak eraikitzen, eta bere nabigazio urte luzeetan ere jarraitu zuela eginkizun horretan, ezagutzen zituen ontziak edo bibliografiari esker erreferentziaren bat zuenak eskala murriztuan erreproduzitu nahirik.

Baina erretiroa hartu eta sei hilabetera, 1983an, lokal bat alokatu zuen, bere asti guztia itsasontzi modeloak eraikitzen emateko; horietako batzuk saldu egin zituen.

1988an Pasai San Pedroko Udalak herriko kartzela zaharra txukundu eta Hirugarren Adinekoen artean itsasontzi modelogintza irakastera bideratu zuen. Juan Palmerren zuzendaritzapean, hasiera batean Vicente Barral, Joaquin Fernandez (zenduak hauek biak), Estanislao Elizaso, Jose Edroso eta Sabino Inda hasi ziren.

Lokalak 45 m2 inguru ditu, eta itsasontzi modeloen eskuzko eraikuntzarako behar diren baliabideak ere badauzka (erdian mahaia, eta paretetan itsatsirik, berriz, armairuak, tornuzilak, eta makineria sinplea), lan honetan ohikoak diren lanabesekin eta Palmerren jabetzako bibliografiarekin batera.

Lantegira joatea librea da, ordutegi finkorik gabea, nahiz gutxieneko baldintza batzuk bete behar diren. Jubilatuen Etxeak materialen kostua ordaintzen du, baldintzatzat ezarriz eraikitako modeloak erakutsi beharra; halaz, modeloa salduz gero ez da inolako dirurik jasotzen erabilitako lehengaiengatik.

Zaletasun hau droga bezalakoa” dela iruditzen zaion modelogile–maisuak etorkizuneko modelogileei aholkuak ematen dizkie lana egiteko modu egokienari buruz, “gauzak ondo ateratzen ez direnean” zuzentzera behartuz.

 

Modelo aipagarriak

Palmerrek eraikitako modeloen artean honakoak azpimarra daitezke:

  • 1985 Unite States escala 1/200
  • 1987 Bismark 1/200
  • 1991 Normandie (rehecho) 1/300
  • 1992 Ney Jersey 1/200
  • 1995 Yamato 1/200
  • 1997 Príncipe Asturias 1/200
  • 1998 Queen Mary 1/210
  • 1999 Juan Sebastián Elcano 1/230

Gaur egun Titanic ari da egiten 1/175 eskalan, “banan bana egindako” 3.500 pieza inguru erabiliz.