Kontratuak

Organoak egin edo konpontzeko kontratuak oso ohikoak dira organogile eta parrokien artean. Adibide gisa, XVIII. mendeko bi kontratu aipatuko ditugu.

 

Elgoibarko parrokia-eliza

1731. urtean, Elgoibarko Udalak organoa konpontzea erabaki zuen eta lan hori egiteko Antonio Baltzategi organogileari deitu zion. Organogileak teklatu berria, sekretua eta beste pieza batzuk jarri behar zituen, eta lana urte hartako gabonetarako amaitu behar zuen.

Teklatu berria ezpel egur finez egindako izan behar zen, 45 tekla eta zegokion murriztapenekin. Horrez gain, organoari hainbat erregistro berri gehitu behar zitzaizkion. Bestalde, sekretua intxaurrondo egurrezkoa izan behar zen, ondo ahokatutako bi piezez osatua. Horretarako beharrezkoak ziren egurrezko ohol guztiak erabili behar zituen organogileak, horrela airea behar bezala gidatu eta inolako aire-jariorik ez izateko. Halaber, txirimiaren erregistroa, korneta-oihartzunak, puntu bakoitzeko hiru hodiak eta zibala-estalkia behar bezala jarri behar zituen.

Bestalde, horrez gain, txirimiaren ondoan hainbat korneta jarri behar izaten ziren. Korneta horiek organoaren fatxadara heldu behar izaten ziren. Horrez gain, haizemaile itxurako hiru hauspo, 3 oineko zabalera eta 6 oin eta erdiko luzerakoak, egin behar ziren, baita bakoitzari zegokion leihoa eta leiho-atea. Bi elementu horiek barnean forratuta joan behar ziren, eta altxatu ahal izateko euskarri nahiz palankak jarri behar ziren. Hauspoak oso ondo ahokatu behar ziren, arratoiek jan ez zitzaten.

Organoaren gainontzeko piezei zegokienez, dena ikuskatu behar zen eta akatsen bat topatuz gero, konpondu egin behar zen. Horrez gain, organogileak kontra izeneko zortzi hodi edo tutu egin eta jarri behar zituen, bakoitzaren sekretu eta mugimenduekin.

Bigarrena, diru-kopuru berekoa, lana hasi eta urtebetera, eta hirugarrena, geratzen zen dirua, lana hasi eta bi urtetara. Horrez gain, Antonio Baltzategi eta bere ofizialak lanean zeuden bitartean, parrokiak mantenua ematen zien denei.

Konponketa guztiak egin ondoren, organogileak bi aldiz gozatu zuen instrumentua, horrela perfektu gera zedin. Besteak beste, 40 libra eztainu erabili zituzten eta 8 egun behar izan zituzten konponketa guztiak egiteko. Konponketa guztiak ikuskatu eta lana tasatzeko, Santiago Erdoiza izendatu zuten.

Santiago Erdoiza Elorrioko parrokia-elizako onuraduna zen, baita organo-jole aditua ere. Honek, zinpean (eskua bularrean jarrita), konponketa-lanak ezin hobeak zirela adierazi zuen, eta organoak soinu bikaina zuela.(1)

 

Aretxabaletako parrokia-eliza

1779an, Aretxabaletako parrokia-elizak organoa konpondu eta berritzea erabaki zuen, eta ondorioz, lan horretarako baldintzak jarri zituen.

Lehenbizi sekretu nagusia konpondu behar zen, baita bere lapa, erregistro eta leihoak, pultsuan irekitako 45 ildoekin. Halaber, erregistroei falta zitzaizkien tutuak egin behar ziren, baita xirula-hodia, zortziduna, hamabiduna, hamabostuna, zinbala, errege-tronpeta, korneta, turuta eta dultzaina.

Horretarako, garraio-oholak eta txantiloi guztiak handitu behar ziren. Horrez gain, hiru tekla gehiago jartzeko, hiru kanal berri ireki behar ziren.

