Kanoia

Pistolaren zatirik garrantzitsuena da, eta jaurtigaiaren norabidea eta armaren beraren kalitatea elementu honen barnealdea egoki egitearen mendean dago, batez ere kirol tirorako erabiliko direnen kasuan.

Lana hasteko, kalitate altuko altzairua hartzen da, 24 mm-ko diametrokoa, eta behar diren neurrietan mozten da zerraz. Pieza zilindriko honi bi punturen artean eusten zaio tornu biragarri batean, barautsaren bidez zulatu ahal izatearren. Hurrena barnealdea leuntzea da, horretarako egokia den lanabesa, otxabua, erabiliz, harik eta modeloen arabera lortu nahi diren neurriak ateratzen diren arte; ondoren, berriz, brotxa baten bidez, “barneko ildaskak atera” behar zaizkio, eta azkenean behar den kalitatera iritsi. Kalitate hau neurtzeko badira neurgailu espezifikoak, baina “iritzira” ere egiten da.

Piezak tornuan segitzen du puntu artean eutsirik, atzeko aldea “hariztatzearren”, hain zuzen muntatze prozesuan “kulatatxoa” jartzeko bertan. Hurrengo pausoa, “mirako altxarako miru-buztana ateratzea”, fresatzeko makina batean egiten da. Azken pieza hau erosi egiten da merkatuan, eta geroago jartzen (“sartzen”, honetan ari direnen hizkeran) da. Prozesuak “tatxeta” kanoiarekin soldatuz jarraitzen du; pieza hau merkatuan erosten da, eta kulatari eustea da bere eginkizuna.

Ondoren “aldeak” ateratzen dira, hau da, kanoi zilindrikoa oktogonal bihurtzen, fresatzeko makina baten bidez eta kokatze espezifiko bat erabilita. Armak borra eraman behar badu aurrekargarako, kanoiari euskarri bat lotzen zaio torlojuz, borrari eusteko. Azkenean multzo osoa leundu egiten da leungailu batez, beste batzuek ilunketa lana egin aurretik.