Kanpai-joleak

Antzinan, informazioa helarazteko baliabide desberdinak erabili izan dira, kea eta banderak esaterako. Baina horien artean baliabiderik ezagunena eta erabiliena kanpai hotsena izan da.

Antxon Agirre Sorondok kanpaien mundua sakonean aztertu du eta, dioenez, gure artean, betidanik kanpaiek gizarte eta erlijio xede ugaritarako balio izan dute. Gizarte xedeen artean aipagarria da herritarrak hainbat ekitalditara (udalbatzara, besteak beste) deitzeko, herriko festen hasiera (ezkila-hotsa) bezalako albisteak emateko, eta suteren bat edo ondorio txarreko beste gertaera batengatik alarma helarazteko erabiltzen zirela kanpai hotsak. Erlijio xedeen artean, aipagarria da kanpaiak mezetara edo otoitz egitera deitzeko, baita beste antzeko ekintzaren bat deitzeko erabiltzen zirela, baita prozesioei, bataioei, hiletei, gaixoen oleazio eta biderakoei hasiera emateko edo beste albiste batzuk helarazteko, esaterako herritar baten heriotza.

Batzuetan kanpai-jolea eta kulunkaria bereizten dira, lehenak kanpaiak sokarekin jotzen dituelako (zailena) eta bigarrenak, berriz, besoarekin.  Lanbide hau beti izan da berezi samarra, eta horregatik kultura ezberdinetako artean eta literaturan askotan agertu da. Beste lanbide askorekin gertatu den bezala, herri batzuetako plaza edo kale batzuk kanpai-joleei eskaini zaizkie. Umeentzat, izugarrizko kanpaiak mugitzen zituen pertsonaia hori ia magikoa zen, eta horregatik jakin-min eta errespetu handiz begiratzen zieten.

Nahiz eta kanpai-jole zibil edo laikoaren irudia izan den, adibidez udaletxeetan eta kanpaiak zituzten beste eraikinetan lan egiten zutenak, gehienetan lan hori sakristauen ardura izan da, bai elizgizon edo laikoena. Euskal Herrian oso gutxi geratzen dira oraindik jardunean, eta kasu gehienetan ez du inork jarraituko lan horretan, erretiroa hartzen dutenean. Prozedura elektrikoak, hotzak eta inpertsonalak diren arren, oso praktikoak dira, eta badirudi ezinbestez epe labur edo ertainera kanpai-joleak ordezkatuko dituztela.

Eliza