Kapelaginak

Kapelaren konfigurazioak funtsezko aldaketak izan ditu denboran zehar, janzteko gainerako arropekin gertatu den bezala. Kapelak egiten espezializatutako artisauek, kapelaginek alegia, erabili dituzten prozeduretan ere aldaketak eman dira. Badirudi jantzi honi herrialde beroetan zuen funtzioetako batetik datorkiola izena (itzala ematea), baina garai eta herri desberdinen arabera erabilera eta gizarte esanahi ugari izan ditu.

Litekeena da Europako kapela antzinakoenak “pétaso” eta “píleo” izenekoak izatea. Lehenengoa greziarrek erabiltzen zuten mendian edo basoan zeudela eguzkitik nahiz euritik babesteko nagusiki; bigarrena, berriz, erromatarren garaian gizon askeek erabiltzen zuten. Kapela ezagunenetako bat lastozkoa dugu, eta horren asmatzaileak txinatarrak izan zirela uste da, eta Txinatik emigranteek zabalduko zuten beste herrialde askotara. Espainian ezagunenak txanbergoa, hiru puntako kapela, gazta erdia, hiru kriseiluko kapela eta kapela luzea ditugu. Beste alde batetik, emakumezkoentzako kapela modeloak ugariak dira oso, eta emakume jantzien artean kapelak dira aldaketa handienak izan dituztenak.

Euskal Herrian burua estaltzeko jantzi erabiliena txapela izan da, baina tradizioz alkate eta zinegotziek kapa eta kapela erabiltzen zuten. Era berean, gizarte talde aberatsenek beste klaseetatik bereizteko ikur gisa kapela janzten zuten, garai bakoitzeko modaren araberako kapela jantzita, eta batez ere frantziar eta ingelesak imitatuta. Pentsa liteke kapelak egitea eta saltzea garrantzi handiko lana izango zela; izan ere, hainbat kale eta plazaren ikonografia begiratuz gero, Bilboko “Sombrerería” izeneko kalea aurki baitaiteke esaterako. Etxe izen batzuk ere jarduera honekin zerikusia izango zuten, nonbait, besteak beste, Elgoibarren “Sobreroguingua” izenez ezaguna dena (A.H.P.G.O. L1-1788, 164. orrialdea).

Kapelagintzan espezializatutako artisauen lehenengo gremio-estatutu ezagunak Baionako Kapelaginen Elkartearenak dira, 1620. urtekoak hain zuzen ere. 1697. urtean Henri Sahuc kapelagin ofizialak maisu maila lortzeko proba gisara “kapela bat egin behar izan zuen libra bat artile frisorekin, kardatua eta arkurik gabea, eta beste libra bat ligio frisiorekin, erdileuna”. Maisuek kapelagin berriak onartzearen aurkako inpugnazio ugari aurkeztu zuten “Baionako kapelagin maisuen pribilegioak errespetaraztea beharrezkoa zela” argudiatuta.