Kronometratzaileak

Berrogeita hamarrekoaren lehen urteetan, serieko fabrikazioarekin batera berrikuntza asko etorri ziren lantegietara. Besteak beste, kronometratzailearen figura agertu eta zabaldu zen enpresa askotara, produkzioa baliabide berririk gabe areagotu beharrak eraginda, murrizte eta kupoen garai hartan ez baitzen erraza baliabide berriak aurkitzea.

Kronometratzaileen eginkizuna operazio jakin baterako behar zen denbora zehaztea zen. Horretarako kronometro batez baliatzen ziren. Taula batean paper orri bat jarri eta eskuan kronometroarekin lekuan lekuko denborak jasotzen zituen eta lan egiten ari zenaren jarduera ebaluatzen. Gero kalkulu erregela batekin azken eragiketak egiten zituen lanaren atal bakoitzaren denborak zehaztuz. Teorikoki, langilearen lanerako borondatea (erritmo handiagoa edo txikiagoa) edonolakoa izanda ere, jarduera bat neurtzerakoan "ohiko denbora"k berdina izan behar zuen langile batetik bestera. Kronometratzeak "gutxiengo errendimendu"a finkatzeko aukera ematen zuen, hau da, orduko egin behar ziren operazio kopurua zehazteko. Hortik behera zebiltzan jarduera guztiek zigorra merezi zuten. Baina batez ere prima edo honenbestekoa (operazio edo piezako honenbestekoa) zehazteko balio zuen, eta bidenabar era horretara lan egiten zuen langilea motibatzeko.

Kronometratzeak etengabe egiten ziren, dela laneko metodoak aldatzeko dela pieza berrien produkzioari ekiteko, edota batzuetan makina berriak erosteko. Kronometratzeak egiten zirenean sarri jotzen zen pikarokerietara ere, langileek beren artean adosten baitzuten nola egin lana, primak edo honenbesteko handiagoak lortzeko.

KronometratzaileaHorrela ikusten du Julen Zabaletak kronometratzailea.

Bedaux metodoa izan zen kronometratze sistemarik hedatuena; hala, prima edo honenbestekora lan egiten zutenei "Bedaux langile" deitzen zieten askotan. Azken finean, mendearen lehen urteetan Taylor-ek egindako lanak perfekzionatzeko sisteman oinarritzen zen kronometratzea. Gero "Zentesimal" izeneko sistema sartu zen. Eta neurri apalagoan bada ere, MTM (denbora zehaztuak) sistema ere erabili zen.

Kronometratzaileak estimu profesional handiko eta nortasun tinkoko langileen artean aukeratzen zituzten. Nolanahi ere, kronometratzaileek emandako denborak ez ziren ondo onartuak izaten, horiek finkatutako denboraren eta langileen iritziz behar ziren denboraren artean alde handiak ateratzen zirelako.

Kronometratzaileen ordainsaria antzeko kualifikazioa zuten langileena baino handiagoa izaten zen.