Koadernatzaileak

Koadernatzaileak dira, era askotako teknikak erabiliz, orri, plegu edo orri multzo idatziak azal bati josten edo itsasten dizkiotenak. Era horretara liburuak osatzen dituzte, hau da, orri multzo konpaktuak, haiek hobeto kontserbatzeko eta maneiatzeko. Batzuetan beren lanak benetako artelanak izaten dira.

Koadernaketa formarik errudimentarioenetakotzat jo daitezkeen lehen aipamenak Greziatik datozkigu, kristau aroa baino mende batzuk lehenagotik. Garai hartan larruzko bilgarri moduko batzuk egiten omen zituzten papiro, pergamino edo bitela erroiluak babesteko, horiek bildu eta uhal bat zuekin lotuz. Baina, lehen koadernaketak, berez koadernaketa hitza erabiltzeko modukoak, pergamino edota bestelako larruz estaltzen ziren koadernoak izaten ziren. Baina horiek tximurtu egiten zirenez, oholezko azalak egiten hasi ziren lehenbizi eta gero kartoizkoak. Horrela egitean artistek aukera izan zuten azal horiek benetako artelanekin apaintzeko.

Antzina-antzinatik koadernaketak, duela gutxira arte azal-joskintza ere deitzen zitzaion jarduerak, zerikusi handia izan zuen inprimatzaileekin.

Lanbide honetan ere etengabea izan da bilakaera, zientzia eta teknologiaren aurrerakuntzaren ondorioz; aurrerakuntza horietan nabar-menena paperaren erabilera izan da. Oso eragin handia izan du, berebat, giza klase nagusiek garaian garaiko estiloekin bat datozen artelanak sortzeko izan duten gogoak.

Azken hamarkadetan, teknologiaren aurrerakuntzen ondorioz, batez ere informatikak izan dituenen ondorioz, asko jaitsi da artisautza tradi-zionaleko koadernatze lanen eskaera. Ondorioz, lanbide honetan aritu izan diren profesionalek beren ezagupenak erabiliz beste produktu batzuk egitera jo behar izan dute.