Tresnak

1960ko hamarkada arte, trenbide estuetan erabiltzen ziren erreminta gehienak eskuzko tresnak ziren. Kaltzadoreek bateak erabiltzen zituzten, ertza paleta formakoa zuen pikotxa, horrela trabesa azpitik harriei bultza egiteko. Horrez gain, gaztainondo-xaflaz egindako saskiak, azkazal formako palankak, palak, borrak, trabesak zulatzeko laztabinak, gabilak lotzeko giltzak ere erabiltzen zituzten, baita txanklua edo mailako kalibrea ere erabiltzen zuten, errailen arteko distantzia neurtu, ondo nibelatu eta trenbideko bihurguneen peralteak neurtzeko. Trabesak higatzeko, berriz, zeioak erabiltzen zituzten.

Burdinbidea garbitzeko erabiltzen zituzten tresnen artean, aipagarrienak aitzurrak, segak, aizkorak, aizturrak, sardeak eta zerrak ziren.

ErremintakLanbide horretako erremintak nola maneatu.

Tresna horiek guztiak, baita ordezko piezak ere, arduradunaren etxe ondoan zegoen biltegian edo etxolan gordetzen ziren, trenbidearen ondoan.

1960ko hamarkada bukaeran, gasolinazko motorrak eragindako laztabin mekanikoak erabiltzen hasi ziren, baita gabilak iltzatzeko makinak ere. 1980ko hamarkadan, bateatzeko makinak erabiltzen hasi ziren. Makina horiek, bi pertsonen artean gidatuta, burdinbidean zehar mugitzen ziren, trenbidearen nibelazioa eta geometria neurtuz. Datu horiek kabinako pantailan azaltzen ziren, eta beharrezkoa zenean, irregulartasunak zuzendu eta trabesa azpiak kaltzatzen zituen, sistema hidrauliko baten bitartez, bateak trabesa azpitan sartuta.

Gaur egun, egurrezko trabesen ordez, hormigoizkoak erabiltzen dira, eta ondorioz, ez dira behin eta berriz aldatu behar. Hori dela eta, eskuzko tresnekin bakarrik lan egiten duen kaltzadoriaren irudia ia desagertu egin da, eta gaur egun konponketa gutxi batzuk eta bestelako lan zehatz batzuk besterik ez ditu egiten.

Lur-jausi bat garbitzenLur-jausi bat garbitzen. Lehen planoan mahaitxo edo bagoneta bat ikus daiteke. (Euskotren- Burdinbidearen Euskal Museoak (Azpeitia) utzitako argazkia).