Eginkizunak

XIX. mendeko “burdinbideko zerbitzu eta lanetarako araudiak", oso zehazki azaltzen zuen burdinbideko langileek egin beharreko lanak zein ziren. La Roblako burdinbideko araudiak honako lanak zehazten zituen: “burdinbideak garbitu, zuzendu eta kaltzatzea; trabesak ordeztu eta jarri berriak jasotzea; pasaguneak, era guztietako arekak eta ezpondak garbitu eta txukuntzea, fabrika-obrak garbi artatzea, hesiak, itxiturak, sailak nahiz telefono-hariak artatzea, horrez gain, araudiak ezagutzea”.Halaber, “jaiegun guztietan mezetara joan behar zutela zehazten zen “aitzakirik gabe, baita lanean bazeuden ere".

Kaltzadoriek burdinbideko langileekin lan guztiak egiten bazituzten ere, batez ere burdinbidea nibelatu eta lerrokatzea zen haien espezialitatea. Lan guztiak eskuz egiten zituzten, inolako makinarik gabe.

Euriaren eta trenen igaroaren ondorioz, trenbidea hondoratu egiten zen, zuloak sortuz, batez ere errailen arteko junturatan. Horren eraginez, trenak kolpeak eta balantzak jasaten zituen, ondorioz, errailetik irten zitekeen. Kaltzadoriek zulo horiek bete behar zituzten. Horretarako, balastoa sartzen zuten beharrezkoa zen trabesetan. Horri esaten zitzaion “burdinbidea kaltzatzea”.

Eragiketa hori egiteko, trabesa azpian zulo bat egiten zuten (balastoa kenduz), eta bertan azkazal formako palanka sartzen zuten, eta hori hainbat langileren artean helduta, presioa egin eta burdinbidea pixka bat altxatzen zuten. Momentu hartan, beste kaltzadore batek, balastoa bate baten paletarekin trabesa azpian sartu, eta berriz ere nibelatzen zuen.

Askotan, trenek sortutako mugimenduen eta tenperatura aldaketen ondorioz, burdinbidea alde batera edo bestera mugitzen zen, eta ondorioz, berriz ere zuzendu behar izaten zen. Arduraduna, errailen gainean zutik egoten zen eta begirada batekin, burdinbidearen lerrokadura egiaztatzen zuen, eta langileei burdinbidea non mugitu markatzen zuen. Batzuetan, kaltzadoriak, balasto gainean eta aurpegia errailaren gainean makurtuta zutela, okerdurak non zeuden jakiteko, harriak jartzen zituzten errailen gainazal distiratsuaren gainean, elkarrengandik bananduta.

Kaltzadoriak, laneanKaltzadoriak, lanean, erabiltzen zituzten erreminta berezietako batzuekin. (Euskotren- Burdinbidearen Euskal Museoak (Azpeitia) utzitako argazkia).

Okerdura horiek hainbat kaltzadorien artean zuzentzen zituzten, denak lerroan jarrita eta aldi berean, arduradunaren aginduetara palankak bultzatuz. Baita ere beren lana izaten zen errailen arteko tartea mantentzea. Horretarako, errailetako bat askatu eta palankarekin mugitu ondoren, gabila bitartez trabesan finkatzen zuten.

Halaber, hondatutako trabesak (erreak, zartatuak, ustelak eta abar) ere aldatu behar zituzten, eta ordezko berriak jarri. Horretarako, bate batekin trabesa inguruan zegoen balastoa kentzen zuten. Ondoren, gabilak askatu eta trabesa bere lekutik kolpeka atera eta berria jartzen zuten, legarrarekin behar bezala kaltzatu behar zena. Jarraian, eskuzko laztabinekin (T formako kirtena zutena), trabesa behar zen puntuetan zulatu eta zulo horietan gabilak sartzen zituzten. Ondoren gabilak eskuzko giltza batekin lotzen ziren. Baina hori egin baino lehen, trabesa gainean, erraila finkatzeko egurrezko asentuak kalkulatu eta zizelkatu behar zituzten zeio batekin, eta begi neurriz.

Gastatuta edo higatuta zeuden errailak ere aldatu egiten zituzten. Bihurguneetan, kanpo aldeko erraila barruko aldetik higatzen zen, eta barruko aldeko erraila, berriz, goiko aldetik bakarrik higatzen zen. Kaltzadoriek bi errailak elkar aldatzen zituzten: lehenbizi askatu eta lantalde osoaren laguntzaz, kurrika handi batzuen bitartez (bakoitza bi langilek helduta), errailak airean jaso, mugitu eta beste aldean kokatzen zituzten.

Askotan kantoi hasieratik edo bukaeratik aurrera antolatzen zuten lan hori. Langileak, poliki-poliki, errailen egoera eta lerrokadura, baita trabesena ere, ikuskatzen joaten ziren. Beharrezkoa zenean, konponketak egin eta burdinbidean zehar aurrera joaten ziren.

Kaltzadoriek lantaldearen eginkizun askotan parte hartzen zuten, besteak beste arekak garbitzen, pala eta aitzurrekin belarra eta landaretza kenduz. Horrez gain, burdinbide ertzeko belarra ere askotan kendu behar zuten, Euskal Herriko klimaren ondorioz, azkar hazten baita belarra. Beste eginbehar bat ezpondetatik trenbidera erortzen ziren harriak, lurra eta bestelako hondakinak ere garbitu behar zituzten. Hori ere askotan egin behar zuten, trenbidea oso orografia malkartsutik pasatzen baitzen.

Lanak esku zegiten ziren, palak, aitzurrak, saskiak eta aizkorak erabiliz. Jasotako hondakinak mahaitxoan kargatzen zituzten, eskura zuten garraiobide bakarra baitzen. Bagoneta hori 2 m² inguruko egurrezko oholtza bat zen, eta lau gurpilen gainean trenbidean zehar mugitzen zen, eskuz bultzatuz. Oholtza horren gainean, garraio edukiera handiagoa izan zezan, azpil antzeko bat jartzen zuten (oholezko plataforma), eta horren gainean materiala palekin zamatzen zuten. Trenbidean zehar eskuz bultzatu ondoren, ezponda batean iraultzen zuten materiala.

Halaber, istripuren bat gertatu edo trena errailetatik irteten bazen, behin istripua izandako ibilgailua kendu ondoren, burdinbidea konpondu eta zuzendu behar zuten.

Kaltzadoriak, trenbidea Durango aldean konpontzen, elektrifikazioa baino lehenago.Kaltzadoriak, trenbidea Durango aldean konpontzen, elektrifikazioa baino lehenago. (Zutoinak jarrita zeuden, baina ez kableak). (Euskotren- Burdinbidearen Euskal Museoak (Azpeitia) utzitako argazkia).