Kupel begi salomonikozko laztabina

Egurra lantzeko erabiltzen den tresnetako bat kupel begi salomonikozko laztabina da. Seguru asko izena kupeletan likidoak sartu eta irteteko zuloak erabiltzen zelako datorkio, baita tresna kiribila delako ere.

Batez ere 10 mm baino diametro handiago duten zulatzeko makinetan erabiltzen bada ere (kasu horretan eskuz biratzen da), langetak zulatzeko ( trenbideko errailak lotzeko) ere erabiltzen denez,  nahiko erreminta ezagun bihurtu da.

Kupel begi salomonikozko laztabina barra bat da, laztabinaren tamainaren arabera diametro zabalagoa edo estuagoa duena. Lehen aipatu bezalaxe, forma kiribila du eta ertz batean buru lodi bat du, erdian zuloa duena. Zulo horretan sartzen da zeharka egurrezko kirtena, horrela erreminta lotzeaz gain, bi eskuekin biratu ahal izateko.

Usadioz, kupel begiko laztabinak errementariek egiten zituzten. Horretarako, tresna egiteko neurri egokia zuen barra borobil bat hartu eta sutegian berotu ondoren, ingude gainean barraren ertz bat mailuz kolpatzen zuten, ertz laua edo paleta egiteko. Berriz sutegian berotu eta tornuzil batekin lotu ondoren, paleta eskuz okertzen zen, jarraian karraka eta harri urratzaile batekin ertz baten ahoa egiteko. Piezak nahi zen forma hartzen zuenean, berriz ere sutegian berotu eta berehala uretan hozten jartzen zen.

Gaur egungo industrian, burua eta paleta estanpazio bidez egiten dira, baina kiribil salomonikoa, usadioz bezala, oraindik ere eskuz egiten da.

Horretarako, paleta labe txiki batean berotzen da, gori-gori jarri arte. Jarraian, ingude txiki baten gainean jarri eta eskuz, mailu batekin kolpatzen da, horrela ertz batean bi koska egiteko.

Ertz bat tresna biratzaile batean lotzen da, eta tresna hori ontzi baten lema antzeko batera dago lotuta. Beste ertza barra inmobilizatzeko zirrikitu finko batean sartzen da, eta jarraian paleta birarazten da lema antzeko gurpila biratuz, eta ondorioz, paleta kiribilduz.

Errementariak gurpila biratzeaz gain, kiribila nola osatzen den ere kontrolatu behar du, beti berdina edo uniformea izan behar baita. Askotan, piezaren zabalera eta beroketa uniformeak izaten ez direnez, kiribila ere ez da uniformea izaten. Kasu horretan, ondo kiribilduta dagoen atalari gainetik ura botatzen zaio poto batekin, horrela hoztu eta behin-betiko kiribila eskuratzeko. Jarraian, gainontzeko atala berriz kiribiltzeari ekiten zaio.

Artisau-prozesua menderatzeko trebetasun eta ezagutza handia behar badira ere, errementari batek, eskarmentu handia badu, laztabin bakoitza 30 segundotan egin dezake.

Kupel begi salomonikozko laztabinaren fabrikazio-prozesuaKupel begi salomonikozko laztabinaren fabrikazio-prozesua.

Jarraian, laztabina berriz ere berotu eta ingude gainean mailuz kolpatzen da, ertzeko kiribilari forma emateko. Jarraian kiribila zorroztu egiten da.

Estanpazio bidez egindako burua soldadura bidez lotu eta gero, pieza osoari tratamendu termikoa ematen zaio.

Prozesua automatizatzeko saiakerak egin badira ere, zaila da piezei behar bezalako forma ematea. Horrez gain, artisau-prozesuak, azkarra izateaz gain, emaitza onak ematen ditu (esan beharra dago langilearen trebetasuna erabakigarria dela), eta eskaria gero eta apalagoa denez, erreminta hori batez ere iraganeko sistema berak erabiliz egiten da oraindik.

 

Oharra: Gure eskerrik beroenak Jose Antonio Azpiazuri, XVI. mendeko Deba haraneko industria eta merkataritzan aditua, lan hau egiteko informazio ugari eman baitigu.