Krisia

XVI. mende bukaeran, artaziak eta aiztoak ekoizten zituzten Euskal Herriko artisauak krisi egoera batean sartu ziren, XVIII. mendean zehar ere jarraituko zuena, eta, horren ondorioz, gutxika, beren garrantziak eta lanak behera egin zuen.

Aldaketa horiek Espainiako garai hartako monarkiak jasan zuen gainbeherarekin batera gertatu ziren. Garrantzizko beste alderdi bat gaineratu behar zaio horri, hain zuzen ere, meatzeak agortzen ari zirenez, Arrasateko altzairu sonatua lortzeko behar zen bezalako minerala gero eta urriagoa zela eta, horren eraginez, lehengaiaren prezioak gora egin zuen eta harekin egindako materiala ere garestitu egin zen. Hori dela eta, Espainiako merkatuan –eta Euskal Herriko artazigileek eta aiztogileek ekoitzitako produktuen norako adierazgarriena hori bera zen- areagotzen ari ziren kanpotik ekarritako produktuen aurrean lehiakor izateko ahalmena ere galdu egin zuen. Egoerak okerrera egin zuen, Alemanian garai horretan bertan, burdina eraldatuz altzairua lortzeko prozedura asmatu zutenean.