Errege-tronpeta kaxaren bi aldeetan jarri behar zen, beste tokiren batean jartzen bazen, gero ezin baitzen gozatu. Horregatik, garraio-ohol bat egin behar zen, bere eskuaira eta guzti, errege-tronpetak, panderete eta guzti bertan finkatu eta beharrezkoa zenean ondo kokatzeko.

Halaber, organoaren tutu guztiak eta fatxada garbitu eta instrumentua gozatu behar zen. Hoditeri eta fitadun tutuak, kanilak eta malgukiak leundu egin behar ziren, metal eta ziri berbereak berrituz.

José Antonio Aipiaiu Gómez José Antonio Aipiaiu Gómez.

Aditu batek koroko atean hiru hauspo jarri behar zituen, bata bestearen gainean. Hiru hauspo horiek jartzeko gastuak parrokiak ordaindu zituen. Hala ere, maisu organogile hark hiru hauspoak konpondu behar zituen: larrua, kapirutxo, ingulete, bihotz, ate eta leiho guztiak aldatu behar zituen, baita hodi nagusira lotuta zeuden hodi handi eta txikiak ere.

Bestalde, organo hari erregistro berri bat gehitu behar zitzaion, ezkerreko eskuko basoitxoa, fatxadan bere garraio-ohol gainean jarri behar zena. Gero  burdinazko barradun balkoitxo bat egin behar zen, dena bere lekuan ondo mantentzeko. Horrez gain, eskuineko eskuko erregistro berri bat ere gehitu behar zen, kanpainako korneta. Erregistro hori basoitxoa bezala jarri behar zen fatxadan.

Lan hori guztia urte hartako gabonetarako amaitu behar zuen. Lanaren ikuskatzaileak frai Jose de Agirre, Arrasateko San Frantzisko komentuko maisu organojolea eta Oñatiko Domingo Arrazola maisu organogilea ziren.

Ordainketak bi modutan egin nahi ziren: kontratua sinatzerako orduan 1.500 erreal ordaindu zitzaizkion organogileari, eta gainontzekoa gari anegetan ordaindu behar zitzaion, handik urtebetera.

Jose Agirrek lanak ontzat eman behar zituenez, gutun bat idatzi zuen parrokiara, organoa behar bezala geratzeko egin behar ziren beharrezko konponketak zein ziren esanez.

Bere ustetan, bi fita-erregistro gehitu behar ziren, eskuineko eskuan oboe bat, eta ezkerreko eskuan txirimia jarri eta dultzaina kendu behar zen.

Organoa dotoreago gera zedin eta ahotsak belarrira atseginagoak izan zitezen, kaxa hiru laudun inguru igo behar zen, azken erremate edo amaierako ganga jo arte. Horregatik, beharrezkoa zen teklatua ere altuera horretara jaistea, eta erregistroak, bere 10 burdinazko beso eta ardatz eta guzti, maisu organogileak egin behar zituen.  Bi agindu horiek betetzen bazituen, lanaren zenbatekoari (5.050 erreal) beste 200 gehituko zitzaizkion. Halaber, erabaki zen dultzaina zaharra organogile-maisuari emango zitzaiola. Jose Agirreren ustetan, konponketa horiek egiteko gai zen pertsona gaituena Andres Gasparini zen. Gainera kontuan izan behar zen lan hori beste maisu ospetsu batek ikuskatuko zuela.

Agirre fraile eta organogilearen aholkuei jarraiki, Andres Gasparini maisua kontratatu zen. Honek konponketa guztiak 1780ko ekainerako amaitzeko konpromisoa hartu zuen, eta lanaren 5.200 errealak era nahiko berezian kobratu zituen. Kontratua sinatu zuen momentuan Aretxabaletako herritarren artean bildutako 1.600 erreal ordaindu zitzaizkion. Lanak hastean, 6 anega gari, eta aipatutako diru-kopurua bete arte, urteko 10 anega gari.(2)

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Jose Inazio Alberdi Egañari, Azpeitiko organogile-maisuei buruzko aditua, lan hau egiteko informazio ugari eman baitigu.

 

(1) G.P-A.H. L-1-1674, 163. orria.

(2) G.P.A.H. L-1-936, 88. orria.