Kulata

Kulata egiteko intxaur egurra erabili ohi da, nahiz batzuetan pago egurra izaten den. Duela hamarkada gutxi arte, zuhaitzak aukeratu, erosi, bota eta lehortu egin behar izaten zituzten erabili aurretik (honek guztiak oso denbora luzea eskatzen zuen). Gaur egun hirugarrenei erosten zaizkie, are amaitutako kulata bera ere. Esate baterako José Mutiloa, S.A. enpresa eibartarra eginkizun horretan espezializatu da (eskopeta, karabina eta aurrekargakoetarako).

Kaxagin edo kulata-egileek ohol bat hartu eta nahi duten neurrian mozten dute, zerra erabiliz, egin behar duten pistolaren arabera betiere. Horrela ateratako pieza tornuzil batean jarri eta janez joaten dira, arbastatzeko hortzak eta arrabota erabiliz, lortu nahi dituzten formak egin arte.

Kaxaren aurrealdea, kanoiari eutsiko diona, modu berean egiten dute, armaren zati hau kokatuko den hutsune bat prestatuz fresatzeko makina batean. Hutsune hori egiteko txantiloia kanoia bera izan ohi da; gero gubiaz eta trintxaz egokitzen dute.

Pistola baten piezak eta bere osagaietako batzuen deskripzioaPistola baten piezak eta bere osagaietako batzuen deskripzioa. Julen Zabaletaren marrazkia.

Hurrena zuloa prestatzen da, pletina eta tiro egiteko mekanismoa jartzeko; horretarako, pieza bera erabiliz, egurraren gainean markatzen da profila, eta beharrezko jangune guztiak egiten dira mekanismo bakoitza bere tokian ondo egokitu dadin. Lan honetan gubia eta trintxa erabiltzen dira, eta baita katua eta tiro egiteko beste piezak kokatuko diren zuloa egiteko ere. Azkeneko eginkizuna kaxaren gainazal osoa eskuz leuntzea da, nahi dugun akabera lortu arte, segidan txaroleztatu edo bernizatzeko, hain zuzen kulatei erakargarriago egingo dituen distira iraunkorra ematearren.

Batzuetan, txaroleztatze edo bernizatzearen ordez linazi-olioz eman bainu bat izaten da. Kanpoan lehortu eta gero (bizpahiru egun beharko ditu), zapi batez igurtzi behar da, “distira ateratzeko”. Lan hau bizpahiru aldiz egin ostean, kopiatu nahi diren pistola originaletako kulatetako egurraren ezaugarriak nabarmenarazten dituen kolorea lortzen da.

Tiro egiteko mekanismoa, pletina, giltza edo txinparta deitua, nahikoa konplexua da egiten, eta garrantzi itzelekoa inolaz ere armaren funtzionamendurako. Beste zati batzuek ere bere zailtasunak izaten dituzte, baina eskarmentuaz, beste espezialista batzuen eskarmentuaz zenbaitetan, ongi bideratzea lortzen da.