Kanpai-joleak

Oso kasu gutxitan izan ezik, kanpai-joleen lana pertsona sekularrek betetzen bukatu zuten, eta iraganean garrantzi handia izan zuen, ez erlijio elkartean bakarrik, baita herritargoan ere.

Askotan, lanbide hau aitarengandik semearengana pasatzen zen, eta beste lanen batekin batera egitea ere ohikoa zen. Lanbidea beteranoak lanean ikusita eta urte askotako esperientziari esker ikasten zen. Izan ere, beste lanbideetan ez bezala, ezin zen entsegurik egin. Hala ere, lanbide hori ezin zuen edonork menderatu, oso belarri ona izan behar da soinu guztiak ondo bereizteko, eta beharrezkoa bada, kanpai-kolpeen abiadura handitu edo gutxitzeko. Musikari samarrak izan behar ziren, baina soka bakar batekoak bakarrik (kanpaiak jotzekoa). Iraganean dedikazio handiko lanbidea zen (egunero, urte osoan, eta, gainera, egunean hainbat aldiz). Kanpai-joleak izan direnen artean ohikoa da esaera hau: "Berez behar kanpai-jolea".

Oraindik jardunean ari den kanpai-joleetako bat Pako Isasti Irusta da (1929). Elgoibarreko Altzola auzoan, gaur egun 200 bizilagun inguru dituena, oraindik meza egunera ospatzen da bertako elizan. Orain dela lau mende inguru arte ibai-portu garrantzitsua izan zen. Bertara barnealdetik, zaldi bideetatik, Deban saltzeko salgaiak iristen ziren; edo bestela Debatik alderantzizko bidea egiteko. 1846tik aurrera, Altzolako bainuetxe ospetsua zabaldu zenean, urzale ugari hara joaten hasi ziren, eta ondorioz herriak loraldi berri bat ezagutu zuen. Bainu garaiak hiru hilabete irauten zuen, eta egunero bainuetxeko kaperan bertan meza ematen zen.

Pako Isasti meza-mutil hasi zen 6 urte zituela, eta handik pixka batera, bere aitona Jose Irusta Ulaziarekin (1866) batera kanpai-jole hasi zen lanean. Bere aitonak 70 urte bete zituen arte egin zuen lan kanpai-jole, eta 79 urte zituela hil zen. Sakristau eta kanpai-jole lanagatik ez du inolako ordainsaririk jasotzen, baina horren ordez elizak bere etxe batean bizitzen uzten dio. Erlojua mantentzeagatik, Elgoibarko udalak soldata txiki bat ordaintzen dio. Pakok, normala den bezala, inork baino hobeto ezagutzen ditu Atzolako elizan jotzen diren kanpai-deiak. Batzuetan ez ditu kanpai guztiak erabiltzen, eta beste batzuetan, berriz, lau kanpaiak erabiltzen ditu (bana kanpandorreko alde bakoitzeko). Bere lanaz oso harro omen dago.

Pako Isasti IrustaPako Isasti Irusta (1929), gaur egungo Altzolako kanpai-jolea (Elgoibarreko Barrenek utzitakoa).

Laureano Telleria Ordozgoiti (1935) Segurako elizatik oso gertu bizi zen, eta segur aski horren eraginez hasi zen, hamar urte zituela, meza-mutil, mezetan laguntzen. Geroago, Serafin Insausti kanpai-joleari ere laguntzen hasi zitzaion, eta beragandik ikasi zuen lanbidea. 22 urte daramatza kanpandorrean (5 kanpaietakoa) lanean, eta mila aldiz baina gehiagotan igo ditu eliza eta korua banatzen dituen 20 eskailerak baita kanpandorrerainoko beste 126ak ere (oso kiribila eta garaia dena). Iraganean, gainera, iluntzen zuenean, eskuargi baten laguntzaz eta bakarrik igotzen zen, noski.

Kanpai-jole bezala lan egiteagatik eta Segurako erloju bikaina, eskuz egindakoa, zaintzeagatik ez du inolako soldatarik jaso. Hala ere, bere lanbideaz harro hitz egiten du. Oraindik ere jardunean dabil, baina lehen baino askoz ere gutxiago, ia kanpai-dei guztiak mekanizatu egin direlako, betiere Segurako betiko erritmoak mantenduz.

Nahiz eta kanpai-jole kopurua oso handia izan, Jose Inazio Alberdi Egaña azpeitiarrari esker, Pedro Foncueva (1669), Sebastian Kintana (1716) eta Antonio Palaciosen (1775) berri izan dugu. Horiek denak Imanol Elias Odriozolak aipatu zituen Azpeitia historian zehar liburuan (1997an Azpeitiako Udalak argitaratua), baita Jose Inazio Abalia eta Felix Epelde kanpai-joleak ere, XX. mende hasieratik 1980ko hamarkada arte jardunean aritu zirenak.

Kanpai-joleak askotan oso adinekoak izan arte aritzen ziren lanean, eta horregatik gero eta arazo gehiago izaten zituzten kanpandorretako eskailera maldatsuak igotzeko, eta istripu arrisku handiagoa izaten zen. Kasu batzuetan, tximista batek jota ere hiltzen ziren kanpai-joleak, eta horren ondorioz tximistorratzak jarri ziren elizetan. Ekaitz eta konjuruen kontrako kanpai-deiak ondo ez jotzea ere egotzi izan zaio kanpai-joleari, gutxi ordaintzen zitzaiolako nahita gaizki egiten zuela eta.

Enrique Fernandez de GaraialdeEnrique Fernandez de Garaialde, Altsasuko kanpai-jolea, bi kanpai handien artean dagoela, 1976ko uztailean. (Kutxako fototeka).

Lanbide honetan milaka pertsona aritu dira, gainera gizonak izan dira nagusi (emakumeak eliza txikietan eta kaperetan bakarrik aritzen ziren), eta horregatik ezaugarri desberdinetako kanpai-joleak egon dira. Hala ere, askok eta askok bere bizitza lanbidearen arabera antolatzen zuten, eta horregatik, askotan behintzat, pertsona bakartiak izaten ziren.

Kanpai-joleekin zerikusia duten pasadizo ugari daude. Gerraostean debeku ugari izateaz gain, jeneroa kentzea ere oso ohikoa zen. Txerri-hilketak ere debekatuta zeudenez, sekretuan bakarrik egin zitezkeen, poliziaren zelatatik ihesean. Gipuzkoako baserri batean, gau batean txerri bat hil zuten, eta animaliaren ilea erretzerakoan su txiki bat sortu zen. Bizilagun batek sute bat zela pentsatu zuen eta kanpai-jolea abisatu zuen. Honek azkar asko kanpai-deiaren bidez herri osoari jakinarazi zion larrialdia. Baserrira sua itzaltzera agertu zirenen herritarrek, horien artean bi guardia zibilek, ez zuten ulertzen zergatik baserritarrak ez zuen laguntzarik nahi. Behin eta berriz eskerrak ematen zizkien, eta jendea baserritik aldentzen saiatzen ari zen, hilketa egin zuela ikusi eta txerria kendu ez ziezaioten.

Gerra garaiko egoera argi islatzen duen beste datu bat, gudarosteak herri garrantzitsuak hartzen zituenean, kanpai-jole batzuk behartu egin zituzten kanpaiak jotzera.

Emilio OtxandorenaEmilio Otxandorena Lezaungo kanpai-jolea (ezkerrean, zutik), 1990ean (Ion Gutierrez Irigoienek utzitakoa).